Tragedia eta haren pitzadurak

'Love Life' da Koji Fukada zinegile japoniarraren azken film luzea. Familia baten istorioa kontatzen du: ezbehar bat jasan, eta minari aurre egiteko modu askotarikoak arakatuz

Familia baten bizipenak ditu oinarri Koji Fukadaren filmak. LOVE LIFE.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Koji Fukadak 20 urte zituen Akiko Yano abeslari eta konpositore japoniarraren Love Life kanta lehen aldiz entzun zuenean. Zinegile japoniarra abestiaz maitemindu zen, eta ordudanik bere egunerokoaren parte bilakatu zen. Lehen entzunaldi hartan bere maitalearekin hitz egiten ari zen emakume bat zela pentsatu zuen, baina gutxinaka ama batek bere semeari esandako hitzak iruditu zitzaizkion. Hortik jaio ziren Love Life filmeko Taeko eta Keita pertsonaiak.

Keita semearekin eta Jiro senarrarekin bizi da Taeko, apartamentu txiki batean. 8 urteko Keita haurra Othello mahai jokoaren txapeldun nazionala da, eta amarekin keinu hizkuntzan hitz egiten du, haien arteko hizkuntza sekretua izango balitz bezala. Izan ere, Keita Taekoren senar ohiaren—Park— semea da, haurra txikia zenean abandonatu zituen gizon gorra.

Jiroren historia sentimentala ere ez da erraza: urte luzez Yamazakiren bikotekidea izan ondoren, seme txiki bat zuen Taekorekin elkartu zen, eta gizonaren gurasoek emandako etxean hasi dira bizitzen, haien zoritxarrez.

Jiroren aitaren 65. urtebetetze festa ospatzen ari dira, koloretako globo eta guzti, eta gurasoek benetan haiena izango den biloba bat eskatuko diote Jirori. Familia karaokean abesten ari den bitartean, ordea, haien bizitza errotik aldatuko duen istripua gertatuko da.

Koji Fukada zinegilea 2002. urtetik ari da bere lanak idazten eta zuzentzen, eta Love Life bere hamargarren film luzea da. Bere filmak jaialdi ugaritan aurkezteko aukera izan du, eta hainbat sari jaso ditu: Cannesko Un Certain Regard saileko epaimahaiaren saria eta Frantziako Arte eta Letren Ordenako zaldun izendapena, esaterako. Bere azken filma Veneziako jaialdian aurkeztu du.

Fukadak eskarmentua du melodramak eraikitzen, eta Love Life-en eskarmentu hori beste behin lanean jarri du. Tragedia bat jasan duen familia bati buruzko melodrama da, minari aurre egiteko pertsonaia bakoitzak hartzen dituen bide askotarikoak erakusten dituena. Bakardadea, komunikazio falta eta distantzia emozionala ditu istorioak erdigunean, eta ardurarik gabeko abiapuntu zoriontsu bat ez badu ere, tragediak ezkutuan zeuden saminak azaleratuko ditu.

Ezusteak

Love Life-n istorioak espero ez diren bideak hartzen ditu. Pertsonaiek zerbait ezkutatzen duten misterio kutsua dute, eta aurreikusi ezin diren gertakizunek aldatzen dute ezaguna denaren erritmoa. Filmak melodramaren arauak betetzen ditu, baina Fukada ez da beldur emozio une pisutsuak errealitatearen hoztasunarekin mozteko. Zenbaitetan zentzugabeak diruditen egoerek arintasuna ematen diote istorioari, eta absurdoak tragedian eragiten dituen pitzaduretatik bizitza eta, beharbada, esperantza ere sar daiteke.

'LOVE LIFE'
Zuzendaria: Koji Fukada.
Gidoilaria: Koji Fukada.
Aktoreak: Fumino Kimura, Kento Nagayama, Atom Sunada.
Argazkia: Hideo Yamamoto.
Musika: Olivier Goinard.
Generoa: Drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 123 minutu.
Herrialdea: Japonia.
Estreinaldia: Maiatzaren 19an estreinatuko dute Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.