ATZEKOZ AURRERA

Herdoil arteko egunak

Eguraldiak izan duen bat-bateko aldaketak, bero sapatik lanbrorako jauziak, tenperaturan egon den kontrasteak, kalte egin diete baratzeei. Hala esan dute Ordiziako azokako baserritarrek.

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
Ordizia
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ez dakienak jakin beza. Kalekumeari arrotza egingo zaio, baina «herdoil egunak» dira hauek. Herdoila, ugerra edo gorrina. Landareen gaitza, alegia. Onddo batek eragindakoa izaten da, eta halakoetan izaten du agertzeko arriskua: bero sapatik lanbrorako aldaketa horretan, kontrastean, eta hezetasun bat-bateko eta gehiegizkoan. Horretaz ohartarazi dute Ordiziako (Gipuzkoa) feriako baserritarrek.

Eguraldia ez baita elkarrizketarako gai hutsala baserritar batentzat. Haren menpe eta hari esker bizi da, eta, azken bi asteotan egin duena horren ezberdina izan denez, litekeena da ondorioak izatea baserritarraren jardunean. Joan den astean 40 graduren pean egon ziren landareek 20 graduren pean abiatu dute astea. «Kontraste hori oso txarra da baratzearentzat, eta kalte egiten dio. Lehortu egin zen lehenengo, baina egun hauetan hezetasun gehiegizkoa pilatu da», azaldu du Edurne Jauregik, Baliarraingo (Gipuzkoa) Irabiazpi baserriko nekazariak.

Goiztiarrenak bakarrik dabiltza oraindik Ordiziako plazan. Galdezka ari dira erosleak, eta ikusmiran eta kuxkuxean ikusleak. Letxuga klase ezberdinak, tipulin gorriak, tipulinak, lekak eta erremolatxak ageri dira, besteak beste, Jauregiren postuan. Koldo anaia ari zaio laguntzen Edurneri. «Begira letxuga hauek: zakarragoak daude, ez dute bestetan edukitzen duten distira hori, goxotasun hori galdu egiten dute halakoetan», azaldu du Koldok, arrebak esandakoak berretsiz.

Ura behar du baratzeak, eta ur asko behar izan du baratzeak joan den egunetan. Irabiazpi baserrian ez dute tantaz tantako ureztatze sistemarik. Lana pilatu zaie, baina ongi egin dute aurrera. «Gorrinaren arriskua dago orain. Landare batzuek, lekek adibidez, zaineko gaitza harrapatu dute. Hezetasun gehiegizko horren ondorioz, lizuna sortu zaie. Landarea ihartzen hasi da toki batzuetan», esan du Edurne Jauregik.

Tomateak ez ditu harrapatu gaitzak. Haiek dira orain kezka iturri baserritar askorentzat eta ideia asko izan gabe aurten landareren batzuk landatu dituzten kalekumeentzat. Koldo Jauregiren gomendioak haientzat: «Salda bordelesa izaten da halakoetan gehien erabiltzen dena. Kobrea eta karea nahastuz egiten da, eta horrela deitzen zaio Bordeleko mahastizainek asmatu eta erabiltzen zutelako fungizida gisa».

Ez da erremedio bakarra. Batzuek xaboi potasikoa erabiltzen dutela diote; beste batzuek, berriz, azeri buztana eta osina nahastuz egindako salda bat. «Gauzak ahalik eta naturalen egiten saiatzen gara. Ez diegu batere botikarik botatzen gure landareei», nabarmendu du Edurne Jauregik, bezero bati letxuga berde bikain bat poltsan sartzen dion bitartean.

Landareak gorrituta

«Zenbatean duzu luzokerra?» galdetu dio egun onik ere eman ez dion bezero batek Joanita Murgiondori, Mutiloako (Gipuzkoa) Agirieta baserrikoari. «0,60 zentimoan», erantzun dio. Aurpegiera zimurtu du bezeroak, eta ezer esan gabe alde egin du, modu txarrean. «Jende batentzat dena dago garesti; dena garesti», bota du Murgiondok etsipen keinuz.

Patxadaz dago eserita. Mende erdia darama postu berean. «Herdoil egunak dira hauek, bai. Kontraste horrek landareak gorritu egiten ditu. Txarra da bero hori landareentzat, eta txarra guretzat ere», esan du irribarrez.

Murgiondok dio baratzeak ez datozela atzeratuta. «Hezetasuna zuenari zart eragin dio bero horrek, eta loreak ere aurrera egin du kasu batzuetan. Botikarik ez dugu erabiltzen, eta azeri buztanarekin-eta jolasean ibiltzeko adin txarra daukagu jada [barrez]. Etor dadila etorri behar duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.