Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

ZINEMA. DATORREN ASTEKO ESTREINALDIAK

Gorputz mutatuen istorioak

Giza gorputzaren mutazioak ardatz dituen etorkizun bat irudikatu du Cronenbergek 'Crimes of the future' filmean. Cannesen aurkeztu zuen zuzendariak filma
Lea Seydoux, Viggo Mortensen eta Kristen Stewart, <em>Crimes of the future</em> filmeko eszena batean.
Lea Seydoux, Viggo Mortensen eta Kristen Stewart, Crimes of the future filmeko eszena batean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Insausti Barandiaran -

2022ko irailak 17

Min fisikorik sentitzen ez duten pertsonak, plastikoa jateko gai direnak, organo berriak dituztenak... Mutatutako gorputzez beteriko etorkizun bat irudikatu du David Cronenberg zinema zuzendariak bere lan berrian. Arriskuak ez dira minarekin batera desagerraraziko, ordea: «Mundua askoz ere leku arriskutsuagoa da mina ia desagertu den honetan», dio trailerrak.

Saul Tesnerren oholtza gaineko ikuskizunak dira istorioaren erdigunea: artista ezaguna da Tesner, eta giza gorputzaren eraldaketa eta mutazioei buruzko zuzeneko emanaldiak egiten ditu, Caprice zirujau ohiaren laguntzaz. Bere gorputza erabiltzen du emanaldi horietan; izan ere, «eboluzio bizkorraren sindromea» pairatzen du, bere gorputza organo berriak garatzera behartzen duen nahasmendu bat.

Tesnerren jardunari gertutik erreparatuko dio Timlinek, Organoen Erregistro Nazionalaren Bulegoko ikertzaileak. Eta talde misteriotsu baten agerpenak kolokan jarriko du egoera: Tesnerren ospeaz baliatu nahi dute, munduari giza eboluzioaren hurrengo etapa zein izango den jakinarazteko.

Cronenbergek haren gertuko bihurtu den Viggo Mortensen hartu du protagonistatzat, Lea Seydoux frantziarrarekin eta Kristen Stewart estatubatuarrarekin batera; hirurek lortu dute ospea aktore gisa , eta hirurek poltsikoratu dituzte hainbat sari, Cronenbergen itzulerako filmean egoteko modua eman dietenak.

1970ean zuzendariak egindako film baten izen bera du kanadarraren azken lanak, baina ez da haren remake bat. Izan ere, orduko hartan, hainbat emakumeri kosmetikako produktu batek min arraro bat sortu ondoren, gaixorik ez zeuden emakumeak bahitzen zituen sekta bati buruz jardun zuen.

Dena den, gidoiko hainbat alderditan bat egiten dute bi filmek: gorputzeko organoen erreprodukzioan eta sexualitate berri bateranzko eboluzioan, esate baterako.

Cronenbergen itzulera

Zortzi urteren ondoren, zientzia fikzioa, fantasia eta beldurra uztartzen dituen istorio batekin itzuli da Cronenberg zinema zuzendaritzara. Hogei film luzetik gora zuzendu ditu kanadarrak, eta hainbat generotan lortu du arrakasta: zientzia fikzioan, thrillerrean eta drama psikologikoan, esate baterako.

Kanadarraren lanen artean daude, adibidez, Crash (1996), auto istripu bat izan ostean bata bestearekiko sexu grina sentitzen duten bi pertsonaiaren istorioa kontatzen duen filma; The Fly (1986), intsektu bihurtutako zientzialari baten istorioa kontatzen duena; eta Videodrome (1983), irudi aztoragarri batzuekin topo egin ondoren errealitatearen gaineko ikuspegia aldatzen zaion ekoizle bati buruzkoa.

Hain zuzen ere, haren ibilbidea aitortzeko, datorren asteazkenean Zinemaldiko Donostia saria emango diote zuzendari kanadarrari, Viktoria Eugenia antzokian, azken mende erdiko zinemagile «berezienetako bat» baita, antolatzaileen esanetan.

'CRIMES OF THE FUTURE'
Zuzendaria. David Cronenberg.
Aktoreak. Viggo Mortensen, Lea Seydoux, Kristen Stewart, Scott Speedman, Welket Bungue, Don McKellar, Lihi Kornowski, Tanaya Beatty, Nadia Litz, Yorgos Karamihos, Yorgos Pirpassopoulos, Denise Capezza.
Herrialdea. Kanada.
Urtea. 2022.
Iraupena. 107 minutu.
Generoa. Zientzia fikzioa, fantasia, beldurrezkoa.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Lagun talde bat Bilboko Pabiloi 6 antzeztokiaren aurrean, artxiboko irudi batean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Abandonutik ekosistemara

Amaia Igartua Aristondo

Hutsik dauden industria nabeak erabili dituzte artista batzuek kultur proiektuak sortzeko. Bilboko Zorrotzaurren, Pabiloi 6 da ereduetako bat. Guneon ekarpenak aletu dituzte 'Bigarren ekitaldia' filmean.
Jamalus Orion taldeko kideak League of Legends jokoaren norgehiagokan, atzo, Bilboko BAT dorrean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Gatazkaren zuzeneko kontaketa

Amaia Igartua Aristondo

Bilboko BAT dorrean League of Legends online bideojokoaren lehiaketa bat antolatu dute. Bataila jokoa da, baina futbol partida bat bezala kontatu dute, eta sarraskiak txalotu dituzte ikusleek.
Joseba Ossa, etxeko saunan. ©JON URBE / FOKU

Sauna, bizitzaren ardatz

Ane Insausti Barandiaran

Finlandian oso errotuta dago saunaren kultura, eta bai helduek eta bai gazteek eusten diote tradizioari. Euskal Herrian ere badira zaleak, eta esperientzia «sakona» dela diote. Hainbat ikerketaren arabera, ona da osasunarentzat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...