Datorren asteko estreinaldiak

Damutuaren atzean ezkutatzen dena

Tommaso Buscetta mafiazalearen ibilbidearen gaineko 'Il traditore' filma egin du Marco Bellochiok

Tomasso Buscetta mafiaren buruzagi nagusietakoa izan zen 1960ko harmarkadaren hasieran. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Martin Scorsesek The Irishman-ekin mafiaren gaineko bere zikloa itxi duen honetan, badira oraindik ere arbuio zein erakarmena sortzen dituen erakunde boteretsu horri buruz kontatzeko istorioak. Normala denez, estatubatuarrekin batera, italiarrei dagokie gehienbat horiei erreparatzea, eta horixe egin du herrialde horretako zinemagile beterano batek, Maco Bellochiok.

Il traditore Tomasso Buscetta mafiako buruzagiaren bizitza gorabeheratsuaren gaineko filma da. Egia esatera, film batetik ateratakoak dirudite Buscettaren gorabeherek. 1921. urtean sortu zen Palermon, 17 anai-arreben artean gazteena zen. Hura ere garaiz ezkondu zen, eta 16 urte zituenerako dagoeneko bi seme-alabaren aita zen.

Han eta hemen lanean ibili ostean, Bigarren Mundu Gerra amaituta, Cosa Nostraren aferetan sartu zen bete-betean. Gutxinaka gora egin zuen erakundearen hierarkia zurrunean eta 1960ko hamarkadaren hasierarako mafiaren buruzagi nagusietakoa zen. On Masino goitizena erabiltzen zuen ordurako.

1963. urtean, baina, Italiatik ihes egin behar izan zuen, AEBetara lehenbizi, eta gero Brasilera. Ezkutaturik bizi zen arren, herrialde horretako Poliziak harrapatu, eta Italiara bidali zuten bueltan. Kartzelaldi luzea hasi zuen, harik eta 1980. urtean ihes egitea lortu eta berriro ere Brasilerako bidea hartu zuen arte.

Ordurako, Buscetta ez zegoen gustura Cosa Nostran nagusitzen ari zen joerarekin eta belaunaldi berriekin. Toto Riinak gidatzen zuen taldea gero eta botere handiago eskuratzen ari zen, eta haien metodoak ez ziren mafiazale zaharren gustukoak. Nonbait, gazteenek mafiak zituen kodeak ez zituzten errespetatzen.

1982. urtean berriro ere atxilotu egin zuen Polizia brasildarrak. Ordurako gogaituta omen zegoen Buscetta, are gehiago bere bi seme nagusiak hilda izan ondoren. Italiako agintariekin kolaboratzea erabaki zuen, harentzako eta familiarentzako babesaren truke. Horrela, mafiak hilko zuen Giovanni Falcone epaileari erakundearen zoko-moko guztiak erakutsi zizkion behialako buruzagi ahalguztidunak.

Traizioaren bideak

Il traditore-n, Marco Bellochiok ez du Tomasso Buscettaren biografia bat egitera mugatu nahi izan, traizioaren eta zintzotasunaren ertz labainkorrak landu nahi izan ditu filmean. Izan ere, zuzendariaren ustez, damutuaren atzean bada inplikazio etiko eta moral lausoak dituen pertsonaia kontraesanezkoa.

Italiako gorabehera politiko eta sozialak jasotzea izan da Bellochioren ibilbide oparoaren tema nagusia. 1965. urtean hasi zen ezagun egiten, I pugni in tasca film gogoangarriaren bitartez. Hortik aurrera, filmografia gorabeheratsua ondu du, eta horren barruan zenbait film nabarmen: L'ora di religione, Buengiorno, notte, Vincere...

'IL TRADITORE'

Zuzendaria. Marco Bellochio.

Aktoreak. Pierfrancesco Favino, Maria Fernanda Candido, Frbrizio Ferracane, Luigi Lo Cascio.

Herrialdea. Italia.

Urtea. 2019.

Iraupena. 145 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.