Sitgeseko zinemaldiko palmaresari begirada azkar bat botatzen dion edonor berehala ohartuko da munta handiko lanek jaso izan dutela film onenaren saria. Hor dira, besteak beste, Neil Jordanen The Company of Wolves, David Lynchen Blue Velvet, John McNaughtonen Henry: Portrait of a Serial Killer, Andrew Nicolen Gattaca, Takeshi Kitanoren Zatoichi, Park Chan-Wooken Old Boy, Leo Caraxen Holy Motors...
Bada, lehengo hilabetetik zerrenda horri gehitu behar zaio Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo filma, zinemaldi ospetsuan film onenaren saria irabazi duen lehenengo euskal zuzendaria. Balentria ez da hor geratzen; izan ere, filmak beste sari batzuk ere irabazi ditu: ikusleena, efektu bereziena eta zuzendari berriarena.
El hoyo-k aho batezko onespena izan zuen Sitgesen: kritikek eta ikusleek bat etorrita goraipatu zituzten filmaren bertuteak. Horren aurretik, Torontoko eta Austineko zinemaldietan aurkeztu zuten, eta horietan ere oso harrera ona jaso zuen. Horren guztiaren ondorioz, Netflix plataforma ahalguztidunak El hoyo-ren eskubideak erosi ditu, eta, haren bitartez, filma ia mundu osoan ikusteko aukera izanen da.
El hoyo Bilbon filmatuta dago, eta, izenburuak argi uzten duen moduan, zulo bat da istorioaren protagonista. Bertan, hainbat maila daude; inork ez daki zenbat diren zehazki, eta maila bakoitzeko, bi pertsona. Denentzako jana dago, egunero banatzen baitute, plataforma baten bitartez.
Abiapuntu hori baliatu du Bilboko zuzendariak klase borrokaren arteko metafora fantastiko bat egiteko, baina gehienbat behekoen arteko borrokak eta liskarrak ilustratzeko.
El hoyo Galder Gaztelu-Urrutiaren lehen film luzea da. Basque Films ekoiztetxeko kide da, eta telebistako iragarkiak ere egin ditu. Horrez gain, bi film labur eginak zituen aurretik: 2004ko 913 eta 2011ko La casa del lago.
Komedia beltz bat
Gaztelu-Urrutiaren filma ez da hurrengo astean estreinatuko den euskal zinemagile baten lan bakarra: Aritz Moreno donostiarraren Ventajas de viajar en tren ere iritsiko da aretoetara. El hoyo-ren moduan, filma Sitgeseko zinemaldian estreinatu zuten; ez zuen saririk lortu zinemaldian, baina oso kritika onak izan zituen hark ere.
Ventajas de viajar en tren Antonio Orejudoren eleberriaren moldaketa zinematografikoa da, eta filma thrillerraren eta umore beltzaren artean mugitzen da. Helgak senarra psikiatriko batean sartu du, eta itzulerako bidaian psikiatra bat ezagutuko du; hark zaborrarekin tematuta dagoen gaixo arriskutsu baten istorio bitxia kontatuko dio.
Aritz Moreno hainbat bideoklip eta film laburren egilea da, horien artean Colera, non Luis Tosarrek egin zuen lan, asteburuan estreinatuko den filmaren protagonistak.
'El hoyo'
Zuzendaria: Galder Gaztelu-Urrutia. Aktoreak: Ivan Massague, Antonia San Juan, Algis Arlauskas, Alexandra Masangkay.Herrialdea: Euskal Herria.Urtea: 2019.Iraupena: 94 minutu
'Ventajas de viajar en tren'
Zuzendaria: Aritz Moreno. Aktoreak: Luis Tosar, Pilar Castro, Ernesto Alterio, Quim Gutierrez. Herrialdea: Euskal Herria. Urtea: 2019. Iraupena: 107 minutu.
Ostiralean estreinatuko dituzte Hego Euskal Herrian.
Datorren asteko estreinaldiak
Euskal zinemagileen uzta berria
Sitgesen izan ondoren, Galder Gaztelu-Urrutiaren 'El hoyo' saritua eta Aritz Morenoren 'Ventajas de viajar en tren' aretoetara iritsiko dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu