Datorren asteko estreinaldiak

Harry Potterren errautsetatik

Lehenengo filmaren arrakasta handiaren ostean, bigarren atalera iritsi da 'Fantastic Beasts' saila. Johnny Deepekin batera, Jude Law aktorea ariko da atal honetan

Lehen aldiz, J. K. Rowlingek filmetako gidoiak idazten parte hartu du. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Newt Scamander izenpean argitaratu zuen 2001. urtean Fantastic Beasts and Where to Find Them liburua. Egilea ezezaguna zen, baina ez zen aztia izan behar izen horren atzean J. K. Rowling bera ezkutatzen zela asmatzeko. Besteak beste, eleberri horretan kontatzen zena estuki lotuta zegoen Harry Potterren unibertsoarekin eta han agertzen ziren pertsonaiekin.

Horregatik, ez zen batere harritzekoa izan behin Potterren sail zinematografiko luzearekin amaituta, alegiazko animalienarekin beste bat hastea. 2011n gertatu zen Harry Potter eta lagunen heriotza zinematografikoa, bi zatitan eman zuten Harry Potter and the Deathly Hallows filmen bitartez. Bost urte geroago, berriz, Fantastic Beasts and Where to Find Them ailegatu zen, Potterren oinordeko zuzena zena.

Sail berriak nola funtzionatuko zuen zalantzak bazeuden ere, egundoko arrakasta lortu zuen lehenengo film horrek: 180 milioi dolarreko (156,9 milioi euro) aurrekontua zuen, eta 800 baino gehiago (697,7 milioi euro) bildu zuen mundu osoan. Oro har, kritikak ere onak izan ziren, eta sariak ere bildu zituen: Britainia Handiko BAFTA sarietan ekoizpen diseinu onenaren saria irabazi zuen, eta Oscar sarietan, berriz, janzkera onenarena.

Zuzendari lanetan, Potter frankizia ezin hobeto ezagutzen zuen zinemagile bat zegoen, David Yates. Haren eskutik etorri ziren Harry Potterren azken filmak, 2007ko Harry Potter and the Order of the Phoenix-etik hasi eta arestian aipatutako Harry Potter and the Deathly Hallows-ekin bukatuta.

Rowling, gidoilari

Dena den, Fantastic Beasts sailak beste berezitasun bat du. Izan ere, lehen aldiz J. K. Rowling berakidatzi ditu filmetarako gidoiak. Interpretazio lanetan aktore gazteak eta beteranoak uztartzen ditu sail berriak. Ezagunen artean, Colin Farrell, Samantha Morton eta Jon Voight agertzen ziren lehen filmean. Rol protagonistak, berriz, Eddie Redmayne eta Katherine Watersonentzat dira.

Bada beste aktore ezagun bat Fantastic Beasts-eko lehen filmean parte hartu zuena: Johnny Deep. Gellert Grindelwaldena egiten zuen, eta bigarrenerako ere harekin kontatzen zuen zuzendariak. Kontua da azken hilabeteotan Deppen inguruan agertu diren albisteek zalantza sortu zutela, haren rola mantendu ala ez. Azkenean, baina, Depp bigarren honetan ere mantentzea erabaki dute. Hari erreplika emateko beste aktore ospetsu bat fitxatu dute: Jude Law.

Fantastic Beasts: The Crimes of Grindelwald-eko istorioak lehenengo filma bukatu zen lekuan hasiko da: Gellert Grindelwald magoak ihes egin du, eta jarraitzaileak biltzen hasiko da. Hari aurre egiteko, Albus Dumbledorek Newt Scamanderrengana joko du, laguntza bila. Horrek misioa onartuko du, ongi jakin gabe zeintzuk diren aurrean izanen dituen arriskuak.

'FANTASTIC BEASTS: THE CRIMES OF GRINDELWALD'

Zuzendaria. David Yates.

Aktoreak. Eddie Redmayne, Jude Law, Katherine Waterston, Johnny Depp, Zoe Kravitz.

Herrialdea. Britainia Handia.

Urtea. 2018.

Iraupena. 134 minutu.

Generoa. Fantasiazkoa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian; eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.