Jose Ramon Bilbao
Zientzia. ARGI ALDIAN

Edizioarekin zorrotz

2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
DNAn aldaketak eragiteko edizio genikorako teknologia ez da oraindik haur editatuak sortzeko, ez nahikoa seguru, ez eraginkor. Horixe da txinatar zientzialari batek 2018an bi ume editatu sortu izanaren iragarpenaren itzalpean izendatutako Giza Genomaren Edizio Germinalerako Nazioarteko Batzorde Zientifikoaren ebazpen nagusia. Irailean kaleratutako txostenak edizio geniko heredagarria ezartzeko ildo nagusiak marraztu ditu, noizbait jendarteak mota horretako DNA aldaketak onartzea erabakiko balu. Izan ere, edizio genikorako metodologia izugarri garatu da azken hamarkadan eta CRISPR/Cas9 edo TALEN moduko teknikak DNA sekuentzia posizio zehatzetan eraldatzeko gai dira, gehienetan. Jomugatik kanpoko aldaketen arazoa ez da guztiz konpondu, eta kaltegarriak izan daitezkeen ausazko akats genomikoak eragiteko arriskuak irauten du. Hori dela eta, zelula helduen genoma izan da orain arteko entsegu klinikoen jomuga. Abian dira zenbait anemia edota itsutasun heredagarri zuzentzeko helburua duten mota horretako saiakerak. Enbrioi, obulu edo espermaren genoman eraginez gero, aldiz, aldaketak hurrengo belaunaldiek ere heredatuko lituzkete, eta hori jauzi kualitatibo handia da.

Batzordearen arabera, erabat seguruak diren teknologiak garatu bitartean, fibrosi kistiko edo Duchenne distrofiaren moduko gaixotasun oso larriak sortzen dituzten mutazio ezagunak zuzentzera mugatu beharko lirateke hasierako entsegu klinikoak, eta soilik mutaziorik gabeko enbrioiak lortzeko beste modurik ez duten bikoteek hartuko lukete parte haietan. Praktikan, baina, mundu osoan ez da 100era helduko bi baldintza horiek betetzen dituen bikote kopurua. Horregatik, hain larriak izan ez arren, ohikoak diren beste gaixotasunei ere ateak zabaltzea proposatu du Batzordeak (hiperkolesterolemia familiarra kasu) betiere in vitro ernalketa bidez saiatu eta mutaziorik gabeko enbrioiak lortu ez dituzten bikoteengan. Bestaldetik, giza gametoetan eta enbrioietan mutazioak zuzentzeko metodologiaren arloan laborategiko ikerketa areagotzea galdegiten du aditu taldeak. Aldi berean, teknologiaren garapena gainbegiratuko duen aholkularitza lantalde independetearen beharra ere azpimarratu dute. Txostenak alderdi zientifikoak baino ez ditu jorratu, eta bere aztergaietatik kanpo geratu dira edizio genomikoaren erronka sozial eta etikoak: tekniken eskuragarritasun unibertsala, diseinuzko umeak edo eugenesia, adibidez. Laster espero dira Osasunaren Mundu Erakundearen hausnarketa eta gomendioak eztabaidagai horien inguruan. Lehen aldiz, gizanabakoa gainditzen duten erabaki klinikoak hartu ahal izatearen atarian egon gaitezke laster. Gauza guztiak argitu bitartean, eta ohikoa ez bada ere, Zientziak zuhurtzia jarri du garapenaren aurretik, gaiak komunitate zientifikoan bertan sortzen duen bertigoaren seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.