Albistea entzun

Datorren asteko estreinaldiak

Lotoki seguru bat aurkitzea batere erraza ez zenekoa

Peter Farrellyk 'Green Book' pelikula egin du, erregistro dramatikora aldatuta
Viggo Mortensen eta Mahershala Ali aktoreak, <em>Green Book</em> filmeko eszena batean.
Viggo Mortensen eta Mahershala Ali aktoreak, Green Book filmeko eszena batean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Gontzal Agote -

2019ko urtarrilak 26

Oraindik ere gaurkotasun handia duten benetako gertaera batzuetan dago oinarrituta Green Book filmak kontatzen duena. Ez da liburu berde bat, Greenen liburua da, Victor Hugo Green izeneko afro-amerikar batek egin zuen liburua, alegia.

Lanaren ondorioz asko bidaiatzen zuen Greenek, eta ostatu hartzeko behin eta berriz aurkitzen zituen traba eta arazoekin nazkatuta, ideia bat izan zuen: jende beltza arazorik gabe hartzen zuen establezimenduen zerrenda egiten hasi zen. Hasieran, New Yorkeko estatukoa zen, baina izandako harrera ikusi ostean, ia herri osora zabaldu zuen.

Zerrenda liburu bihurtuta, ezinbesteko gida bihurtu zen AEBetan barna ibiltzen ziren afro-amerikarrentzat. Liskarrak, irainak eta mespretxuak saihesteko modurik onena bihurtu zen haietako askorentzat; horrela, Greenen liburua arrazakerian murgilduta segitzen zuen herrialde baten ispilu bihurtu zen.

Zerbitzuguneetan eta postaz saltzen zuten liburua, eta edizio asko izan zituen. 1936an hasi zen argitaratzen, eta, hortik aurrera, urtero karrikaratu zuten edizio berritua. 1966an utzi zioten argitaratzeari, 1964ko lege aldaketek ustez ez zutelako beharrezko egiten.

Liburua ez ezik, pelikulan agertzen diren bi protagonista nagusiak ere benetan existitu ziren. Tony Lip postariak eta Don Sherley musikariak elkar ezagutu zuten bidaia batean, eta 50 urte luze iraun zuen haien adiskidetasunak.

Hain zuzen ere, Tony Lipen semeetako batek idatzi du pelikularen gidoia, Nick Vallelongak. Aitari askotan entzundako istorio eta anekdotak bildu ditu bertan, txikitatik ziur baitzegoen horietan bazela pelikula baterako lehengaia. Familiako beste kide batzuek ere hartu dute parte filmean, rol txikiak jokatuz.

Anaien gainbehera

Green Book da Peter Farrellyk egiten duen lehen lan dramatikoa. Kontua ez da soilik erregistroa erabat aldatu duela orain arte komedietan iaioa zen zuzendariak; horrez gain, Bobby anaia gabe zinemarako egiten duen lehen lana da hau.

Egia esatera, Farrelly anaien marka ez zegoen bere onenean. Azken urteotan egindako proiektuek harrera hotza izan dute. Horren adibide garbia da orain dela bost urte egin zuten Dumb and Dumber To sekuela, oso oharkabean pasatu zena.

Urrun gelditzen dira bi anaien urrezko urteak. 1998an, There's Something About Mary-rekin, komedia ganberroa berrasmatu zuten, eta, filmak izan zuen arrakasta itzelari esker, hurrengo urteotan nahi zutena egiteko txeke zuria izan zuten. Baina ondotik etorri ziren horiekin —Me, Myself & Irene, Stuck on You...— etenik gabeko gainbeheran sartu ziren bi zuzendariak.

Dirudienez, bide dramatikoan inspirazio berria aurkitu du Peter Farrellyk, eta, oraingoz, gauzak ez doazkio gaizki: hiru Urrezko Globo irabazi ditu filmak, eta Oscar sarietarako hautagai posibleen artean da.

'GREEN BOOK'

Zuzendaria. Peter Farrelly.

Aktoreak. Viggo Mortensen, Mahershala Ali, Iqbal Theba, Linda Cardellini.

Herrialdea. AEB. Urtea. 2018.

Iraupena. 130 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Hilarri bakoitza mundu bat da orain»

Iker Tubia

Etxeko lanari segida ematea erabaki zuenetik, hargin eta ehorzketa lanetan aritzen da Soule. Droneak bestelako ikuspegia ematen dio, baita lanak ere: «Heriotzaz gehiago solastatu behar dela uste dut».
Ogirik gabe jateak gosea ez asetzea eragiten die batzuei, antropologia sozialak dioenez. ©BERRIA

Gosearen memoria kolektiboa

Naroa Torralba Rodriguez

Espainiako gerraren ondorengo gose garaiak ditu ikergai Gloria Romanek. Elkarrizketa saio batzuk egin zituen gerraostean haur izan zirenekin, eta artikulu bat idatzi du ogiak eta gozoek haien memoria indibidualean duten garrantziari buruz. Laburpena egin du Twitterren, eta erantzun ugari jaso du.

Aron Piper aktorea <em>El Silencio</em> telesailean. Fikzioa Bilbon girotuta dago. ©LANDER LARRAÑAGA / NETFLIX

'El Silencio': munduan gehien ikusitako telesailetan hirugarrena Netflixen

Urtzi Urkizu

Fikzioa 80 herrialdetan dago lehen hamarren artean. Ingelesezkoak ez direnetan, lehena da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.