Datorren asteko estreinaldiak

Amatasunaz, euskal kostaldean

Alauda Ruiz de Azua zinemagilearen lehen film luzea da 'Cinco lobitos'. Berlinen aurkeztu zuten, eta Malagan lau sari handienak eraman zituen. Bizkaiko kostaldean dago grabatua

Susi Sanchez eta Laia Costa aktoreak, Cinco lobitos pelikularen fotograma batean. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Bere film laburrekin makina bat sari jaso du azkeneko urteetan Alauda Ruiz de Azua zinemagileak (Barakaldo, Bizkaia, 1978). Film luzera jauzi egin duenean, harrera beroa izaten ari da. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula zinemagile baten opera prima Berlinalen estreinatzea —Panoramas sailean proiektatu zuten—. Eta, horrez gain, gaztelaniazko komunikabide gehienen arreta piztu du, Malagako zinema jaialdian (Espainia) lau sari garrantzitsu irabazita: film onenarena, gidoi onenarena, zuzendari onenarena eta publikoaren saria.

Ruiz de Azuak berak idatzitakoa da Cinco lobitos dramaren gidoia. Ama izatearen esperientziaz baliatuta, amatasunaren gaiari heltzen dio pelikulan bi norabidetan: Amaia protagonista ama izan berri da, eta ez daki egoera horri nola heldu. Baina, aldi berean, alaba ere bada. Beraz, Amaiak amarekin duen harremanak berebiziko indarra du istorioan. Baita amak zein aitak gordetzen dituzten sekretuek ere. Lehenago edo geroago, gurasoek ezkutatutako kontuak eta gezurrak azaleratu egingo dira. Pertsonaia protagonistaren bikotekidea atzerrian da lan kontuengatik, eta Euskal Herriko kostaldeko herri txiki batera joango da. Han elkartuko da gurasoekin.

Laia Costak jokatzen du rol protagonista. Amarena Susi Sanchezek egiten du —izua eragiten zuen pertsonaia jokatu zuen Dolores Redondoren Baztango (Nafarroa) trilogiaren lan zinematografikoetan—. Aitarena, berriz, Ramon Barea Bilboko antzerkigile eta aktore beteranoak egiten du. Interprete taldean, Jose Ramon Soroiz ageri da, baita beste aktore euskaldun batzuk ere. Eta aktore horien guztien lana funtsezkoa da istorioa ikus-entzuleentzat sinesgarri izan dadin.

Egoerak gainezka egiten dion ama gazte baten sentimenduak dira istorioaren abiapuntua. Baina bada gehiago: kontziliaziorako arazoak, senideen arteko harremanak, ume bat izan ostean ama bat fisikoki nola sentitzen den, aitatasuna... Gai unibersalak dira horiek guztiak: familiarenak.

Bakion eta Mundakan (Bizkaia) daude grabatuta kanpoko sekuentzia gehienak. Esaldi gutxi batzuk entzuten dira euskaraz, Laia Costa protagonistaren eta Jose Ramon Soroizen pertsonaiaren ahotan.

Film laburrak eta iragarkiak

Nahiz eta Alauda Ruiz de Azuarentzat Cinco lobitos den lehen film luzea, ikus-entzunezkoetan badu eskarmentua. Bost film labur zuzendu ditu, eta horietan erakutsi du istorioak kontatzeko trebetasuna. Horrez gain, ekoizle gisa aritu da Madrilen: Igloo Films ekoiztetxearen sortzaileetako bat da. Gainera, publizitaterako lan ugari egin ditu. Horrek eman dio aukera bere proiektu pertsonalei ekiteko.

Malagako jaialdian sariak irabazi berritan, Ruiz de Azuak gogorarazi zuen zinema zuzendari gehienak gizonezkoak direla, eta emakumezko zinemagile askok galtzak bete lan izaten dituztela bigarren film luzea zuzentzeko. Kontziliazio arazoez ere mintzatu zen, Cinco lobitos filmak berak agerrarazten duen moduan.

'CINCO LOBITOS'
Zuzendaria. Alauda Ruiz de Azua.
Aktoreak. Laia Costa, Susi Sanchez, Ramon Barea, Mikel Bustamante, Amber Williams, Lorena Lopez, Jose Ramon Soroiz, Leire Ucha, Nerea Arriola.
Herrialdea. Euskal Herria- Espainia.
Iraupena. 104 minutu.
Generoa. Drama.
Estreinaldia. Maiatzaren 20an estreinatuko dute Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.