ATZEKOZ AURRERA

Kolore ziztadak azaleratuz

Tatuatzaileen bilgune bihurtu da Irungo Ficoba erakustazoka bigarrenez. Dozenaka postu eta 200 tatuatzaile egongo dira igandera arte. Lehiaketak eta erakustaldiak ere izango dira.

Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Irun
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Artea da tatuatzea; artea, gorputz batean», esan du Ander Oribek. Gasteiztik joan da Irungo Ficoba (Gipuzkoa) erakustazokara. Ahuspez jarrita dago ohatila batean. Kiku Gamell tatuatzailea ari da haren ezker hankako bikian lanean. Hartz baten burua, eta izokin bat haren ondoan. Animaliak, hitzak, pertsonak, landareak... tatuatzaileek irudi ugari egin zituzten atzo Ficobako tatuatzaileen azokan.

Kolore beltza da nagusi azokako pasilloetan, nola arropetan hala jendearen azaletan ere. Beltzez jantzita dago Maialen Caballero tatuatzailea; Irunen bildutako 200 tatuatzaileetako bat. Santa Venus da haren izen artistikoa: «Tatuajearen munduan ez da aurreratu Euskal Herrian. Ikuspegi itxia daukagu», adierazi du. Irungoa da tatuatzailea, eta uste du erakustoki egokia dela Ficobakoa ideia horiek alboratzeko. Ondoan du lankidea Caballerok, hanka batean ziztaka. «Egun osoko lana dauka. Tatuaje handiak ere egiten ditugu». Hain zuzen, lan horrekin arratsaldeko tatuaje lehiaketan parte hartzeko asmoa dutela azaldu du.

Beltza nagusi izanagatik, koloreen abanikoa zabalagoa da pasilloetan aurrera egin ahala. Askotariko marrazkiak daude mahaietan: garezurrak, marrazki abstraktuak, animaliak eta beste. Boligrafoz markatutako izter bat dauka parez pare Elena Olano tatuatzaileak; zakur baten argazkia dauka ondoan, tableta batean. Kolore marroi, horizta eta beltza ditu irudiak. Horiexek daude Olanoren ondoko mahaiko potetxoetan ere. Haietako batean sartu du orratza, kontu handiz.

Tatuajeak ez ezik, piercingak jartzeko aukera ere bada zenbait postutan. Kamiseten, jertseen eta buruko zapien salmahaiak ere badaude tartean; oholtzaren ondoan, esaterako. La Bibitches DJak jarritako abestiak ozen entzuten dira handik. Dantzan ari da musikaria, besoetako tatuajeak agerian. «Orain lanean ari naiz, baina tarteren bat badaukat, zerbait tatuatuko dut nik ere».

Tekno, rock eta bestelako doinuak jarriagatik, etenik gabeko makinen zarata da nagusi erakustazokan. Zertxobait isilago dago Juanpe Tattoo postuaren ingurua, amaitu berri baitu Sandra Tavira tatuatzaileak azokan egin duen lehenengo lana. «Madrildik etorri naiz. Egun hauek oportxoak dira niretzat; oporrak, baina lanean». Plastiko gardenaren zati batekin bildu dio ezker besoa Samuel Guerrerori: Ander irakur daiteke han. «Lehenengo tatuajea da. Nire lehenengo semearen izena tatuatu dut». Gogor samarra egin zaiola onartu du 40 minutu inguruko ziztada sorta.

Norbere ideien erakustoki

Buru-belarri ari da Ander Ortiz Villabonako (Gipuzkoa) tatuatzailea. Anders Tattoo irakur daiteke haren postuan. «Erakusleiho ederra da azoka. Tatuatzaileen arteko harremanak egiteko ere balio du». Aida Lecharen ezker besaburua da Ortizen azken lanaren erakusleihoa, oraindik amaitzeko daukan arren. Emakume baten aurpegia ageri da, eta landare bat du eskuetan. «Ama lurra da. Anderrek diseinatutakoa».

Arima Tattoo izeneko postuan daude Bittor Cid eta Xabier Letamendi. Tatuatzeko makinaz gain, errotuladoreak ere badituzte mahaian. Izan ere, free hand teknika erabiltzen du Letamendik: «Bezeroaren azalean marrazten dut zuzenean errotuladoreekin, haren ideiak eta erreferentziak erabilita». Teknikak teknika, marraztea baino gehiago da tatuatzea: «Adierazpen askatasuna da tatuajea; jendeari ideiak azaleratzen laguntzen diogu guk».Orratzak dantzan ibiliko dira gaur-biharretan ere azokan, ideiak koloreztatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.