ATZEKOZ AURRERA

Bueltan da olatu laranja

Abiatu da IV. Euskarabentura espedizioa. Gaur egingo dute lehen etapa abenturan izena eman duten 127 gazteek: Mauletik Pagolara joango dira.

Kamisetak banatu zizkieten atzo parte hartzaileei, Maulen. GUILLAUME FAUVEAU.
Maule
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Motxila emozioz beterik eta gurasoen besarkaden artean hasi dute eguna jzioquitar belaunaldi berrikoek. Laugarren aldiz, martxan da jada Euskarabentura espedizioa.

Goizean goiz esnatu, eta 09:00etan abiatu ziren atzo Donostiatik, Gasteiztik eta Bilbotik; aurreneko biek Donibane Lohizunen eta Iruñean jaso zituzten lapurtarrak eta nafarrak, autobuseko abenturazaleen ongietorri garrasien artean. Pixkanaka, eguerdi aldera, hiru autobusak Maulera iristen hasi ziren, elkar ezagutzeko jolasei ekinez itxaron bitartean, eta lotsa alde batera uzteko intentzioz.

Gaur goizean jarriko da martxan espedizioa, Mauletik Pagolara (Nafarroa Beherea) egingo duten etapan, gaua Mauleko frontoian igaro ondoren.

Guztira, 127 gazte eta antolakuntzako 32 egongo dira une oro Euskal Herrian zehar pausoz pauso euskara ahoan. Zazpi probintziak zeharkatu eta ezagutuko dituzte. Nahiz eta laugarren edizioa izan, hau izango da abenturak hilabete osoa iraungo duen hirugarren aldia, iaz motzagoa eta mugatuagoa izan baitzen, pandemiaren eraginez.

Euskarabenturaren helburuetako bat gazteen artean euskararen erabilera sustatzea eta elkarren artean saretzea da. Euskal Herriko herri eta hiri anitzetako parte hartzaileak daude, eta, beren errealitatea partekatzeaz gain, euskararen bidean jarriko dira, zeharkatutako txokoak arnasgune bilakatuz. Izan ere, errealitate eta paisaia soziolinguistiko ezberdinak topatuko dituzte ibilbidean, beste ehunka abenturarekin batera; hori guztia, euskarari buruz ikasiz eta kontzientziatuz.

Nor bere itxaropen eta espektatibekin joan da espediziora: batzuk, lagunak egiteko asmoz; beste batzuk, euskara egunerokoan erabili ahal izateko, Euskal Herria ezagutzeko... Horietako bat da Urruñako (Lapurdi) Antoine Rival: «Udan zerbait egiteko eta ordenagailu parean ez egoteko» eman du izena abenturan. Hala ere, azaldu du ez etxean eta ez lagunekin ez dela euskaraz mintzo, eta bere maila hobetzeko ere joan dela, euskaraz bizi ahal izateko.

Bestalde, Santurtziko (Bizkaia) Leire Lapresak azaldu du etxean gurasoekin hitz egiten duela, baina beste inorekin egiteko aukerarik ez duela; horregatik, maila hobetzeko eta esperientzia bizitzeko eman du izena. Altsasuko Eneko Andueza, berriz, abenturagatik eta esperientziarengatik joan da gehienbat, uda ahaztezin bat helburu.

Saioa Lizarreta eta Olaia Garbalena baztandarrek azaldu dutenez, «lagunak egiteko eta uda ezberdin bat bizitzeko» parte hartuko dute abenturan, baita Euskal Herria ezagutzeko eta kilometroak egiteko ere; izan ere, 500 kilometrotik gora ibiliko dira oinez neska eta mutil gazteak.

Betiko udalekuen leherketa

Tolosako (Gipuzkoa) Libe Martinez de Retuerto xerpa lanean ari da. Lehenengo edizioan jzioquitar gisa ibili zen, eta azkenekoetan, berriz, xerpa moduan. Iazko edizio arraro eta ezberdinaren ondoren, itxaropen handia du aurten berriz ere normaltasunera itzuliko direla, eta «betiko udalekuen leherketa» izango dela. Gozatzea du helburu, eta argi utzi du beste urtebetez espedizioari zuku dena ateratzeko asmoz dagoela.

Hasi berri da hilabetea, eta gazteek aurrean dituzte oraindik ere ehunka kilometro, baina indarrez eta gogoz daude. Iker Goñi antolatzaileak argi utzi zien gazteei esperientzia ahaztezina dutela aurrean, baina baita gogorra eta zorrotza ere. Hala ere, motxila bete ilusioz ekingo diote bideari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.