Datorren asteko estreinaldiak

Bi bide paraleloren elkargunea

Iciar Bollainek Maixabel Lasaren bizipenetan oinarrituriko istorio bat ekarriko du zinema aretoetara bere azken lanean. Filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da

Maixabel, filmeko protagonista, oroigarri baten aurrean. JUAN HERRERO / EFE.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Bizialdi baten kontakizuna da Iciar Bollainen azken lana. Gatazkak zeharkaturiko emakume baten istorioa, zinema aretoetara ekarria. Maixabel Lasaren bizipenetan oinarrituriko istorio bat. ETAko talde batek haren senar Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoa hil zuen 2000. urtean. Hamaika urteren ostean, etakide ohi batek aurrez aurre elkartzeko eskatu zion.

Errealitateak eta fikzioak bat egiten duten puntua da Maixabel. Lasak bere azalean bizitakoak, beste hezur-haragizko batean gorpuztuak. Bollainek eta Isa Campo gidoilariak Lasaren eta ingurukoen kontakizunetatik abiatuta ondu dute istorioa. Protagonisten ahotik entzundakoarekin jositako filma da; errealismoa du helburu, baina imitazioetan erori gabe.

Maixabelen bizitza hankaz gora jarriko da 2000ko uztailaren 29an, ETAko talde batek haren senarra tiroz hiltzen duenean. Urte batzuen ostean, telefono dei bat jasoko du espetxetik: senarra hil zuen taldeko kide batek elkartzeko proposamena egingo dio. Zalantzen eta minaren erdian, proposamena onartuko du, eta, senarraren heriotzatik hamalau urtera, etakide ohiarekin bilduko da Langraiz Okako (Araba) espetxean. Elkar ulertzeko bide baten lehen urratsa izango da topaketa hori. Minaz, galerez eta beldurraz mintzatzen da filma, baina baita zauriak leuntzeaz eta bigarren aukerez ere. Elkar ulertzeko ahaleginaz.

Pertsonaren azalean

Blanca Portillok jokatu du Maixabelen rola filmean, eta, fikziozko pertsonaia interpretatzeko, pertsona bera izan du lagun. Bollain, Campo eta Portillo Lasarekin batera aritu dira lanean filmaren hastapen prozesutik. Hurbiletik ezagutu dituzte haren historia, bizipenak eta sentipenak. Hots, pertsona ulertzen saiatu dira, pertsonaia ulergarri egiteko.

Luis Tosarrek eman dio forma beste aldeari: Ibon Etxezarreta etakide ohiarena egin du; Tosarrek ere izan zuen aukera antzeztuko zuen pertsonari aurpegia eta ahotsa jartzeko. Urko Olazabal, Maria Cerezuela eta Bruno Sevilla aktoreak izan dituzte alboan.

Filma datorren ostiralean helduko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara, baina, aurretik, beste geldialdi bat izango du: Donostiako Zinemaldia. Urrezko Maskorra lortzeko Sail Ofizialean lehiatuko da, eta gaur izango du aurrestreinaldia. Era berean, Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko aukera izango du, beste zortzi filmekin batera.

Zinemaldia ez da plaza berria Bollainentzat. Aktore gisa lehenik, eta zuzendari moduan hurrena, aski ezagun du Kursaaleko alfonbra gorria. Urte luzez kamera aurrean egon ostean, fokuaren bestaldera jauzi egin zuen 1995ean, lehen film luzearekin. Zortzi urte geroago ondu zuen lanak ekarri zion sona: Te doy mis ojos (2003). Zazpi Goya sari irabazi zituen, tartean zuzendari onenarena, eta bi aktore protagonistek Zilarrezko Maskor bana lortu zuten. Lanen eta sarien zerrenda luzatuz joan da ordutik; besteak beste, TambiƩn la lluvia,El olivo eta Yuli filmak egin ditu. Maixabel da zuzendu duen 11. film luzea.

'MAIXABEL'
Zuzendaria. Iciar Bollain.
Aktoreak. Blanca Portillo,Luis Tosar, Urko Olazabal, Maria Cerezuela, Bruno Sevilla.
Herrialdea. Euskal Herria-Espainia.
Urtea. 2021. Generoa. Drama.
Iraupena. 115 minutu.
Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinemetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.