ATZEKOZ AURRERA

Robotaren barruan bizi

'Hello, Robot' erakusketa zabaldu dute gaur Donostiako San Telmo museoan. Robotek sortzen dituzten itxaropenez eta beldurrez gogoeta egiteko bidaia bat eskaintzen du.

200 pieza baino gehiago bildu dituzte erakusketarako. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Robotek izugarri polarizatuta dute gizartea; ez dago eremu neutralik», esan du Amelie Kleinek, Alemaniako Vitra diseinu museoko ordezkariak. Hello, Robot erakusketa aurkeztu zuten atzo, Donostiako San Telmo museoan; gaurtik irailaren 29ra arte egongo da museoan. Klein da erakusketaren komisarioa, eta lehen bisita gidatua egiteko prestatzen ari da.

«Robotek sortzen dituzten arazo etiko eta sozialen inguruan eztabaidatzeko lekua izan nahi dugu», esan du Susana Soto museoko zuzendariak. Vienako arte aplikatuen MAK museoarekin eta Vitra eta Flandriako Gent diseinu museoekin lankidetzan egin dute erakusketa. 200 pieza baino gehiago ditu ikusgai. Lisboatik heldu da Donostiara, eta Eskoziarako bidea egingo du irailean.

Lagunak edo etsaiak?

Kleinen atzetik joan da taldea, San Telmoko barrunbeetara. «Hau bidaia bat bezalakoa da», esan du Kleinek; «robotarengana goaz, baina robota ere geuregana dator». Robotek kulturan duten garrantziaren ingurukoa da lehenengo geltokia. Ezagutu duzu robotik inoiz? Metalezko androide gisa irudikatu izan dira askotan, baina robotek ez dute zertan gorputz bat izan, azaldu du gidariak: «sakabanatuta egon daitezke».

Benetan behar al ditugu robotak? galdera egiten die erakusketak bisitariei. «Galdera txatxua da», adierazi du gidariak, eta adibide gisa sakelako telefono adimendunak jarri ditu. «Konturatzen gara bakarrik hamabi urte dituztela? Lehen horiek gabe bizi ginen, eta orain ezinbestekoak zaizkigu».

Baina, robotak gure lagunak ala etsaiak dira? Hainbat drone motaren soinua entzuteko gailu bat dago gelan. «Oso ezberdina da erantzuna guretzat eta Gazan edo Sirian bizi den batentzat».

Taldea hurrengo gelara sartu da. Beldurra dago airean. «Robotek lana kenduko digute? Histeria handia dago horretaz». Txinako lantegi baten irudi handi bat dago horman. «Ez du zentzurik gizakiok horrela lan egiteak», esan du Kleinek. «Zergatik oinarritzen dugu gure nortasuna lanean? Erromatarrek ez zuten lanik egiten; esklaboak zituzten».

Gidariak bitrina bat zabaldu du. Barruan peluxe bat dago, itsas txakur itxurakoa. Paro robota da; alzheimerra dutenentzat diseinatu dute. Gidariak bisitari baten besoetan jarri du, eta hark ferekatu du. Plazer soinuak egiten hasi da robota, eta begiak kliskatzen. «Hasieran, argi duzu gailu bat dela, baina, zaratekin erantzuten hasi zaidanean, berehala sinetsi dut», esan du bisitariak hunkiturik. «Badut katua, eta aldatzea pentsatu dut, honek behintzat ez duelako ilerik botatzen».

Haur autistei laguntzeko Leka robota dago hurrengo gelan. Oraindik prototipoa da, baina arrakastaz probatu dute, Kleinen arabera.

Ziborgari eskainitako gela da azkena. Exoeskeletoak, azal azpian txertatzeko txipak... gizakia eta robota bat egiteko gailuak. «Hau guztia onartuko da, eta ezingo dugu kanpoan geratu», azaldu du Kleinek. «Zergatik ez jarri inplante bat euskaraz hitz egin ahal izateko? Primerakoa litzateke».

Duela astebete, 5G telefonia sistema estreinatu zuten Donostian. Iragarri dute horrek sarera konektaturiko gailu kopuruaren eztanda ekarriko duela. «Gauzen Internet eta robota gauza bera dira», esan du Kleinek. «Sistema gaiztoa da, datu gehiago kenduko dizkigulako, eta gehiago kontrolatuko».

Sakelakoa atera du gidariak, eta inguruko komunikazio sareak irudikatzen dituen aplikazio bat zabaldu du: pantailak zutabe zuri birtualak erakusten ditu San Telmoko gela handietan: sateliteekin dauden loturak dira. «Ikusten? Dagoeneko robotaren barruan bizi gara. Horregatik da garrantzitsua eztabaida hau orain egitea. Ezin dugu itxaron».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.