ATZEKOZ AURRERA

Brotxa eskuan, inauteri gogoz

Bi aste baino ez dira falta Tolosako inauterietarako, eta hainbat kuadrilla jo eta ke ari dira karrozak prestatzen: lehen aldia dute batzuek, eta urteetako eskarmentua besteek.

Karrozak ez ezik, mozorroak eta koreografiak ere prestatzen dituzte tolosarrek inauterietarako. JON URBE / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Tolosa
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Lehenik, egitura; izan dadila sendoa. Ezbeharrik ez dadila gerta parrandan. Gero, arkatza: ahalik eta zehatzen marraztu, margotu aurretik. Eta pintura, eta pintzelak, eta lagunak. Denak jo eta su lanean Tolosako (Gipuzkoa) Ferialekuan. Izan ere, bi aste baino ez dira falta inauterietarako; urte guztiko parranden artean, huraxe dute kutunena. Eta hala izan dadin lan egiten dute: mozorroak bezainbeste zaintzen dituzte karrozak.

Musika ozen entzuten da: tzun, tzun, tzun, tzun. Gimnastika erritmikoan entrenatzen ari dira eraikinaren zati batean. Bestean, dozenatik gora karroza, eta kuadrilla ugari lanean, hondoko musika biziari jarraitzen, edo euren kantu zerrenda propioa jarrita. Halaxe dabiltza Sara Urkola eta haren lagunak. «Itsasontzi moduko bat egiten ari gara: bikingoz mozorratuko gara». Sei lagun elkartu dira lanerako, baina 27 inguru aterako dira karrozarekin, 17 eta 18 urte artekoak. Gaztea izanagatik, hirugarren urtea du Urkolak lantegi horretan. «Ahal dugunean etortzen gara: gu, adibidez, margotzera eta dantza egitera etorri gara gaur».

Haiengandik gertu daude Mikel Arizaga eta Igor Irazu. Lehenengo aldiz ari dira karroza bat prestatzen, baina aurreratu samar dituzte lanak dagoeneko. Batzuk-batzuk elkartu dira inauterietan elkarrekin ateratzeko: hiru kuadrilla, guztira 32 lagun; Zapaburuak izena hartuko dute. «Ahal dugunok etortzen gara». Brotxa bana dute eskuan: xekez mozorrotuko dira, eta ia amaitua dute irudia.

Nerea Santesteban eta Ane Arozena Tololinpiadak antolatzen ari dira. «Tolosako Olinpiar Jokoak egitea pentsatu dugu herriko auzoen artean: tenisean, igeriketa sinkronizatuan, boxeoan, lasterka eta eskian arituko gara». Batxilergoko lehen urtean daude, eta ikasturte bereko 29 neska elkartu dira euren lehenengo karroza egiteko. «Kosta zitzaigun zer egin erabakitzea, baina, adostu genuenetik, primeran ari gara». Izan ere, inauterietan karrozarekin atera edo ez, aldea dago, haien ustez. «Gauez bai, baina egunez ez da gauza handirik izaten egiteko karrozarik gabe», azaldu du Arozenak. «Eta, egia esan, inbidia pixka bat pasatu genuen iaz», gehitu du Santestebanek.

Berandu, baina garaiz

Karrozetako batzuk bukatuta daude; esaterako, Grease pelikulako Pink Ladies-ena. Beste batzuk ez, ordea: giltza ingelesa hartuta dabiltza Jon Ander Etxeberria eta Beñat Gibelalde. Erromatarrez mozorratuko dira, baina lan pixka bat dute aurrean: «Nahiko gaizki zegoen karroza: egitura pixka bat txukunduko dugu, marrazten hasi aurretik».

Brotxa hartuta ari dira lanean Laiene Gil eta haren lagunak. «Batukada talde gisa ariko gara: saiatuko gara tresnaren bat edo beste jotzen», dio, barre artean.

Mikel Garmendia eta haren lagunak txabola moduko bat ari dira egiten: haiek dute esperientziarik handiena karrozekin, nabarmen. Harriketarrez mozorrotuko dira aurten. «Urte batzuk daramatzagu karrozak egiten: 25 bat izango dira». Astebete daramate lanean: ohi baino beranduago hasi omen dira aurten, baimenak beranduago banatu dituztelako, baina eskarmentua dute, eta lasai antzera daude. Lasai, eta inauteriak iristeko irrikaz: «Tolosarrak gara, eta, inauterietan, ezin etxean gelditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.