Datorren asteko estreinaldiak

Historiako erreginarik miretsiena

Queen taldearen gaineko pelikula biografikoa da 'Bohemian Rhapsody'. Rali Malek aktoreak du rol protagonista

Rami Malek, Joseph Mazzello, Ben Hardy eta Gwilym Lee aktoreak, Queen taldea antzezten. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Ez da abesti huts bat; musikaren historiaren laburpen moduko bat dela esaten ahal da. 1975. urteanentzun ahal izan zen Bohemian Rhapsody lehen aldiz, Queen taldearen A Night at the Opera disko luzearen barruan zegoen kanta.

Sarreratxo bat, opera pasarteak, gitarraren bakarkakoa, rock doinuak... hori guztia eta askoz ere gehiago sartzen da berehalako arrakasta lortu zuten sei minutu ahaztezin horietan. Bederatzi astez Britainia Handiko zerrendetako lehen postuan egon zen, eta postu berera itzuli zen Freddie Mercury hil ondoren.

Aukeraketa zaila bada ere, beharbada Queen taldearen abestirik enblematikoena da Bohemian Rhapsody. Futbola edo iragarkiak direla medio, badira ezagunagoak egin diren Queenen beste kantu batzuk, baina hura da taldearen izaera hobekien laburbiltzen duena. Horregatik, Queeni buruzko pelikulari izenburu hori jarri behar izan diote, Bohemian Rapsody.

Arazo franko

Freddie Mercuryri buruzko pelikula egitea zen hasierako asmoa, baina gaur egun Queen marka kudeatzen duten Brian May eta Roger Taylor musikariak ez zeuden batere ados ideiarekin: taldeari buruzko film bat nahi zuten haiek. Azkenean halaxe izan da, baina, normala denez, Mercuryrena da pelikulako protagonismo handiena.

Hain zuzen, horixe izan da filmak izan duen beste gatazka iturrietako bat. Izan ere, hasieran Sacha Baron Cohen aktoreak egin behar zuen kantariarena, hala zegoen aurreikusita eta hala iragarri zuten. Kontua da Mayk eta Taylorrek ez zutela aukeraketa hori batere ongi ikusi, uste baitzuten aktorea oso erregistro komikoekin lotuta zegoela. Berriro ere, bion iritzia garaile atera, eta, azkenean, Rami Malek izan da Freddy Mercuryren rola jokatu duena.

Polemikak ez ziren amaitu aktorearen hautaketarekin. Bryan Singer izan zen pelikula zuzentzeko aukeratutako zuzendaria, eta zeregin horretan hasi zen. Baina, filmaketa amaitzeko bi aste falta zirela, Singer kaleratu zutela iragarri zuen ekoiztetxeak. Haren ordez, Dexter Fletcherrek bukatu zuen pelikula.

Kaleratzearen inguruan bertsio bat baino gehiago ezagutarazi dituzte. Hainbat hedabideren arabera, Bryan Singer eta Rami Malek aktorearen arteko liskarrak izan dira arrazoi nagusia. Zuzendariak, ordea, beste azalpen bat eman du, eta ongi justifikatutako osasun arazoak aipatu ditu.

Polemikak polemika, Bohemian Rhapsody 1970. urtean sortu zen rock talde ospetsuaren gaineko pelikula biografikoa da, eta bertan historia oparoaren pasarte nagusiak bildu dituzte: taldearen sorrera eta garapena, Freddy Mercuryk izan zituen urte ilunak, Live Aid jaialdian taldeak egin zuen itzulera gogoangarria, kantariaren gaixotasuna...

'BOHEMIAN RHAPSODY'

Zuzendaria. Bryan Singer eta Dexter Fletcher.

Aktoreak. Rami Malek, Joseph Mazzello, Ben Hardy, Gwilym Lee, Lucy Boynton.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018.

Iraupena. 134 minutu.

Generoa. Drama. Biografia.

Asteazkenean estreinatuko dute Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.