Datorren asteko estreinaldiak

Pantaila handian ere erregea izateko bidean

Stephen Kingen egokitzapenen zerrenda are gehiago luzatu du 'Pet Sematary' liburuaren bertsio berriak

Louis Creed bere familiarekin beste etxe batera joango da bizitzera, handik gertu hilerri bat dago. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Munduan dagoen idazlerik oparoena ez bada, izendapen horretatik urruti ez da izanen Stephen King. Bibliografia mugaezina eta aberatsa du idazle estatubatuarrak; beldurrezko generokoa gehienbat, baina beste genero batzuetara ere ailegatzen dena. Azken urteotan haren ospea zertxobait apaldu bada ere, hamarkadotan milioika liburu saldu ditu Kingek.

Oparotasun horrek isla garbia izan du zineman, idazle gutxik izanen dituzte Kingek adinako film. Afera ez da kantitatera mugatzen, haren istorioen nolakotasunak zerikusi zuzena du egokitzapen kopuru horrekin; erakargarriak baitira kontatzen dituenak, eta pantaila handira eramateko oso aproposak. Horrekin lotuta, eta, salbuespenak salbuespen, moldaketa horien batez besteko maila liburuen ohiko egokitzapenen gainetik egon ohi da.

Hortaz, ezinezkoa da tarte urri honetan Stephen Kingen liburuen gainean zinemarako izan diren bertsioen errepaso xehea egitea. Bai, ordea, horietako nabarmenenak gogora ekartzea.

Zerrenda ezinezko horretan, norberak izanen du bere kuttuna, baina, dudarik gabe, Stanley Kubrickek egin zuen The Sihning ahaztezin hura goialdean egonen da. Gainera, zuzendari eta idazlearen uztarketa horrek beldurrezko generoari eta Kingi berari kalitatearen labela emateko balio izan zuen.

Ez da Kubrick izan idazlearen lanek erakarri duten zuzendari handi bakarra. Egokitzapenen zerrenda luzeari erreparatuta, maila handiko beste izen batzuk topa daitezke: David Cronenberg (The Dead Zone) Brian de Palma (Carrie), George A. Romero (Creepshow), John Carpenter (Christine) edota Rob Reiner (Misery eta Stand by me).

Hala ere, bada beste zuzendari bat, horren ezaguna izan gabe, Kingen lanen gainean egokitzapen aipagarriak eta oso arrakastatsuak egin dituena: Frank Darabont. Hain zuzen, 1990eko hamarkadan sona handia izan zuten bi film bikain egin zituen; The Shawshank Redemption eta The Green Mile. Horiez gain, 2007an horrenbesteko harrera ona izan ez zuen The Mist ere egin zuen.

Etenik ez duen soka

Urteak joan, urteak etorri, Stephen Kingen egokitzapenen sugarra ez da itzali, eta azken urteotan ere haren istorioen gainean makina bat film ailegatu dira. Entzuterik handiena duela bi urteko Andy Muschiettiren It filmak izan du, baina azken bi urteotan askoz oharkabeagoan pasatu diren beste batzuk ere izan dira: The Dark Tower, Gerald's Game, 1922... baita zenbait telesail ere.

Pet Sematary-ren txanda da orain, eta hori ere ez da kontu berria. Izan ere, bada Kingen eleberri horren gainean egindako beste bertsio bat, izenburu berekoa. 1989. urtean Mary Lambertek zuzendu zuen, eta, orduan, nahiko ongi lortu zuen liburuaren arima jasotzea. Horrez gain, ahaztezina da Ramones taldeak film horretarako egin zuen izen bereko kanta, gerora taldearen abesterik ezagunetako bihurtu zena.

'PET SEMATARY'

Zuzendaria. Dennis Widmyer, Kevin Kolsch.

Aktoreak. Jason Clarke, John Lithgow, Amy Seimetz, Jete Laurence, Hugo Lavoie.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2019.

Iraupena. 120 minutu.

Generoa. Beldurrezkoa.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.