Datorren asteko estrenaldiak

Enpresa handi baten zikinkeria, agerian

Mark Ruffalo aktoreak abokatu borrokalari baten rola jokatzen du Todd Haynesen 'Dark Waters' filmean

Victor Garber eta Tim Robbins, Dark Waters filmeko eszena batean. EFE / MARY CYBULSKI / FOCUS FEATURES.
Gontzal Agote.
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
1998. urtean, AEBetako Virginiako nekazari bat Robert Bilott abokaturekin jarri zen harremanetan. Azienda hiltzen ari zitzaion, eta uste zuen gertaera hori ez zela naturala, kutsadura baten ondorio zirela abereen heriotzak. Are gehiago, nekazariak bazuen susmo bat: Dupont enpresa kimikoa zen heriotzen erantzulea.

Enpresak itzal handia zuen estatu osoan, eta, horren ondorioz, beste inongo abokatuk ez zuen halako aferarik bere gain hartu nahi izan, baina Bilottek onartu zuen, eta ikertzen hasi zen.

Ikerketak aurrera egin ahala, datu ikaragarriak agertzen hasi ziren: Dupont enpresaren urteetako isurketek edateko ura kutsatu zuten eta milaka herritarri eragin zizkien kalteak. Auziak hemeretzi urtez iraun zuen, eta, azkenean, 70.000 herritarrek jo zuten Duponten kontra auzitegietan.

The New York Times egunkariak aferaren gainean argitaratutako erreportaje zabal bat izan zen Dark Waters filmaren oinarrietako bat. Era berean, Bilottek berak liburu bat idatzi zuen, bere borrokaldi luzearen berri emateko. Material horren gainean idatzi zuten filmaren gidoia Mario Correak eta Mathew Michael Carnahanek.

Abokatuaren rola jokatzeko, Mark Ruffalo aktore dotorea aukeratu zuten. Ez da lehen aldia Rufallo sistemaren kontra ikusten duguna; esate baterako, 2015eko Spotlight film ezagunean Boston Globe-ko kazetarien ikerketa gidatu zuen. Mark Ruffaloren ondoan, beste aktore ezagun batzuek ere parte hartu dute filmean, hala nola Anne Hathawayk eta Tim Robbinsek.

Erregistro aldaketa

Aktorearena bainoago, harrigarriagoa izan zen zuzendariaren hautaketa. Izan ere, orain artean Todd Haynes zuzendaria drama intimoagoetan lan egiteagatik izan da ezaguna gehienbat; hau da gisa honetako film bat egiten duen lehen aldia. Nonbait, ongi hartu dio neurria generoari, Dark Waters-ek oso kritika onak jaso baititu AEBetan.

Haynesen lehen film luzea 1991ko Poison da; zuri-beltzean egin zuen film polemiko hori, eta Sundance zinemaldian eta Sitgesekoan saritu zuten. Horren ostean, Safe eta Velvet Goldmine etorri ziren, baina Haynesen jauzi handia 2002an gertatu zen, Far from Heaven egin zuenean.

Horrenbeste miresten duen Douglas Sirk zuzendariaren moduko melodrama bat zen, iragan mendeko 50eko hamarkadan girotua, eta Julianne Moore protagonista zuena. Film horrekin sari ugari eskuratu zituen: besteak beste, urte horretako Oscar sarietarako lau izendapen.

Bost urte geroago, milurteko berriko filmik harrigarrienetako bat egin zuen, I'm not There, Bob Dylanen gaineko dokumental faltsua. Musikariaren sei garai bildu zituen lanak, eta bakoitzean aktore ezberdin batek jokatu zuen haren rola.

Mildred Pierce telesail bikaina zuzendu ostean, 2015ean beste harribitxi bat filmatu zuen Todd Haynesek: Carol. Patricia Highsmith idazlearen eleberri batean oinarrituta, berriro ere 50eko hamarkadarako bidaia bat proposatu zuen; kasu honetan, bi emakumeren maitasun istorioaren bitartez.

'DARK WATERS'

Zuzendaria. Todd Haynes. Aktoreak. Mark Ruffalo, Anne Hathaway, Tim Robbins, Bill Pullman, Victor Garber, Bill Camp. Herrialdea. AEB. Urtea. 2019. Iraupena. 126 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.