Datorren asteko estreinaldiak

Argia baino azkarragoa den trikua

Zinemara ailegatu da bideo jokoetako Sonic pertsonaia ezaguna, animazioa eta irudia uztartzen dituen film baten bidez. Jeff Fowlerrek zuzendutako film horretan, Jim Carreyk jokatzen du Robotnik doktorearen rola

Hasieratik polemika piztu zuen filmak: zaleen ustez, pertsonaiaren zinemarako moldaketa iraingarria zen. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Iragan mendeko 80ko hamarkadan, ez zen Gerra Hotza gori-gorian zegoen gatazka bakarra: garai berean, gori-gorian zegoen bideo-joko enpresa japoniarren arteko lehia gupidagabea. Bi ziren aurrez aurre zeuden arerioak: Sega eta Nintendo, eta bien ala bien helburua milioika bezero zituen merkatu hura kontrolatzea zen.

1985. urtean Nintendok kolpe gogorra eman zion lehiakideari: Super Mario Bros bideo jokoa jarri zuen merkatuan. Arrakasta erabatekoa izan zen, ezin konta ahala unitate saldu zituzten mundu osoan. Baina kontua harago zihoan; izan ere, ez zen bideo joko hutsa: harekin batera pertsonaia ikoniko bat jaio zen, Mario bera.

Hainbat urte lehenago sortu bazuten ere —1981ko Donkey Kong bideo jokoan agertu zen—, Mario iturginak bere izena zeraman jokoarekin eskuratu zuen ospea. Hainbesteraino, non Nintendoren ikur bihurtu baitzen.

Hori guztia gertatuta, Segan abian jarri ziren: berandu baino lehen konpetentziak lortutako arrakastari erantzun behar zioten. Alex Kidd izeneko pertsonaia batekin saiatu ziren, baina ez zuten esperotako emaitza lortu. Porrotaren ostean, diseinu lehiaketa batera deitu zuen konpainiak, eta Naoto Oshimaren Sonic The Hedgehog pertsonaia izan zen garailea. Segak bazuen zerekin erantzun.

1991. urtean atera zuten Sonicen lehen bideo jokoa, baina hasierako harrera ez zen oso ona izan: japoniarrek nahiago zuten Mario urdin-gorria. Dena den, bideo jokoa Japoniatik kanpo saltzen hasi zenean, gauzak aldatu egin ziren. AEBetan egundoko arrakasta izan zuen Sonic The Hedgehogek, eta hortik aurrera haren ospea munduan barna hasi zen zabaltzen. Behin helburua lortuta, triku azkarra Segaren irudi bihurtu zen, eta urteak joan urteak etorri, frankizia errentagarria bihurtu zen. Bideo jokoetan ez ezik, beste hamaika formatutan ere ikusi ahal izan dugu Sonic: komikiak, telesailak, mota guztietako merchandising-a...

Zaleen sumina

Zinemaren bidea ere egina zuen, baina oihartzun handirik ez zuen izan, hala ere: 1996ko animazio film japoniar bat eta Wreck-It Ralph filmean bigarren mailako parte hartzea izan dira orain artean Sonicek zineman eginak zituen agerpenik nabarmenenak.

Originaltasun handirik gabe, Sonic the Hedgehog jarri diote Jeff Fowlerrek zuzendu duen filmari. Eta hasieratik polemikaren erdian egon da proiektua: Sonyk hura iragarri zuenean, jakin-min handia piztu zen, eta zaleek gogo biziz espero zituzten lehenengo irudiak. Horiek ailegatu zirenean, zalaparta itzela eragin zuten; zaleen ustez, pertsonaiaren zinemarako moldaketa iraingarria zen, zabaldutako pertsonaiak ez baitzuen zerikusirik bideo jokoetako trikuarekin.

Horren aurrean, Sonyk atzera egin behar izan zuen, Sonicen diseinu berria agindu eta beste bost milioi dolar (4,5 milioi euro) gastatu behar izan zituen protagonista berritxuratzeko.

Polemikak polemika, animazioa eta irudi errealak uztartzen dituen film bat da Sonic the Hedgehog. Jim Carrey aktore ezagunak jokatu du Sonicen betiereko etsai Robotnik doktorearen rola. Hari aurre egin beharko diote triku urdinak eta Tom Wachowski lagun leialak.

'SONIC THE HEDGEHOG'
Zuzendaria. Jeff Fowler.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2020.
Iraupena. 108 minutu.
Generoa. Animazioa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.