Datorren asteko estreinaldiak

Autobiografiko bihurtu behar izan duen zinema

Irango zinemaren egungo errealitatea islatzen duen film bat egin du Jafar Panahi zuzendari zigortuak. Herrialdeko zinema irudikatzen duten hiru belaunaldi batu ditu

Sare sozialek Irango gizartean duten garrantzia jasotzen du filmak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Azken urteotan gertatu zaizkionak gertatuta, Jafar Panahiren zinemak, halabeharrez, oso bide autobiografikoa hartu behar izan du. Istorioa ezaguna da: 2010ean zinemagilea kartzelatua izan zen, Irango erregimenaren kontrako jarrera publikoa agertu ostean. Ordurako, herrialdeko zinemagilerik garrantzitsuenetakoa zen Panahi.

Zuzendaria zigortua izan bezain laster, nazioarteko kanpaina indartsu bat jarri zen martxan hura aske uztea eskatzeko. Zinema munduko kide ezagun ugarik hartu zuten parte, eta protestek ataka zailean jarri zuten Irango gobernua.

Egoera are gehiago korapilatu zen Canneseko zinemaldiak Panahi aukeratu zuenean sail ofizialeko epaimahaikide izateko. Zuzendariak, jakina, ez zuen Frantziara bidaiatzeko baimenik lortu, eta aulki huts baten bitartez salatu zuten hutsunea.

Zinema klandestinoa

Nazioartean hori guztia gertatzen zen bitartean, Jafar Panahi bera ez zegoen geldirik. Modu erdi klandestino batez —ez filmatzeko zigorra ere jarria baitzioten— In film nist pelikula egin zuen 2011n, Motjaba Mirtahmasb lagunarekin batera. Bertan, bien egunerokoa kontatu zuten, eta, bide batez, Irango zinemagintzaren egoera zaila salatu.

Lau urte geroago, zuzendariak modu normalagoan egin ahal izan zuen film bat. Taxi Teherango kronika filmatu bat zen, taxi batera igotzen ziren bidaiariek gidariarekin zituzten elkarrizketen bitartez emanak. Taxiaren gidaria, hain justu, Jafar Panahi bera zen.

Azken urteotan, ematen du gauzak nahi bezala adierazteko aukera zertxobait ireki dela Iranen. Panahik oraindik ere ez du baimenik herrialdetik ateratzeko, baina, gutxienez, aukera izan du beste film bat egiteko. Oraingoan, pelikularen kredituetan agertzen dira nortzuek parte hartu duten bertan; azkenengoetan, ez ziren agertzen, gertatuko zitzaienaren beldurrez baitziren. Filma berriro ere Cannesenlehiatu zen aurten, eta, bertan, gidoirik onenaren saria irabazi zuen.

Filmeko istorioak gaur egun sare sozialek Iranen duten garrantzia jasotzen du. Horien bitartez, gazte asko pertsonaia ezagunekin harremanetan jartzen dira, mota guztietako mezuak idatziz eta proposamenak eginez. Tartean, zinemagileak izaten dira, eta Panahik berak gisa horretako mezu asko jasotzen omen ditu.

Hortik abiatuta, Irango zinema irudikatzen duten hiru belaunaldiren gaineko pelikula bat egin du: iragana, orainaldia eta etorkizuna. Aktore irandar ezagun batek gazte ezezagun baten bideo bat jasoko du. Mezuak gutiz aztoratuko du, eta zuzendari adiskide bati haren bila joateko laguntza eskatuko dio. Hala, biak Iranen barrena abiatuko dira, ezagutzen ez duten gazte horren bila.

'THREE FACES'

Zuzendaria. Jafar Panahi.

Aktoreak. Jafar Panahi, Behnaz Jaffari, Maedeh Erteghaei, Narges Delaram, Marziyeh Rezaei.

Herrialdea. Iran.

Urtea. 2018.

Iraupena. 100 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.