Gontzal Agote.
Datorren asteko estreinaldiak

Anabasa nagusitu da galaxia oso-oso urrun batean

2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Normala da guztiz galduta egotea; atzera-aurrera ugari egin ditu Star Wars sailak, eta gaur egun oso zaila da jakitea zer galaxiatan dauden, zer urtetan eta zeintzuk diren pertsonaien arteko familia harremanak.

Horregatik, saiatu behar da anabasa hori zertxobait ordenatzen. Egunotan estreinatuko den filma, Star Wars: The Rise of Skywalker bederatzigarren film ofiziala da —zinemari dagokionez, alde batera utzita telebistarako egin direnak, animazio filmak, bideo jokoak eta gisakoak—. Berez, 2015ean hasitako trilogiaren amaiera da, eta ustez Star Wars sailaren azkena izanen da. Auskalo.

Bederatzi film izan dira orain arte: hiru trilogia. Adin batekoentzat, lehen trilogia «betikoa» da —eta bakarra—: George Lucasek abiatu zuen, 1977. urtean, lehen Star Wars; arrakasta itzela izan zuen, eta zinema ulertzeko manera betiko aldatu zuen. Horren bitartez ezagutu genituen Luke Skywalker, Leia printzesa, Han Solo, Darth Vader, Chewbacca,C-3PO, R2-D2 eta enparauak.

Horren ostean, The Empire Strikes Back etorri zen, 1980. urtean. Oso urruti ibili ez bazen ere, ofizialki ez zuen Lucasek berak zuzendu: Irvin Keshner agertu zen kredituetan zuzendari lanetan. Lehenengoaren sona ez izan arren, zinemazale askorentzat lehenengoaren maila gainditu zuen, The Godfather-ekin gertatzen den gisan.

Azkenik, Return of the Jedi da lehen trilogia itxi zuen filma. 1983. urtean estreinatu zen, eta Richard Marquandek zuzendu zuen, George Lucasen eta Lawrence Kasdanen gidoi baten gainean.

Gorabehera kronologikoak

Urte luzez horretara mugatu zen Star Wars-en unibertsoa, nahiz eta bitartean Lucasek eta haren enpresek etekin politak lortzen zituzten, mota guztietako produktu eratorrien bitartez. Gisa horretara, gauzak bake ederrean zeuden, harik eta 90eko hamarkadaren amaiera aldean zinemagileak iragarri zuen arte beste trilogia bat eginen zuela. Kontua are gehiago korapilatzeko, trilogia hori bestearen aurretik kokatu zuen, bai kronologikoki, bai numerazioaren aldetik. Alegia, egin behar zituen film berriak sailaren lehen hiru atalak izanen ziren.

Esan eta egin: 1999. urtean iritsi zen «lehen atala» deitu zutena, The Phantom Menace. Horrekin batera, ordura arte agertu gabeko aktore sail berri bat: Ewan McGregor, Natalie Portman, Jake Lloyd... Trilogiak segida izan zuen 2002an eta 2005ean, Attack of the Clones eta Revenge of the Sith-ekin. Komertzialki film oso arrakastatsuak izan ziren, baina trilogia berriak ez zituen guztiz gogobete sailaren zaleak.

2012an, George Lucasek Disneyri saldu zion Lucasfilm enpresa, Star Wars frankiziaren eskubideak zituena. Berehala, jabe berriak trilogia berria iragarri zuen, hain zuzen sailaren zazpigarrenetik bederatzigarren filmera.

J.J. Abramsek hasiera eman zion asmoari 2015. urtean, The Force Awakens-ekin. Handik bi urtera, Rian Johnsonek hartu zion lekukoa, eta The Last Jedi izan zen emaitza. Orain, berriz, Abrams itzuli da rol nagusira; haren eskutik heldu da Star Wars saila itxiko duen filma, Star Wars: The Riseof Skywalker. Denborak esanen du benetako amaiera ote den ala oraindik ere trilogia gehiago etorriko diren.

'STAR WARS: THE RISE OF SKYWALKER'

Zuzendaria. J. J Abrams.

Aktoreak. Daisy Ridley, Adam Driver, John Boyega, Oscar Isaac, Domhnall Gleeson.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2019.

Iraupena. 155 minutu.

Generoa. Zientzia fikzioa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostegunean Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.