Datorren asteko estreinaldiak

Espazioaren sekretuen bila

'Ad Astra' zientzia fikziozko filma beste mugarri bat da James Grayren filmografia apartan

Brad Pitt aktorea da espazioan gertatzen den film honetako protagonista. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
James Gray zuzendari estatubatuarrak 24 urte besterik ez zuen 1994. urtean. Lehen film luzea egin berria zuen, eta Veneziako zinemaldira aurkezteko aukera izan zuen, sail ofizialaren barruan. Askoren harridurarako, ezezagun hasiberriak zuzendari onenaren saria eraman zuen bueltan.

Filmak Little Odessa zuen izena, eta sorterrira itzultzen den hiltzaile profesional baten istorioa kontatzen zuen bertan. Pertsonaia nagusiarena Tim Rothek egin zuen, bi urte lehenago Tarantinoren lehen film txundigarrian parte hartu zuen berberak.

25 urte pasatu diren honetan, James Gray Venezian izan da berriro bere film bat aurkezten. Oraingoan, baina, ez du saririk eskuratu. Nolanahi ere, sortutako ikusmina ez da debaldekoa izan, eta kritikarien laudorio handiak eta ugariak jaso ditu Ad Astra-k. Urteko filmik inportanteenetakoa izaten ahal zela iragarria zegoen, eta, antza denez, oraingoan ere Grayk ez du huts egin.

Izan ere, lehen lanetik azkenengora doan tartean zinema garaikideko filmografiarik interesgarrienetakoa ondu du estatubatuarrak. Thriller ilun eta bereziak izan ziren nagusi lehenengo urteetan; The Yards eta We Own the Night. Horietan, ezinbesteko aktore batekin elkarlana hasiko zuen, Joaquin Phoenixekin.

Harekin ere, hurrengo filma eginen zuen, Two Lovers bikaina, Dostoievskiren narrazio baten berrirakurketa pertsonal eta erromantikoa.

Drama eta abentura

2013ko The Immigrant-ekin, alderdi dramatikoan are gehiago murgildu zen Gray, beste behin ere Phoenixekin elkarlanean. Hari erreplika emanez, Marion Cotillard aktore frantziarra. Filmak aurrekontu handi samarra zuen, iragan mendeko 20ko hamarkadan girotuta baitzegoen, eta ez zuen izan esperotako harrera.

Dena den, zinemagileak ederki jakin zuen egoerari buelta ematen. Hiru urte geroago, The Lost City of Z lana aurkeztu zuen, Percy Fawcett esploratzailearen gorabeherak ardatz zituen film bikaina. Abentura klasikoak eta Werner Herzogen oihaneko onirismoa uztartu zituen azken urteotan egin den filmik onenetakoan.

Horretan, Brad Pittek jokatu behar zuen rol protagonista. Agenda arazoak zirela medio, ezin izan zuen lana egin, eta Charlie Hunnamek bete zuen haren lekua. Azkenean, Pitt ekoizlea izan zen.

Ad Astra-n, ordea, gauzatu da zuzendariaren eta aktore ezagunaren arteko elkarlana. Pitt da protagonista espazioan gertatzen den zientzia fikziozko film honetan; aitaren bila abiatuko da, eta, bide batez,planeta mehatxatzen duten arriskuen berri izanen du.

Protagonistaren ondoan, espazioan mugitzea zer den ongi dakiten hiru aktore beterano daude: Tommy Lee Jones, Donald Sutherland eta Loren Dean. Orain dela hogei urte, hirurak izan ziren beste bidaia batean, Clint Eastwooden eskutik, Space Cowboys gogoangarrian.

'AD ASTRA'

Zuzendaria. James Gray.

Aktoreak. Brad Pitt, Liv Tyler, Ruth Negga, Tommy Lee Jones, Donald Sutherland, John Finn.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2019.

Iraupena. 124 minutu.

Generoa. Zientzia fikzioa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.