Telesailak

Xakea, feminismoa eta askatasuna

Xakearen unibertsora hurreratu da 'The Queen's Gambit' telesail laburra, fikziozko zazpi ataletan

Anya Taylor-Joy aktorea, The Queen's Gambit telesaileko protagonista.
Mikel Yarza Artola.
2020ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Paris, 1967. Lo hartu du. Aztoratuta esnatu, presaka jantzi, orraztu... eta badoa hitzordura, berandu. Aretoko ateak kolpez ireki, eta esperoan topatu ditu kamerak, flashak, ikusleak... xake izarra da, eta sekulako ikusmina sortu du jokatzera doan partidak. Modu horretan abiatzen da The Queen's Gambit telesaila, baina segidan flashback baten bidez hainbat urte atzera egiten du, eta auto istripu bat erakusten digu: ama galdu berri du neskatilak, eta errepide erdian dago zurbil, kea darion autoari begira.

Gertakari horretatik abiatuta, haurtzarotik helduarorainoko bidea marraztu du telesailak. Zazpi ataletan osatu du iniziazio istorioa: neska gazte bat da protagonista, umezurztegian ikasi zuen xakean jokatzen, ezkutuan, eta berehala bilakatu zen mundu mailako izarra. Drama klasikoaren alde egin du Scott Frank sortzaileak, eta bizitzako gazi-gozoak bildu ditu telesailaren izen bereko nobela egokitzeko garaian.

Neskato protagonistak ikusiko du bikote bat musuka, ezagutuko ditu hilekoa, desira pertsonalak eta garaiko gizarteak emakumeei inposaturiko kodeak. Baina berak aske izan nahi du, eta xakea besterik ez zaio inporta. Pasio horrek bultzatuta inbadituko eta konkistatuko du gizonentzako gordea zirudien eremu intelektuala.

Hein batean, 24 urteko Anya Taylor-Joy aktore protagonistari dagokio telesailaren meritua. 2015eko The Witch filmean egin zuen pantaila handiko estreinaldia, sekulako indarra erakutsi zuen, eta bertute hori berretsi du oraingoan ere. Nobedade honek trantsizio kutsua du bere abiada biziko ibilbide profesionalean. Laster, Mad Max saga ezagunaren emanaldi berriko aurpegi nagusi bilakatuko da.

Xakera itzulita, gazte protagonistak AEBetan abiatuko du bidaia, baina berehala igaroko da mundu zabalera. Modu berean, The Queen's Gambit telesaila ere, atalek aurrera egin ahala, loratu da. Gidoi finaren ondorio da azken emaitza orekatua; izan ere, bidean ereindako haziek fruitu narratibo handiak eman dituzte kontakizunean zehar.

Loraldia ez ezik, zimeltze prozesua ere islatzen du telesailak. Xake izarrak piramidean gora egin eta gailurrera gerturatu ahala ezagutuko du erorialdi mingarria.

Droga mendekotasuna, bakardadea eta heriotza tarteko, ohartuko da bizitza zeinen hauskorra izan daitekeen, arrakastaren eztia horren gazte dastatzean.

64 laukien lilura

Dena den, arazo guztien artean gailentzen da pasio bat: xakea. Scott Frankek eta haren lantaldeak fintasunez pantailaratu dute jokoaren unibertsoa, xakearen tekniketatik hasi eta nazioarteko lehiaketetaraino. Irudiak soilik ez, kazetari espezializatuen ahotsak ere baliatu dituzte ikusleei jokoaren estrategiak azaltzeko. Are gehiago, sortzaileak bete-betean sartu dira kontu teknikoetan eta horrek badu arrisku bat. Gozagarri izan liteke xakearen maitaleentzat, astuna telesail zaleentzat.

«Mundu oso bat dago 64 laukitan. Salbu sentitzen naiz bertan, kontrola dezaket, eta menderatu». Xakea ez ezik, feminismoa ere aldarrikatu du telesailak, eta estimatzekoa da. Egun, munduko 100 xake jokalaririk onenen artean, bi besterik ez dira emakumezkoak.

'THE QUEEN'S GAMBIT'
Sortzailea:
Scott Frank.
Aktoreak: Anya Taylor-Joy, Moses Ingram, Bill Camp, Thomas Brodie-Sangster, Marielle Heller.
Herrialdeak: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Movistar+.
Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.