Datorren asteko estreinaldiak

Piztia ahalguztidun eroria

Fox News kate ultrakontserbadorean gertatutako sexu erasoen berri ematen du 'Bombshell' filmak. Roger Ailesen rola John Lithgowek jokatu du

Benetako gertaeretan oinarrituta dagoen arren, zati batzuk fikzioa dira filmean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herrian Roger Ailesen izena oso ezaguna ez bada ere, azken hamarkadotan AEBetako pertsonaiarik inportanteenetakoa izan da. Ohion jaio zen, eta, unibertsitateko ikasketak amaitu eta berehala, telebistan hasi zen lanean. Ideia atzerakoien defendatzaile sutsua izanik, laster egin zen ezagun, eta horrek politikarako bidea zabaldu zion.

Hasteko, Richard Nixonen hauteskunde kanpainan lan egin zuen, komunikazio arloan. 1984an, berriz, Ronald Reeganen zerbitzura jarri zen Ailes, eta, horren ostean, George W. Bushen kanpainarako egin zuen lan. 1992. urtean, lan politikoak bazterrean utziko zituela iragarri zuen.

Orduan, telebistara itzuli zen, eta, 1996. urtean, Rupert Murdoch magnateak Fox News kate ultrakontserbadorearen zuzendari exekutibo izendatu zuen. Postu horretatik, Ailesek aukera izan zuen politika egiten segitzeko, oraingo honetan telebista saio erasokorren bitartez.

2016an, baina, gauzak zeharo aldatu ziren Roger Ailesentzat. Gretchen Carlson Fox Newseko aurkezleak sexu jazarpena jasan zuela jakinarazi zuen, eta Ailesen kontrako salaketa aurkeztu zuen. Halaber, Ailesen eskaerei men ez egiteagatik, katetik kanporatua izan zela jakinarazi zuen kazetariak.

Hiru aktore handi

Ailesek dena ukatu zuen, baina ondorengo egunetan, beste sei emakumek ere aditzera eman zuten Ailesen aldetik eraso sexualak pairatu zituztela. Testigantza berriek oihartzun handia izan zuten AEBetan, eta Fox Newseko jabeRupert Murdochek dimisioa emanarazi zioen Ailesi. Hori bai, 40 milioi dolarreko kalte-ordaina jaso ondoren.

Horren guztiaren gaineko filma da Bombshell. 2016ko egun horietan gertatu zenaren berri ematen du, emakume talde batek AEBetako pertsonaiarik garrantzitsuenetako baten kontra egin zuenekoa. Filma benetako gertaeretan oinarrituta badago ere, hainbat elementu fikzionatu behar izan dituzte.

Jay Roachek zuzendu du Bombshell. Pantaila handian zein txikian, ibilbide luzea egin du Roachek, eta zinemarako egin zuen azken filmean ere —Trumbo— boterearen alderdi iluna erakutsi nahi izan zuen. Gainerakoan, 2000. urtean egin zuen Meet the Parents komedia ezaguna da orain arte lortu duen arrakastarik handiena.

Filmak hiru aktore handi elkartu ditu: Charlize Theron, Margot Robbie eta Nicole Kidman. Lehenengo biak dagoeneko hainbat izendapen lortu dituzte film horretan egindako lanagatik, eta Oscar sarietarako hautagaien artean daude: emakumezko aktorerik onenarenean Theron, eta bigarren mailako emakumezko aktore onenarenean Robbie. Horrez gain, Charlize Theron filmaren ekoizleetako bat izan da. Roger Ailesen rola, berriz, John Lithgowek jokatu du.

'BOMBSHELL'
Zuzendaria. Jay Roach.
Aktoreak. Charlize Theron, Margot Robbie, Nicole Kidman, John Lithgow, Allison Janney.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2019.
Iraupena. 108 minutu.
Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.