Datorren asteko estreinaldiak

Lurralde izoztuetako erregina

'Frozen II' filmarekin lehenengoaren arrakasta izugarria gainditu nahi du Disney ekoiztetxeak. Elsa eta Annarekin batera, beste hainbat pertsonaia berri izango dira

Filmaren estreinaldiak sekulako ikusmina eragin du: iragarpen trailerrak marka guztiak hautsi ditu. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Hans Christian Andersenen narrazio batetik abiatuta, Disney ekoiztetxe ahalguztidunak Frozen filma estreinatu zuen 2013an. Denbora luzean, proiektuak jatorrizkoaren izenburu bera izan zuen, The Snow Queen; azkenean, ekoizleek hori bazter utzi eta Frozen jartzea erabaki zuten.

Ez zen lehen aldia idazle ezagun horren istorio bat moldatzen zutena; esate baterako, oinarri bera du Disneyk 1989an zinema aretoetara eraman zuen The Little Mermaid ezagunak.

Kontuak kontu, inor gutxik espero zuen filmak lortu zuen alimaleko arrakasta: 1.000 milioi dolar (907 milioi euro) baino gehiago lortu zituen mundu osoan. Kopuru horri gehitu behar zaio filmetik eratorritako produktuekin —kamisetak, bizkar-zorroak, panpinak...— Disneyk poltsikoratu duen dirutza.

Artistikoki ere, Frozen-ek oso harrera ona izan zuen. Haur eta gaztetxoen film kuttun bihurtzeaz gain, kritika onak izan zituen Jennifer Leek eta Chris Buckek zuzendutako lanak, oro har.

Horrez gain, 1990ean bi Oscar sari eskuratu zituen: animazio film onenarena eta abesti onenarena. Izan ere, Idina Menzelek abesten zuen Let It Go kanta izan zen lehenengo Frozen horren arrakastaren gako nagusietakoa.

Pertsonaia berriak

Horiek horrela, argi zegoen Disneyk ez zuela aukera galtzen utziko eta denbora kontua zela Frozen-en jarraipenaren berri izatea. Egia esatera, patxadaz hartu dute kontua, batetik bestera sei urte luze pasatu baitira, baina erabaki hori ere kalkulatua izanen dute. Azkenean, itxaronaldi luzea amaitu eta Frozen II Gabonetako filma izateko asmo sendoz ailegatu da.

Alderdi teknikoan, Disneyk ez du arriskurik hartu nahi izan, eta berriro ere Jennifer Lee eta Chris Buck ageri dira zuzendari lanetan. Era berean, lehenengoan bezala, Kristen Anderson-Lopezek eta Robert Lopezek idatzi dituzte abesti berriak. Into the Unkonwn da doinu nagusiaren izenburua, Let It Go-ren marka gainditzen saiatuko den ereserkia.

Gainerakoan, Elsa eta Anna izango dira bigarren Frozen-en ere protagonista nagusiak, baina hainbat pertsonaia berri ere batuko zaizkie protagonistei. Nolanahi ere, istorioaren gaineko xehetasun handirik ez du zabaldu nahi izan Disneyk: soil-soilik abentura berriak Arendelletik kanpo gertatuko direla, sorgindutako baso misteriotsu berrian, eta deus gutxi gehiago.

Hori bai, ekoizleek argi utzi dute Elsak bikotekiderik gabe segituko duela bigarren film honetan ere. Izan ere, lehenengo Frozen pantailaratu zenetik, jarraitzaile askok eskatu dute neska lagun bat Elsarentzat. Xede horrekin, kanpaina bat abiatu zuten sare sozialetan #giveelsagirlfriend traolarekin. Nonbait Disneyk ez du horretan amore eman, eta bikotekide ezagunik gabe segituko du pertsonaiak.

Argi dagoenez, Frozen II filmaren estreinaldiak sekulako ikusmina eragin du. Iragarpen trailerrak marka guztiak hautsi ditu, animazio film baten inoizko ikustaldi kopururik handiena lortuta. Datu horiek ikusirik, pentsatzekoa da bigarrena lehenengoaren arrakastaren gainetik egoten ahal dela.

'FROZEN II'

Zuzendaria. Jennifer Lee, Chris Buck.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2019.

Iraupena. 113 minutu.

Generoa. Animazioa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.