Datorren asteko estreinaldiak

Familia miseriak agerian, Japonia ustez zuzenean

Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen Koreedak 'Manbiki Kazoku' filmarekin

Baliabide handirik ez duen Japoniako familia baten gorabeherak kontatu ditu Koreedak filmean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Urte askotan etorri izan da Donostiara Hirokazu Koreeda. Aurten ere ez du huts egin zinemagile japoniarrak; bisitaldi berezia izan zen, ordea, ez baitzen pelikula bat aurkeztera etorri, ezta Urrezko Maskorraren bila ere. Donostia saria jaso zuen Koreedak.

Modu horretan saritu nahi izan zuten azken urteotan Zinemaldiarekin izan duen fideltasuna. Dena den, sari horrek bazuen bestelako esanahia, beste mugarri bat jarri baitu japoniarrak: Cannesko Urrezko Palma irabazi du aurten.

Manbiki kazoku izan da Koreedari munduko zinemaldien arteko saririk gutiziatuena eman diona. Hainbatetan hartu izan du parte Cannesen, eta 2013an epaimahaiaren saria jaso zuen, Soshite chichi ni naru filmarekin. Ordutik bost urte pasatu ondoren, sari nagusia irabazi du zinemagileak.

Ohi bezala, film berrian familia kontuei zuzendu die begirada. Baina, oraingoan, ohi baino lehorrago aritu da, sentiberatasunari tarte gutxi utzita. Familia arrunt baten istorioa da, ez dute baliabide handirik, baina aurrera egiteko moldatzen dira. Baina sekretu bat ezkutatzen dute itxurazko bizimodu normal horren atzean: aspaldian hildako gurasoen erretreta saria jasotzen segitu dute, ilegalki.

Japoniarrak oso zuzenak diren ustea zabaldua dago, eta egiazki hala izan ohi da. Hala ere, herrialde horretan nahiko zabaldua omen dago familiakoek hildako pertsonen erretiro saria kobratzen segitzearen amarrua. Koreedak aspaldi izan zuen horren berri, eta hura ikertzen hasi zenean film baterako gai interesgarria iruditu zitzaion.

Japoniako Gobernuari, nonbait, ez zaio askorik gustatu herrialdeaz eman duen irudia; zinemagileak adierazi du Cannesen saria jaso ostean ez duela gobernuaren partetik inolako zorion mezurik jaso.

Europara salto

Ibilbide luzea egin du Koreedak. Hainbat dokumental egin ostean, 1995ean egin zuen lehen filma, Maborosi izenekoa. Horrekin, Zilarrezko Lehoia irabazi zuen Veneziako zinemaldian, eta sari hark balio izan zion bere burua ezagutarazten hasteko.

Gerora etorri ziren kalitatezko filmografia osatu duten beste film batzuk: Wandafuru raifu—Donostiara lehen aldiz ekarri zuena—, Dare mo shinarai, Aruitemo, aruitemo, Kiseki, Umichari Diary...

Ibilbide horrek Japoniako zuzendaririk ezagunenetakoa bihurtu du, baita sorterritik kanpo ere. Takeshi Kitano pantaila handitik desagertuta, Koreedarenak dira Europako areto komertzialetara maiztasunez ailegatzen diren Japoniako pelikula ia bakarrak.

Orain, Cannesen sari nagusia irabazi ondoren, erronka berri bati ekinen dio zinemagileak: lehen pelikula filmatuko du Europan; Frantzian, hain zuzen ere.La verité du izena esku artean duen proiektuak, eta, horretan, aktore ezagunak izanen ditu bidelagun: Juliette Binoche, Ethan Hawke eta Catherine Deneuve, besteak beste.

'MANBIKI KAZOKU'

Zuzendaria. Hirokazu Koreeda.

Aktoreak. Kirin Kiki, Sosuke Ikematsu, Lily Franky, Moemi Katayana.

Herrialdea. Japonia. Urtea. 2018.

Iraupena. 121 minutu.

Generoa. Drama.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.