ATZEKOZ AURRERA

Kantu bat berdintasunari

New Yorkeko Triangle Shirtwaist lantegiko sutearen istorioa hizpide du Jaso ikastolaren hamargarren musikalak. Atzo egin zuten lehen aldiz, Nafarroako Gazte Orkestrarekin batera.

IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
Barañain
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Maindire moreakoholtza gainean. Hiru pisuko aldamio bat. Argi leuna eta estatuak bezala geldi demonio dauden aktore gazteak. Clara agertu da, liburu bat eskutan, Ederra eta piztia filmeko Ederraren pare. Berehala hasi dira aktoreak oholtzan gora eta behera. Film horretako Bonjour kantaren bertsioarekin aurkeztu du abesbatzak protagonista: «Emakume indartsua eta borrokalaria. Bitxia eta berezia, Clara». 1909. Paretan proiektatutako zenbakiak argitu du iraganaz ari direla. New Yorkeko Triangle Shirtwaist fabrikako ehungileak ari dira kantuan; berdintasuna dute aldarri.

Atzo aurkeztu zuen Jaso ikastolak bere hamargarren musikala, Barañaingo auditoriumean (Nafarroa). Goizean ikasleak izan ziren publikoan; arratsaldean, saio irekia. Musikalaren kodeak aski ongi menperatzeko eskarmentua dute Jasokoek: aldamioa, jantziak, koreografiak, piezak eta orkestra; atzokoa musikal bat izan zen, goitik behera. Nafarroako Gazte Orkestra zegoen zulogunean, berrogeita hamar ikasle inguru oholtza gainean, eta ezustekoa: hiru irakasle aritu ziren aktore.

Genero berdintasunari kantatu zioten Jasoko ikasleek. Haiek aukeratu zuten gaia, Imanol Janices musikaleko zuzendaritza taldeko kideak esan zuenez: «Gure hezkuntza ereduarekin bat dator haien erabakia». Clara pertsonaiak liburutegian aurkitu zituen erantzunak. Liburuetan murgilduta, Wang Zhenyi, Cleopatra eta Marie Coulomb ezagutu zituen.

Pertsonaia historiko horien bidez, Txinara eta Egiptora bidaiatu zuten ikusleek. Disneyko erreferentziekin jokatu zuen musikalak, ez bakarrik hasieran; Mulan filmetik bazuen Txinako eszenak, eta Aladdin filmeko bi kanturen bertsioen bidez egin zioten ohore Kleopatrari. Munduan barrena egindako bidaiek eman zioten magia eta indarra saioari. Fabrika irudikatzen zuen aldamioan paratutako estoreak jaitsita; proiekzioek goitik behera aldatu zuten hondoko paisaia. Berehala sartu ziren oholtzan kolore biziak, jende askoren artean egindako koreografiak eta abesbatzen indarra.

New Yorkeko ehungintza grebarekin eta Triangle Shirtwaist fabrikan nagusiak eragindako sutearekin bukatu zen obra, akrobazia gehienak azkenbururako utzita. Aktoreen ahotan aditu ziren berdintasunaren aldeko mezuak: «Emakumeak ez gara jaio gizonen menpeko izateko», edo «Non dago emakumeen duintasuna?». Azken kantak argi utzi zuen mezua, aho batez: «Borrokan dago giltza; guk dugu giltza».

Barrenak hustuta

Negar malkotan bukatu zuten obra. Besarkadak ezker-eskuin. Urduritasunak uxatuta eta adrenalina askatuta. «Lasaitua hartuta», Maioa Jimenez aktoreak esan zuenez. Kontent Mirari Camuesco: «Egin dugun lana islatu da». Zoriontsu Ane Zaro: «Txikitatik amestu dut hemen egotea». Protagonistaren rola jokatuta bete zuen ametsa. Lagunak aipatu zituen Maialen Laguardiak: «Ikasturte askotako ikasleak elkartzen gara, eta ezagutzen ez zenituen kideak ezagutzeko baliagarria da musikala». Eta hazteko ere bai, Jimenezen arabera: «Zure beldurrak gainditzeko balio du».

Malkoak idortzen ari zen Janices ere: «Oso pozik gaude. Hau erditzea bezala da: urte osoko lana dago atzean. Asebeterik gaude, eta ez emaitzarengatik, ikasleek izan duten jarrera sekulakoa izan delako baizik». Ekainaren 14an Iruñeko Erruki Etxean ariko dira, eta aurrerago, Iruñeko Baluarten. Udazkenean Donostiako Kursaalean eta Bilboko Campos Eliseos antzokian dute emanaldia. Morez tindatutako oihala altxatu dute. Ikuskizunak segituko du, kantuz, berdintasunaren aldeko aldarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.