Datorren asteko estreinaldiak

Luxuaren barrunbe ilunak

Ridley Scott beteranoak 'House of Gucci' filma ondu du, urteko bere bigarrena. Maurizio Gucci enpresari italiarraren hilketan oinarrituriko lana da, eta Lady Gaga du aktore nagusi

Lady Gaga aritu da protagonistaren rolean, House of Gucci filmean. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2021eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Ez dago geldirik egoteko Ridley Scott. 83 urte beteak ditu (South Sields, Ingalaterra, 1937), eta aurten bi film pantailaratu ditu: kritika apartak jaso dituen The Last Duel epikoa, batetik, eta burura eramatea asko kostatu zaion House of Gucci proiektu polemikoa, bestetik. Ibilbide profesionalaren azken atarian sartu denarentzat ez da gutxi.

Gorabehera handiko ekoizpen prozesua izan da House of Gucci-rena, hamabost urtetik gora behar izan baitu Scottek lana ontzeko. 2006ko ekainean aurreratu zuen Gucci familiaren dinastiaren erortzearen inguruko film bat egitekotan zela. Familiaren onespenik gabekoa zen Andrea Berloffek idatzitako gidoia; Angelina Jolie eta Leonardo Dicaprio ziren aktore gisa aritzekoak, Patrizia Reggiani eta Maurizio Gucciren roletan, hurrenez hurren. Ez zuen aurrera egin proiektuak: Jordan Scott, Ridleyren alaba, eta Wong Kar-wai zinemagileen eskutik ere igaro zen filma zuzentzeko aukera, baina horiek ere bertan behera geratu ziren. Azkenean 2019ko neguan jakinarazi zuten Ridley Scottek hartu zuela berriro zuzendaritzaren lema, eta filmaren ardatza Maurizio Gucci enpresa gizon italiarraren —moda eta luxuzko produktuen enporioa eraiki zuen familiak— hilketa izango zela, oinarri eta inspirazio nagusi Giannina Facioren The House of Gucci: A Sensational Story of Murder, Madness, Glamour, and Greed liburua hartuz. Orduan jakin zen aktore protagonistaren rolean, Reggianiren larruan jarrita, Lady Gaga ariko zela. The Wall Street Journal egunkariari emandako elkarrizketa batean Gagak adierazi zuen Reggianiren ahoskera, keinuak eta jarrera xehe aztertu zituela lana egin aurretik: «Pertsonaia erreal bat marraztu nahi nuen, ez karikatura bat». Adam Driverrek jokatu du Maurizio Gucciren rola.

Filmaren gidoia Roberto Bentivegnak idatzi du, eta figura nagusia Patrizia Reggiani da. 1980ko hamarkadan Reggiani eta Gucci ezkonduta egon ziren. 1995ean Gucci erail egin zuten, buruan tiro eginda. Mertzenario bat izan zen tirokatzailea.

Istorio erreala

Urte batzuk geroago, Reggianiri egotzi zioten hilketaren ardura, hiltzailea kontratatzearena, hain zuzen ere. 1998an errudun deklaratu zuten, eta 29 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Preso zegoela suizidatzen saiatu zen behin, bere burua urkatzen ahaleginduta. 2011n atera zen presondegitik, 18 urteko zigorra beteta, jokabide ona izan zuela argudiatuta.

Lehen ere hainbat ikus-entzunezko proiektutan parte hartu du Lady Gaga musikariak, American Horror Story telesailean (2015etik aurrera) eta A Star is Born filmean (2018), adibidez. Estreinatzeke du David Leitchen Bullet Train lana.

Sona handiko beste hainbat aktorek parte hartu dute House of Gucci-n. Jared Letok antzeztu du Paolo Gucciren papera; Jeremy Ironsek jokatu du Rodolfo Gucciren rola, Maurizioren aitarena, hasieran Robert de Niro izatekoa bazen ere; eta Al Pacino sartu da Aldo Gucciren larruan.

Orain artean plazaratu diren kritika apurrek nabarmendu dute «mafia giroko» film sendoa dela, Ridley Scotten The Godfather moduko bat.

'HOUSE OF GUCCI'
Zuzendaria: Ridley Scott.
Aktoreak: Lady Gaga, Adam Driver, Jared Leto, Al Pacino, Jeremy Irons, Salma Hayek, Jack Huston.
Herrialdea: AEB. Urtea: 2021.
Iraupena. 150 min.
Generoa. Drama.
Estreinaldia. Azaroaren 24an estreinatuko da Iparraldean, eta 26an Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.