Datorren asteko estreinaldiak

Ziegak, kaiolak, kontrola

Leonardo Di Ciostanzok presondegi zahar batean gatibu dauden presoen eta guardien arteko talkak erretratatu ditu 'Ariaferma' filmean, Foucaulten panoptikoa inspirazio hartuta

Silvio Orlando eta Toni Servillo aktoreak dira Ariaferma filmeko protagonistak; aurrenekoz lan egin dute elkarrekin. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Gaur egungo Italia; zehaztu gabeko leku bat, iritsiera zaila duena. Data ere zehaztugabea. XIX. mendeko presondegi zahar bat funtzionamenduz kanpo geratzera doa. Espetxearen zaindariak, etxera itzuli behar dutela-eta, gertaera ospatzen ari dira, baina ezustean iritsiko zaie berria. Presondegiko nagusiak jakinaraziko die dozena bat presok bertan jarraitu beharra daukatela, ez dagoelako lekurik gainerako kartzeletan. Presoak lekualdatzeko zain dauden bitartean, zenbait agentek espetxe zaharrean jarraitu beharko dute, zelatari lanetan. Gargiulo inspektorea izango da gidaria, Toni Servillok neurritsu eta soilki gorpuzturiko pertsonaia. Hortik aurrera hasiko du bere esperimentu zinematografikoa Leonardo Di Costanzo zuzendari italiarrak; hor du abiapuntua Ariaferma filmak.

Eraikinaren horma sendo dezimononikoek kaiola edo labirinto bat irudikatzen dute —hormek itomen sentsazioa dakarte, bizitza estutu egiten da horma horien artean—, eta barrenean bi talde txiki bereiziko dira modu nabarmenean: presoak, batetik, eta guardiak, bestetik. Bi taldeok ez dira, ordea, homogeneoak. Bi taldeetan daude buruberoak ere, eta norbanakoen arteko talkek eta borrokek saihetsezinak dirudite.

Di Costanzoren filmak ia ezinbestean egiten dio erreferentzia Michel Foucault pentsalari frantsesaren panoptiko kontzeptuari. Hark, aldi berean, XVIII. mendeko Jeremy Bentham pentsalari, jurista eta idazle ingelesaren ideia hartu zuen presondegi molde bat sinbolizatzeko: espetxe zirkular bat, dorre bat duena zentroan, zeinetatik presoak etengabe zelata daitezkeen, eta haiek ezin elkar ikus dezaketen. Panoptikoa, kontrol sozialerako modu eta estrategia modernoaren sinbolo gisa. Di Costanzo limurtu egin zuten Foucaulten hitz haiek: «... hainbeste kaiola, hainbeste teatro txiki, aktore bakoitza bakarrik eta bakanduta, perfektuki indibidualizatua, eta etengabe ikusgai».

Bi aktore, hain gertu, urrun

Panoptikoaren metaforaren erdian Gargiulo inspektorea dago: jatorri napolitarreko eta langile klaseko guardia zuzena. Gorrotorik ez duena, justiziaren alde diharduena, baina, halaber, lelo garbi bat duena: ezin da presoekin fraternizatu. Ifrentzuan, Carmine Lagioia, mafia txiki bateko buru adeitsua, Silvio Orlando aktoreak behar bezain anbiguo haragiztatua. Bien arteko borroketako batean zera esango dio Gargiulok Lagioiari: «Zuk eta nik ez dugu deus ere amankomunean». Baina ez da egia...

Ez da egia fikzioan, eta ez da egia errealitatean ere. Bi aktoreek lotura estua baitute. Biak dira Napoli probintziakoak; biak dira 60 urteren bueltakoak —1959koa Toni Servillo, 1957koa Silvio Olando—. Bizitza osoa daramate biek antzokietan eta zinemagintzan lanean. Ehun film baino gehiagotan parte hartu dute bien artean, sariak eta aitortzak jaso dituzte... baina inoiz ez dira aritu elkarrekin lanean. Galdetu izan dietenean zergatik ez duten elkarrekin lan egin, erantzuna soila izan da: «Orain arte ez digutelako planteatu».

Di Costanzoren laugarren film luzea da. Veneziako jaialdian aurkeztu zuen, iaz, lehiatik at.

'ARIAFERMA'

Zuzendaria: Leonardo Di Costanzo. Aktoreak: Toni Servillo, Silvio Orlando, Fabrizio Ferracane, Salvatore Striano. Herrialdea. Italia. Urtea. 2021. Iraupena. 117 min. Generoa. Espetxe-drama.
Estreinaldia. Apirilaren 8an estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.