ATZEKOZ AURRERA

Transmisioa berma dadin

Tolosako inauteriak gerturatu ahala, hainbat gazte kuadrilla jo eta ke ari dira karrozak berritzen. Udalak 90 dezibeleko muga ezarri dio karroza bakoitzari aurtengo jaietarako.

Tolosako kuadrillak hasi dira inauterietarako karrozak prestatzen. J. C. RUIZ / FOKU.
Mikel Orañanos Iribar
Tolosa
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Urduritasuna nabaria da Tolosako (Gipuzkoa) kaleetan, egun gutxi geratzen baitira inauterietako festak eztanda egiteko. Jaiak gozatzeko, ordea, prestaketa lana egitea ezinbestekoa izan ohi da. Usabalgo poligonoan, esaterako, ezohiko mugimendua sumatzen da; trailerrakjoan-etorrian ibiltzeaz gain, inauterietako karrozak egiten dabiltzanak ere badira, bakoitza bere erritmoan.

Iaz erabili zuten karroza berberarekin aterako dira kalera gehienak. Soilik atoiaren gainean dagoen plataforma aldatu edota kanpoko diseinua berritzen diote, karrozarekin ateratzea ez baita merkea. Iker Sukiari eta haren kuadrillakoei, esaterako, lan franko ematen ari zaizkie soldaketa lanak. Sukiaren lagun baten gurasoek utzi zieten atoi zaharra, eta plataformaren gainean baranda batzuk jartzeko ahaleginetan dabiltza. «Eskerrak gutxi batzuk soldaketa lanetan iaioak diren», dio, barrez. Bi aste daramatzate lanean, eta egunean bertan erruleta lehiaketa bat antolatuko dute.

Kuadrilla guztietan gertatzen den moduan, hiruzpalau lanean dabiltzan bitartean,beste guztiak begira egon ohi dira. Xabi Artieda da horietako bat. Halere, harena izan da aurtengo inauterietako ideia, Madrildik ekarria, gainera. «Bingo lehiaketa antolatzeaz gain, egoera horretan sortzen den ikuskizun bat imitatuko dugu». Horretarako, aurkezle eta zerbitzari mozorrotuko dira. Karrozaren iazko hezurdura mantendu duten arren, kanpotik gorriz margotu dute brotxaz, eta pabiloi ondoko enpresan erositako egurrarekin eta metalarekin itsasontzi bat irudikatuko dute. Artiedarentzat zazpigarren aldia da karroza handietan ateratzen. «28 urte edukita ere, tradizioari eutsi egin behar zaio».

30 lagunek osatzen dute taldea, eta, beste guztiek bezala, igandean eta asteartean karrozarekin ateratzeko asmoa dute. 08:30ean elkartuko dira karroza udalak esandako lekura eramateko. 11:00etan, karroza guztiak finkatuta daudela, bakoitzak bere ikuskizuna emango du jendaurrean. «Eguneko unerik txarrena amaieran karrozak berriz ere Usabalera eramatea izaten da. Halere, aurpegi ona jartzen ere badakigu», esan du Artiedak.

Era guztietako diseinuak ageri dira Usabalgo pabiloian: txinatar etxe bat, tanke bat, edota elizaren diseinuan oinarritutako karroza. Tentu handiz, karrozaren kanpoaldeko zuloak tapatzen dabiltza Ainhoa Urkia eta Julen Vecino. Jaunartze bat egingo dute, eta hala, apaiz, sakristau eta ikasle mozorrotuko dira. Dantzaldi bat ere prestatu dute, entseguekin «larri» dabiltzan arren.

Urkiaren eta Vecinoren egoera bertsuan dago Josune Sanchezen taldea ere, nahiz eta urtarrilean hasi ziren lanean. «Oihaneko animalia gisara mozorrotuko gara», zehaztu du Sanchezek. Guraso izanda ere, seme-alabekin ateratzeko asmoa dute karrozan. «Gure arbasoek karrozen gainean magia egiten zuten, eta usadio hori belaunaldiz belaunaldi transmititu egin behar da. Inauterietako tradizioak bai ala bai bizirik iraun behar du».

Dezibelen mugan, zalantza

Karrozen, konpartsen eta txarangen arteko harremana «ona» izan dadin, udalak lege bat jarri du martxan. Hemendik aurrera, karroza bakoitzak 90 dezibelera arteko muga izango du musika jartzeko. Arau berri horrek zalantza sortu du karrozetan aterako diren gazteen artean. Vecinoren ustetan, 90 dezibeleko mugarekin musika «oso gutxi» entzungo da. Artieda ereiritzi berekoa da: «30eko talde batean konpartsan ateratzen diren azken lerroetakoek hutsaren hurrengoa entzungo dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.