Datorren asteko estreinaldiak

Haurtzaro galdu baten bidaia

Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian Caroline Link zinemagilearen 'Als Hitler das rosa Kaninchen stahl' filma. Nazismoaren garaiko haur baten kontakizuna du ardatz

Anna, filmeko haur protagonista, haur talde bat inguruan duela. ALS HITLER DAS ROSA KANINCHEN STAHL.
Nagore Arin.
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Hitlerrek untxi arrosa lapurtu zuenean, edo, jatorrizko bertsioan, Als Hitler das rosa Kaninchen stahl. Horrela du izena datorren ostiralean Hego Euskal Herrian estreinatuko den eta 9 urte dituen haur bat protagonista nagusitzat duen film luzeak. Drama usaina dario izenburuari, eta, hain justu ere, drama bat du oinarri, Adolf Hitler agintean jarri eta Alemanian nazismoa ezarri zuen garaia baitu agertoki.

1930ean girotuta dago filma: Anna zoriontsu bizi da, eta, adin bera duten haurren antzera, ez dago nazismoaren ondorioen jakitun. Hitlerren goraldia dela eta, baina, dena aldatuko da harentzat eta haren familiarentzat: Alemaniatik ihes egin, eta Suitzara joango dira, Zurichera, jatorri judutarrekoak baitira.

Etxebizitza, ordura arte eraiki eta lortutako guztia, harreman sarea... dena utzi beharko dute atzean, eta, Annaren kasuan, baita haurtzaroa ere, hainbeste maite duen eta berarentzat hain kutuna den untxi arrosa barne. Ihesaldi horretan, erronka eta estutasun ugariri aurre egin beharko diete, nahiz eta Anna ez den egoeraren larritasunaz ohartu ere egingo. Oztopoz oztopo, bidaia hori uste baino gehiago luzatuko da, eta, Zurichera bidean direla, Parisen eta Londresen ere egin beharko dute geldialdia.

Liburu batean oinarritua

Caroline Link zinemagileak egin du filma. Sentikortasun handiz landu du kontakizuna, oinarrian duen gordintasuna erakutsiz eta une umoretsuak ere erantsiz. Hain zuzen ere, hori azpimarratu du zinemazaleen sareak: gogorra dela, baina egoera dibertigarriz josia dagoela, bizitza bera bezala. Bi ordu irauten duen arren, arin pasatzen dira sekuentziak, ezer ez dagoela sobran sentitzeraino. Eta antzezleen lana ere gustagarri suertatu da: Anna pantailaratzen duen haurrarena, batez ere.

Filmaren izen bera duen liburu batean oinarrituta dago: Judith Kerr idazlearen Als Hitler das rosa Kaninchen stahl eleberrian. Mundu zabalean gehien irakurri diren gazteentzako eleberrietako bat da. 1971n argitaratu zen, eta autorearen bizitzako lehenengo urteetan oinarrituta dago. Kerr ere familia judu batetik zetorren,eta 1993an ihes egin behar izan zuten Berlindik. Annaren kasuan bezala, ezustean aldatu zitzaion bizitza. Gerora, heldutasunera iristean, galdutako haurtzaro hori liburu batean jaso nahi zuela erabaki zuen, eta gurasoei eskaini zien lana.

Ez da liburu hori pantailaratzen den lehen aldia: 1978an ere egin zen eleberrian oinarritutako film bat. Baina kontakizun hori irudiz jasotzeko bigarren aukera Oscar saridun bati eman zioten, Caroline Link zuzendariari, hain justu ere. 2001ean jaso zuen sari ezaguna, Nirgendwo in Afrika filmarekin. Hura ere nazismoaren inguruan egin zuen, naziengandik ihesi Kenyara joan zen familia baten inguruan. Harrera ona izan zuen, eta 2002an ingelesez besteko film onenaren Oscar saria jaso zuen.

'ALS HITLER DAS ROSA KANINCHEN STAHL'
Zuzendaria. Caroline Link.
Aktoreak. Riva Krymalowski,Oliver Masucci, Carla Juri, Justus von Dohnanyi, Marinus Hohmann, Ursula Werner, Rahel Hubacher, Peter Bantli, Hannah Kampichler, Anne Bennent, André Szymanski, Luisa-Céline Gaffron, Benjamin Sadler, Anne Schäfer [...].
Herrialdea. Alemaniaren etaSuitzaren artean eginiko elkarlana.
Urtea. 2019.
Iraupena. 120 minutu.
Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.