Datorren asteko estreinaldiak

Gauzak patxadaz egitearen artea

'A Hidden Life' da Terrence Malick zuzendariaren azken filma, kontzientzia eragozle austriar baten istorioa

Bigarren Mundu Gerran, inguruko guztien aholkuei entzungor eginez, Jagerstatterek uko egin zion gerran parte hartzeari. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Terrence Malickek Cannesen aurkeztu zuen azken lana, eta, bertan esandakoaren arabera, nolabait narrazio klasikorako itzulera da A Hidden Life. Izan ere, zinemagile estatubatuarraren azken lanek bestelako proposamen esperimentalagoak zituzten barnean, eta hori eztabaida ugariren iturri izan da zinemazaleen artean: maisulana ote zen Malick egiten ari zena, ala iparrorratza guztiz hondatuta zuen behialako zuzendari miretsiak?

Canneseko emanaldiak ez zituen zalantza handi horiek argitu, baina nahiko argi utzi zuen zuzendaria narratiba konbentzionalagoaren bidera itzuli dela. Saririk ez zuen eskuratu, eta, ohi denez, haren lanari buruzko jarrerak muturrekoak izan ziren: sekula ados jarriko ez diren aldekoak eta kontrako sutsuak.

Franz Jagerstatter kontzientzia eragozlearen bizitza da istorioaren oinarria. Sortzez austriarra zen Jagerstatter, mundutik bereiz, familiaren bake ederrean bizi zen nekazaria. Baina ez ziren lirikarako garaiak, eta 1939. urtean Bigarren Mundu Gerra abiatu zen. Handik gutxira, nekazariak Alemaniako armadaren deia jaso zuen.

Inguruko guztien aholkuei entzungor eginez, Jagerstatterek uko egin zion gerran parte hartzeari. Hirugarren Reicharen erantzuna ez zen samurra izan: austriarra preso hartu eta heriotza zigorra ezarri zioten. Bien bitartean, bizilagunek eragozlearen familiaren kontra ekin zioten.

Horixe da Malickek A Hidden Life-n kontatu nahi izan duena. Horretarako, ohiko patxadaz hartu du filma ontzearen prozesua; filmaketa ez zen sobera motela izan nonbait, baina gero muntaketa gelan bi urtez egon zen lanean zinemagilea. Bitarte horretan, filmean parte hartzen duten aktoreetako bi hil ziren, Michael Nyqvist eta Bruno Ganz.

Zinemagile berezia

Dena den, jokamolde hori ez da berria Malickengan. 70eko hamarkadan lehen film luzea egin zuenetik, estatubatuarrak zuzendari berezia-ren fama eskuratu zuen. 1973ko Badlands izan zen estreinako film hori, urte horretako Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra irabazi zuen maisulana.

Bost urte geroago, beste harribitxi bat egin zuen Malickek, lehenengoa baino are poetikoagoa zen Days of Heaven aparta. Besteak beste, Cannesen zuzendari onenaren saria irabazi zuen Richard Gere eta Brooke Adams protagonista zituen istorioak. Aktoreen lan bikainaz gain, Days of Heaven-ek Nestor Almendrosen fotografiari zor dio bere izate ia onirikoa.

Aitzitik, arrakastak ez zuen itsutu zinemagilea; ez du argazkietan ateratzea maite. Hogei urteko atsedenaldi artistikoa hartuta, 1998. urtera arte ez zen bere lan berria ailegatu: The Thin Red Line, gerran girotutako film bat. Eta, haren arrakastaren ostean, 2005ean The New World txundigarria.

Hortik aurrera, ohiko narrazio bideetatik gero eta gehiago urrundu da Terrence Malick, kutsu metafisikoa duten filmen bitartez: The Tree of Life, To the Wonder, Knight of Cups...

'A HIDDEN LIFE'

Zuzendaria. Terrence Malick.

Aktoreak. Augus Diehl, Matthias Schoenaerts, Valerie Pachner.

Herrialdea. AEB. Urtea. 2019.

Iraupena. 180 minutu.

Generoa. Gerrakoa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.