Datorren asteko estreinaldiak

Zonbien festa dibertigarria

Jim Jarmuschek generoaren gaineko bere ikuspegia eman du 'The Dead Don't Die' filmean

Tilda Swinton aktorea The Dead Don't Die filmeko eszena batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Urte luzez Jim Jarmusch zinema independentearen ikono nagusietako bat izan da, edo zinema independentea ulertzeko modu batena, bederen. Hala ere, izaera horrek ez du bazterreko zinemagile egin, eta haren film askok oihartzun zein onarpen zabala izan dituzte.

1980. urtean estreinatu zuen lehenengo film luzea: Permanent Vacation, eta, horretan, jada bere estiloaren arrastoetako batzuk antzematen ahal zitzaizkion: New York hiriaren protagonismoa, musikaren garrantzia, galtzaileen mundua... Horrez gain, aurrerantzean ezinbesteko laguntzaile izan zituen Tom DiCillo, John Lurie eta Sarah Driverrekin elkarlana hasi zuen.

Lehen filmak bidea irekitzeko balio izan bazion, bigarrenarekin askoz ere harrera hobea lortu zuen Jarmuschek. Stranger than Paradise road movie sailkagaitza zen, eta, besteak beste, Cannesen, Locarnon eta Sundancen sariak jaso zituen. Zuri-beltzean filmatuta zegoen; ezaugarri hori etxeko marka berri bihurtu zen etortzeko zeuden beste zenbait filmetan.

Hortik aurrera, hainbat klasiko txiki kateatu zituen Jim Jarmusch zuzendariak: Tom Waits eta Roberto Benignirekin egindako Down by Law; hiru atalez osatuta zegoen Mistery Train; bost hiritan filmatutako Night on Earth; edota Dead Man western garaikidea.

Horiekin guztiekin Jarmuschek kultu zuzendariaren kategoria lortu zuen. Aurrekontu txikiekin gauza handiak egiteko gai zen zinemagilearen fama zuen, horretarako bere oinarri artistikoei uko behar izan gabe. Lehen etapa hori Jean-Pierre Melvilleren Le Samouraï noir klasikoaren moldaketa librearekin itxi zuen, Ghost Dog izenburupean.

Erregistro aldaketa

Baina milurteko berria hastearekin bat, aldaketa ugari nozitu zituen zinemaren industriak. Besteak beste, egileen boterea urardotu zen eta aurrerantzean ez zen horren erraz izanen zinema independente egiten segitzea, ezta Jim Jarmusch izanda ere.

Horregatik edo, besterik gabe, zuzendaria nolabaiteko helduarora ailegatua zelako, kontua da etapa berri bati ekin ziola urte horietan. Gehienbat, film intimistagoak, generoen berrirakurketa eta dokumentalak dira 2000tik hona Jarmuschek eskaini duena. Horrekin batera, haren itzala gero eta txikiagoa da zinema garaikidean.

Broken Flowers, Only Lovers Left Alive eta Paterson filmak zein Coffee and Cigarettes eta Gimme Danger dokumentalak dira azken urteotako uztaren adibiderik nabarmenenak.

The Dead Don't Die film berriarekin zonbien generoaren gainean bere ikuspegi berezia eman nahi izan du Jarmuschek, komedia giroan. Horretarako, azken urteotako bere kolaboratzaileetako asko elkartu ditu, eta aktore zerrenda txundigarria osatu: Bill Murray, Steve Buscemi, Tilda Swinton, Adam Driver, Danny Glover, Rosie Perez... Horiez gain, lehen mailako hiru musikari ere agertzen dira filmean, aktore lanetan: Iggy Pop, Tom Waits eta RZA.

'THE DEAD DON'T DIE'

Zuzendaria. Jim Jarmusch.

Aktoreak. Bill Murray, Adam Driver, Tilda Swinton, Chloe Sevigny, Steve Buscemi, Danny Glover, Caleb Landry Jones, Rosie Perez.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2019.

Iraupena. 103 minutu.

Generoa. Beldurrezkoa. Komedia.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.