Datorren asteko estreinaldiak
Isiltasunaren kontrako borroka

Azken garaiotan, gero eta ohikoago bihurtu dira Elizarekin lotutako sexu abusuen inguruko albisteak; Euskal Herrian bezala, mundu osoan eguneroko ogi bihurtu baitira horri buruzko salaketa publikoak. Urteetako isiltasuna hausten hasi da, eta gertatu denaren zati bat —txikia, oraindik— ezagutzen hasi da.
Aurretik ere aritua bazen ere, zinema ere hasi da gaiari heltzen, eta,, azken urteotan sexu abusuen eta Elizaren jokabide konplizearen inguruko pelikula ugari ikusteko aukera izan da. Horietako bakar batzuk aipatzearren, hor dira Pablo Larrainen El Club lazgarria, Pedro Almodovarren La mala educación autobiografikoa edota Spotlight saritua.
Orain, François Ozon zinemagile frantziarra da gaiari heldu diona, Grâce à Dieu filmarekin. Istorioa benetako gertaeretan oinarrituta dago: gutxienez 1986. urtetik Preynat abadeak egin zituen sexu erasoak ditu ardatz. Salaketak ezagutarazi zirenean, 2016an auzipetu egin zuten apaiza, eta Frantzian zeresan handia eragin zuen afera izan zen.
Pil-pilean dagoen gaia izanik, François Ozonek sekretu handiz egin behar izan du filmaketa. Izan ere, hasieran asmoa zuen Lyonen filmatzekoa, baina berehala ohartu zen ezinezkoa izanen zela halakorik, eta eliz barruko sekuentziak, Elizaren baimena behar zutenak, Belgikan eta Luxenburgon filmatu behar izan zituen. Zuzendariaren arabera, filma egin bitartean konturatu da zenbaterainokoa den eta noraino ailegatzen den egun Elizak Frantzian duen boterea.
Arazoak ez ziren horretara mugatu, filma Frantzian estreinatu behar zutenean estreinaldia debekatzeko hainbat saio izan baitziren. Azkenean, horiek ez zuten aurrera egin, eta Gràce à Dieu estreinatu ahal izan da. Are gehiago, filma Berlingo zinemaldian aurkeztu zuten, eta epaimahaiaren sari nagusia eskuratu zuen.
Filmografia oparoa
Filmean, Alexandre Lyonen bizi da, emaztearekin eta bien seme-alabekin. Halako batean, jakinen du txikitan abusuak egin zizkion apaizak oraindik ere haurrekin segitzen duela lanean. Hortik aurrera, haren kontrako borroka hasiko du. Alexandrerekin bat eginen dute Françoisek eta Emmanuelek, haiek ere apaizaren biktimak izandakoak. Kosta ahala kosta, haren jokabidea ezagutarazi nahiko dute.
Gràce à Dieu ale berezia da François Ozonen filmografia luzearen barruan. Izan ere, zuzendariak maitasun harremanekin eta pasioarekin lotutako filmak egin izan ditu gehienbat. 1997an egin zuen Regarde la mer lehenengo film luzea, eta orduz geroztik film ugari egin ditu. Horietako batzuek oihartzun nabarmena lortu dute: 8 femmes, Dans la maison, Jeune et jolie edota Frantz, besteak beste.
'GRâCE à DIEU'
Zuzendaria. François Ozon.
Aktoreak. Melvil Poupaud, Denis Menochet, Swann Arlaud, Eric Caravaca.
Herrialdea. Frantzia. Urtea. 2019.
Iraupena. 137 minutu.
Generoa. Drama.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.