ATZEKOZ AURRERA

Belaunaldiak batzeko zubia

Bi belaunaldi batu dira Leioako Arte Ederren fakultatean. Zahar etxeetan bizi direnen eta ikasleen arteko harremanak oinarri, fanzine bat osatuko dute, guztien sormen lanak batuta.

Arte Ederretako ikasle bat eta zahar etxeko andre bat, atzo. M. RAMIREZ / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Leioa
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Pertsonen arteko harremanek hazteko aukera ematen diete norbanakoei; aldebiko prozesu bat elikatzeko parada. Eman eta jaso, irakatsi eta ikasi, bien artean zubi bat sortu. Ezagutu eta berehala has daiteke zubia eraikitzen. Leioako unibertsitatekoikasleak (Bizkaia) zubiaren alde batean; Erandioko Igurco Unbe zahar etxeko kideak (Bizkaia) bestean. Eta, zimenduen eroale, bi irakasle.

«Errespetuz eta mimoz, bi belaunaldiren arteko erlazioak sustatu nahi izan ditugu. Guk lehen osagaiak jarri genituen, eta, hortik aurrera, berez eraikiz joan dira harremanak». Izaskun Alvarez Gainza marrazketa irakaslea da,Leioako Arte Ederren fakultatean. Hura da harremanei bide eman dien kideetako bat. Oso urrun ez dauden bi herri batzen ditu zubiak, eta uste baino hurbilago egon daitezkeen bi adin tarte. Asmo horrekin egin zuten atzo belaunaldien arteko topaketa, Leioako Arte Ederren fakultatean.

Unibertsitatera iritsi dira ikasketak aspaldi bukatu zituzten andre-gizonak, gazteak alboan dituztela. Zahar egoitzatik etorri diren hamabostetatik sei gurpil aulkian etorri dira, tartean Obdulia Arevalo. Izena esan eta berehala erantzun dio ikasleetako batek. «Obdulia izena duzu? Nire amak ere bai! Hartaz aparte, ez dut inoiz izen hori duen beste inor ezagutu». Irriz begiratu diote elkarri fakultatearen korridorean. Atea oraindik itxita dago, eta nahasita dabilenik ere bada. «Nora ekarri gaituzte, erizaintza gelara?», esan du gurpil aulkian doan emakumeetako batek. Atea ireki eta akabo misterioa: ikasleek han-hemenka sakabanatu dituzte bost sormen txoko, zahar egoitzako kideen eskura egon daitezen. Bikoteka edo hirunaka eseri dira, gazte eta zahar, elkarrengandik ikasteko prest.

Monica Fernandez eta Benita Gocenada eskanerraren aurrean paratu dira. Fernandez ikasleak esan dio: «Aurpegia eskaneatuko dizut?». Eskanerra hartu eta Gocenadaren aurpegira hurreratu du. «Pixka bat ilun atera zaigu, baina begira: bost segundotan zure irudia ordenagailuaren pantailan dago», esan dio Fernandezek Gocenadari, eskutik estu heldu dion bitartean. Gocenagak beste kezka batzuk ditu, baina: «Zenbat ordaindu behar dizut? Honengatik ordaindu beharko dizut, lanean zaude eta!». Fernandezek ikasten ari dela azaldu dio, eta nahikoa ordainsari dela denbora hori harekin pasatzea. Beste txoko batera mugitu dira gero.

Sormena, terapia

Gelaren bukaeran, mahai batean eserita daude diskretuki Pedro Magdaleno eta Milica Peuraca. Jatorriz serbiarra da Peuraca, baina Austrian eman ditu ikasten azken urteak. Orain, Leioan ari da Erasmus egiten. «Austrian antzeko proiektu baten parte hartu nuen adineko pertsonekin, eta oso aberasgarria da. Euren bizi esperientziatik eta perspektibatik asko ikasten da». Magdaleno arkatz elektronikoarekin dabil, aurrean duen tableta grafikoan idazten. «Unibertsitatean nago. Oso gustuko dut Milica», idatzi du horiz eta urdinez. 94 urte bete berritan gauza berriak ikasten ari dela dio. «Hemen nago lehen aldiz pantaila digital honetan idazten; ea 118 edo 120 urte betetzen ditudanean baliagarria zaidan».

Belaunaldien elkargune izateaz gain, proiektua beste gauza batzuk lantzeko bide da. Honela mintzatu da Nahia Zamanillo terapeuta: «Sormen artistikoa landuz, haien bizi kalitatea hobetzen laguntzen dugu. Memoria lantzeko aukera dugu euren oroitzapenetan arakatuz». Iraganekoa azaleratuz, etorkizunerako bidea ireki nahi diete, zubiak eraikiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.