ATZEKOZ AURRERA

Supermerkatua etxeko atarian

Dendarik gabeko herrietara denda bihurtutako kamioia eramaten du Koldo Landak astegunetan Pirinioan eta Pirinioaurrean. Orain, herritik atera beharrik ez dute erosketak egiteko.

Laura Oroz supermerkatu ibiltarira igotzen, Artzibarren. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Erosketak egitera joatea zaila du Conchita Uriz zaraguetarrak: 92 urte ditu, eta makilaren laguntzarekin ibiltzen da, poliki. Norbaiten besoari helduta hobeki moldatzen da. Hala ere, ostiraletan, erraz egiten du erosketa, denda etxeko atariraino joaten baitzaio. Klaxon doinu berezi bat adituta, badaki Koldo Landa orbaizetarra ailegatu dela supermerkatu ibiltariarekin. Lauzpabost metro baizik ez da mugitu, zaintzailearen besotik lehenbizi, eta eskailerako barrari ongi helduta gero, dendara igotzeko hiru mailak gainditu ahal izateko.

Denda bihurtutako kamioia dute esperoan, eta Landaren irribarrea. Lauzpabost gauza hartu dituzte. Pip, pip, pip: barra kodea irakurri, eta faktura eman die supermerkatuko gidari eta kutxazainak. Solas pare bat, eta agurrak. Bezero bakarra du Zaraguetan (Nafarroa), baina ostiralero joaten da Urizengana. «Erosketa txikia egin ohi du, baina merezi du etortzea. Hainbeste eskertzen du, ez zait batere kostatzen», esan du Landak.

Ostiraletan Artzibarren (Nafarroa) ibiltzen da kamioia. Herri txikiak dira eskualde horretan, eta gehienetan dendarik ere ez dago. Bederatzietan hasita, banan-banan zeharkatu ditu Arrieta, Hiriberri, Zaragueta, Orotz-Betelu eta Olaldea. Nafarroako Pirinio eta Pirinioaurre eskualdeak igarotzen ditu asteko jardunean: asteartean, Aezkoara doa; asteazkenean, Urraul, Longida, Untzitibar eta Itzagaondora; ostegunean, Erro eta Ibargoiti bisitatzen ditu.

Supermerkatu txiki bat da haren kamioia, herri edo auzoko denda baten modukoa. Sartu, eta han ikusgai dira produktu guziak, apaletan jarriak, azpian prezioaren berri ematen duten txartelekin. Hondoan ganbera hotza dago, baita izozkailua ere. Bezero gehienek oihalezko poltsak eramaten dituzte, baina ahantziz gero, plastikozkoak badaude.

Arrietan abiatu du jarduna Landak. Bi bezero izan ditu, eta haietako baten atariraino joan da kamioiarekin. Bigarren geldialdia, Hiriberrin. Han, bezero gehiago: lau lagun igo dira erosketak egitera. Hogei bizi dira herrian. Hala, banaka-banaka, denda hurbildu die urruti dutenei.

Elkar ezagutzen dute dagoeneko. Bost hilabete daramatza kamioiak bueltaka, eta geroz eta jende gehiago joaten da erostera. Laura Oroz Agoitzera (Nafarroa) joan ohi zen erosketak egitera, eta, Iruñera joaten zelarik, bidaia baliatzen zuen erosketak egiteko. «Hau garrantzitsua da. Alde batetik, oso ongi heldu zaigu, etxeko atariraino etortzen baita, baina, gainera, nahiago dut hemen erosi». Jose Mari Astrainekin egin du topo supermerkatu ibiltarian. Biek astero egiten dute erosketa.

Astrainek denetarik erosten du han. Esan duenez, lehen bazen denda ibiltari bat, baina ez zen horrelakoa. Albo batetik irekitzen zen. Nahiago du Landarena: «Polita da, eta dena bistan duzu. Prezioa pixka bat garestiagoa da, baina etxeraino etortzen da. Gainera, hemengoa da: nahiago dut dirua hemengo jendeari eman, eta ez E. Lecrerci». Autorik ez du behar orain erosketa egiteko.

Ingurua biziberritzen

Landak argi zuen Pirinioan lan egin nahi zuela. Aribeko (Nafarroa) gasolindegiko arduraduna da, eta Pirinioa biziberritzeko modu bat ere bada denda ibiltaria. «Gustatuko litzaidake herri guzietan denda bat egotea, horrek esan nahi bailuke jendea bizi dela». Argi du bere negozioa norentzat den: «Mugitu ezin direnentzat edo mugitu nahi ez dutenentzat». Gazte askok Whatsappez egiten diote eskaria, lanean baitira ordu horietan. Heldu den astean berriz ekinen dio bideari. Tuku-tuku, atzean daramatzan produktuen hobe beharrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.