ATZEKOZ AURRERA

Gutxiago, baina kalitatezkoa

Txakolinaren uzta berriak erakarrita, jende andana bildu da Getariako San Anton egunean. 'A bocados' saioko Ander Gonzalez eta Gabriela Uriarte izendatu dituzte Mahasti Jaun.

Irrikaz dastatu zuten atzo Getariako Txakolin berria. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
Getaria
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
San anton, bisigua monton esamoldeak duen esanahia ezkutuan geratzen ari da urteak aurrera egin ahala». Isaac Ostolaza Getariako (Gipuzkoa) lehen alkatearen hitzak dira horiek. Garai batean, herrian bisiguak zuen prestigioa aitortzeko jaia izaten zen San Anton eguna. Apurka-apurka, arrain preziatuaren protagonismoa galduz joan den heinean, txakolinak hartu dio Getariako erreginaren tronua. Atzoko eguna izan zen horren adibide, berriz ere.

Urtez urte jende andana erakartzen du txakolinaren uzta berriaren ekitaldiak, eta Gudarien plazan bizi zena horren erakusle izan zen. Txakolin botilak noiz irekiko zain eta zintzurra bustitzeko irrikaz zeuden denak. Teresa Argibe oriotarra, esate baterako, barraren lehen lerroan zegoen bere lagunekin. «Aita getariarra izanda eta Orion [Gipuzkoa] bizi izanda, aitariilusio handia egin zion esan nionean gaurko eguna jai hartuko nuela».

Barraren bestaldean, bestelako giroa sumatzen zen. Basa Lore txakolindegiko Iñigo Lazkano bere gurasoekin kaxetatik botilak ateratzen zebilen jo eta ke. «Egun ezin hobea da aurtengo uzta Getariara etorri direnei erakusteko». Gaztea izan arren, nabari zitzaion txakolingintzan eskarmentua bazuela. «Familiatik jaso dudan ohitura da, eta eutsi egin behar zaio». Lazkanoren ezkerraldean, Elkano txakolindegikoNerea etaEkaitz Zimmerman anai-arrebak ere ez zebiltzan geldirik. Nerea gustura zegoen aurtengo uztak eman duenarekin. «Iaz baino gutxiago bildu dugun arren, kalitate handiko txakolina dugu». Ekaitzek, berriz, aitortu zuen txakolinari oraindik heldutasun puntu bat falta zaiola eta martxo aldera gorputz gehiago izango duela.

Hamabietako kanpaiak jo ahala, Gazte Alai txistulari taldeak eman zion sarrera aurkezpen ekitaldiari. Txakolingileek «tradizioa errespetatuz eta bertako produktua zainduz» lan egiten dutela azpimarratu zuen Kepa Iribar aurkezleak. Denera 3.400.000 kilo mahats bildu dituzte txakolina ekoizteko. Emilio Ostolaza jatorri izendapeneko presidentearen arabera, urte «arraro samarra» izan da klimatologiari dagokionez. Halere, mahatsaren osasuna «oso ona» izan denez, aurtengo uzta berriko txakolina «fin eta elegante» gisa aurkeztu zuen bertaratutako jendearen aurrean.

1989. urtean, Eusko Jaurlaritzak Getariako Txakolina sor-marka errekonozitu zuenean, 42 hektarea eta 13 upategi besterik ez zeuden. Gaur egun, ordea, 436 hektarea eta 33 upategi daude Gipuzkoa osoan banatuak.

Ekoizleen lana goraipatu

Uzta berria aurkeztearekin batera, Mahasti Jaunak ere izendatu zituzten: ETB2ko A bocados saioko aurkezleak, Ander Gonzalez sukaladaria eta Gabriela Uriarte dietista-nutrizionista, «bertako produktuekin egindako sukaldaritza osasungarria babesteagatik». Uriarte ezin izan zen joan, eta Gonzalez bakarrik igo zen oholtzara. Txakolina egiten duten ekoizleen lana goraipatu zuen. Mahasti Jaunek eta Getariako Txakolina ekoizten duten upategietako kideek egin zuten lehendabiziko topa. Atzetik, frontoian bildu ziren herritarrek jarraitu zieten, Taula txalapartak girotuta.

Ordubiak gerturatu zirenean, inguruko herrietatik etorritakoak Getariako jatetxeren batean lekuren bat topatzeko esperoan ziren. Etxeko batzuk, ordea, oraindik jarraitzen diote arrantzaleen usadioari: elkarte gastronomikoan mimo handiz prestatutako bisigua jatea. Hori bai, txakolina bazterrean utzi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.