Datorren asteko estreinaldiak

Aktore eta zuzendari, bi aldiz klasiko

Clint Eastwood beteranoa kamera aurrean jarri da berriro, berak zuzendutako 'The Mule' filmean

Alison Eastwood eta Clint Eastwood, filmeko irudi batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Clint Eastwoodek Gran Torino filma egin zuen 2008an. Walt Kowalskiren istorioa zen hura: Koreako gerrako beterano bat zen, eta Gran Torino autoa zuen altxorrik handiena. Eastwoodek berak jokatu zuen Kowalskiren rola, eta film horrek, haren azken maisulana izateaz gain, modu bikaina zirudien pantaila handiari agur esateko.

Hortik aurrera, beste film batzuk zuzendu ditu Eastwoodek, garai bateko inspiraziorik gabe: Invictus, J. Edgar, Jersey Boys, American Sniper, Sully... Horietan guztietan, beste aktore batzuek izan dute rol protagonista—Matt Damon, Leonardo DiCaprio, Bradley Cooper, Tom Hanks...—; zuzendaria ez da agertu kameren aurrean.

2012an, baina, aktore lanetarako erretirotik atera, eta berriro ere film bateko protagonista izan zen Eastwood beteranoa. Trouble with the Curve zuen izena, eta Eastwooden ohiko kolaboratzailea izandako Robert Lorenzek zuzendu zuen. Beisbolaren inguruko film horretan, Amy Adams eta Justin Timberlake agertzen ziren entrenatzailearen rola egiten zuen protagonistaren ondoan.

Filmografia aparta

Hori izan zen salbuespen bakarra, harik eta bere azken filmean Eastwoodek berriro ere rol bikoitza jokatzea erabaki zuen arte: zuzendaria eta aktore nagusia. 88 urte bete berri ditu, eta adin bera du istorioko protagonistak, Earl Stone II. Mundu Gerrako beteranoak.

Arazo ekonomikoek behartuta, Stone langintza berezian hasi zen 1980ko hamarkadan: Sinaloako narkotrafikatzaileen taldearen droga garraiolari bihurtuko zen, eta arrakasta handia izango zuen. Izan ere, ia 90 urteko pertsona batek ez zuen susmorik pizten.

Benetako gertaeran oinarriturik, The Mule-k Stoneren istorioa kontatzen du, eta, erredentzioaren, moralaren, familiaren eta barkamenaren gaiei ere heltzen die.

Aipatu bezala, Eastwoodek erabateko protagonismoa du, eta ez soilik rol nagusia jokatu duelako: Gran Torino egin zuenetik ez ditu aldi berean zuzendari eta aktorearen lanak egin orain arte. Norbaitek zalantza bazuen, sasoian dagoela erakutsi du Hollywoodeko azken klasikoak.

Hari erreplika emanez, Bradley Cooper dago. American Sniper-eko protagonista izan zen Cooper, baina, orduan, Eastwood kamera atzean baino ez zen aritu; hortaz, hau da bien arteko lehen aurrez aurrekoa. Cooperrek ez ezik, Taissa Farmigak eta Laurence Fishburnek ere lan egin dute The Mule-n, besteak beste.

Aktore lanetan trebatu ostean —bereziki Sergio Leone eta Don Siegelekin—, Clint Eastwood 1971n jarri zen lehen aldiz kameraren atzean, Play Misty for Me filma zuzentzeko.

Hortik aurrera, filmografia aparta egin du, eta horren barruan zenbait maisulan ondu: The Outlaw Josey Wales, Pale Rider, Bird, Unforgiven, The Bridges of Madison Country, Changeling...

'THE MULE'

Zuzendaria. Clint Eastwood.

Aktoreak. Clint Eastwood, Bradley Cooper, Michael Peña, Taissa Farmiga, Alison Eastwood.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018.

Iraupena. 116 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.