Datorren asteko estreinaldiak

Erabateko surrealismoan murgilduta

Jose Luis Cuerda zuzendariak 'Amanece que no es poco'-n oinarrituta dagoen filma egin du: 'Tiempo después'

Aktore ezagun askok parte hartu dute Cuerdaren filmean, besteak beste, Arturo Vallsek. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
30 urte joan dira jada Amanece que no es poco filma estreinatu zutenetik. Jose Luis Cuerda zuzendari espainiarraren hirugarren film luzea izan zen komedia hori; eta, estreinatu zutenean, ez zuen arrakasta handiegirik lortu. Bi urte lehenago, El bosque animado egina zuen Cuerdak, eta, haren aldean, Amanece que no es poco nolabaiteko porrot komertziala izan zen.

Baina, batzuetan, filmen iraupena ez da estreinaldiaren inguruko asteetara mugatzen. Amanece que no es pocok zale gutxi, baina porrokatuak, bildu zituen, eta horien inguruan komunitate moduko bat sortuz joan zen. Urtetik urtera, handituz joan den komunitatea, gainera.

Horiek horrela, kultuko filma izatea lortu zuen filmak. Zale horietako askoren ustez, mundua pelikula hori zoratzeraino maite dutenen eta ulertzen ez dutenen artean erdibituta dago.

Oraindik ere, film horrekiko zaletasun ia obsesiboak indarra dauka: batzuek urtero ikusten dute; beste batzuek buruz dakizkite elkarrizketa guztiak; eta hainbatetan ordu txikietako proiekzioak egin izan dira herri txikietako elkarteetan, herritar guztien aurrean.

Film guztiz surrealista da Cuerdak egin zuena; Albacete (Espainia) sorterrian filmatu zuen bere lehenengo pelikula. Zuzendariarena bezainbeste aktoreena da arrakastaren gakoa. Izan ere, garai hartako aktore espainiar ezagun askok hartu zuten parte filmaketan: Antonio Resines, Chus Lampreave, Guillermo Montesinos, Luis Ciges, Jose Sazatornil...

Horren ostean, Cuerdak segitu du pelikulak egiten: batzuek kutsu surrealista zuten —Así en el cielo como en la tierra-; beste batzuek, berriz, Espainiako historia iluna izan dute mintzagai —La lengua de las mariposas edo Los girasoles ciegos—. Horietako batek edo bestek arrakasta komertziala izan duen arren, oraindik ere Amanece que no es poco lanarekin lotuta segitzen du Cuerdaren izenak.

Segida espirituala

Horregatik guztiagatik, ez da harritzekoa 30 urte pasatu direnean, film horren jarraipen moduko bat egin izana. Izatez ez da jarraipena, pertsonaiak eta egoerak desberdinak direlako, baina «segida espirituala» dela adierazi du zuzendari espainiarrak.

Istorioa Cuerdaren beraren liburu batean oinarrituta dago, eta 9177. urtean dago girotuta. Mundu osoa txikituta gelditu da, eta eraikin bakar bat da hondamenditik salbatu dena. Bertan, Jose Maria bizi da, pertsona idealista, bestelako mundua oraindik ere posible dena uste duena.

Baina Jose Maria ez da eraikinean bizi den pertsona bakarra. Errege bat, Guardia Zibileko jeneral bat, Askapen teologia babesten duen fraide bat, alkate bat, bi bizargilek bat eta beste pertsonaia bitxi batzuk bizi dira bertan.

Argi dagoenez, Tiempo después-en istorioak ez du garrantzi handiegirik, jatorrizkoaren moduan egoera surrealistetan oinarritzen den film sailkaezina baita. Oraingo honetan ere, aktore ezagun askok hartu dute parte filmean: Roberto Alamo, Antonio de la Torre, Blanca Suarez, Gabino Diego eta Eva Hache, besteak beste.

'TIEMPO DESPUéS'

Zuzendaria. Jose Luis Cuerda.

Aktoreak. Blanca Suarez, Roberto Alamo, Arturo Valls, Miguel Rellan, Carlos Areces.

Herrialdea. Espainia.

Urtea. 2018.

Iraupena. 95 minutu.

Generoa. Komedia.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.