Datorren asteko estreinaldiak

Periferia geografiko eta humanoak

Zinemaldian estreinatu ondoren, aretoetara ailegatuko da Koldo Almandozen azken filma, 'Oreina'

Paisaiak garrantzi berezia du Koldo Almandozen Oreina filmean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Zinema aretoetara iritsi aurretik, Koldo Almandozek Donostiako Zinemaldiko zuzendari berrien atalean aurkeztu behar izan du bere film berria. Nahiko kontu paradoxikoa da Almandoz «zuzendari berritzat» hartzea, ibilbide luze eta oparoa egina baitu. Hain zuzen ere, orain dela 21 urte zuzendu zuen lehen lan zinematografikoa, Razielen itzulera.

Orduz geroztik, asko dira ondu dituen pelikulak, presarik gabe, baina modu konstantean. Belarra, Amuak, Midori, Deus et Machina, Hubert Le Blonen azken hegaldia... Akaso kontua da Almandozek genero laburra landu duela, eta horregatik askok ez zutela benetako zinemagiletzat hartzenzirkuitu komertzialetatik kanpo. Baina Almandozek beti aldarrikatu izan du film laburren balioa.

Duela bi urte, genero luzeagora jo zuen, Sipo Phantasma filmarekin. Bertan, Nosferatu, Dracula, Stoker eta Wilde elkartzen ziren itsasontzi oniriko batean. 69 minutu luze zen, ez berez pelikula luze-luzea, baina, formatu horrekin, aukera berriak zabaldu zizkioten donostiarrari. Urte hartan, Donostiako Zinemaldian hartu zuen parte Sipo Phantasma-k, Zabaltegi sailean, baita Rotterdamekoan ere.

Errealitateari lotua

Orain, Oreina azken filmarekin gonbidatu dute Donostiara. Txintxua Films etxeak ekoitzi du, eta, zuzendari lanak egiteaz gain, Almadozena berarena da gidoia. Aktoreen artean, badira euskal zinemagintzan aski ezagunak diren batzuk: Patxi Bisquert, Iraia Elias, Ramon Agirre... Haiekin batera, zineman lehen aldiz lan egin duen Laulad Ahmed Saleh dago.

Paisaiak garrantzi berezia du Oreina-n; industrialdeak eta natura elkartzen diren padura bat da agertoki nagusia. Berez, Oriako itsasadarreko Saria izeneko paduran filmatu zituzten sekuentzia horiek. Gainerakoan, Euskal Herrian dago filmatuta pelikula, Gipuzkoan gehienbat: Aginaga, Orio, Oiartzun, Zubieta, Donostia... Baita Nafarroako Elkanon ere.

Inguru periferiko horretan, Oreina-k hiru istorio gurutzatzen ditu. Batetik, Khalil gazte deserrotua dago, ahal duen moduan aurrera egiten saiatzen dena; horrez gain, elkarri hitzik egin gabe bizi diren bi anaia daude, baita inguru horretatik ihes egin nahi duen neska gazte bat ere.

Almandozen beraren hitzetan, «Oreina ibai film bat da. Likidotik du gehiago solidotik baino. Pentsamendu iheskorrei irekia dago, eta periferia geografiko eta humanoak erakusten ditu: adiskidetasuna, traizioa, ezkutuzko maitasun ezinezkoak, ezberdinen arteko elkartasuna, mendekua... Oreina lanarekin, lortu nahi dugu ikusleak sentsazioa izatea errealitatea ez dela eten zinematik ateratzean. Pantailan ikusi duenak ez duela bizitza ahaztu».

'OREINA'

Zuzendaria. Koldo Almandoz.

Aktoreak. Laulad Ahmed Saleh, Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Iraia Elias, Erika Olaizola.

Herrialdea. Euskal Herria.

Urtea. 2018.

Iraupena. 85 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.