Datorren asteko estreinaldiak

Klasiko ezezagun baten pizkundea

Luca Guadagnino zuzendariak Dario Argentoren 'Suspiria' filmaren bertsio bat egin du

Besteak beste, Dakota Johnson aktorea da filmeko protagonistetako bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Giallo generoaren ordezkaririk ezagunena izan da Dario Argento zinemagile italiarra. Berez, Mario Bava izan zen generoaren sortzailea, baina Argentok egin zuen ezagun, batez ere sorterritik kanpo. L'ucello dalle piume di cristallo edota 4 mosche di velluto grigio izan ziren iragan mendeko 70eko hamarkadan arrakasta izan zuten filmetako batzuk.

1977an, berriz, beldurrezko generoan sartzen den film bat egin zuen Argentok, Suspiria. Horrekin, trilogia bati hasiera eman zion zuzendariak; 1980an bigarrena egin zuen, Inferno. Baina trilogia amaitzeko arazoak izan zituen; baliabide ekonomikorik ez, eta 2007ra arte ezin izan zuen hura amaitu, La terza madre egin zuenean.

Suspiria Thomas de Quinceyren liburu baten moldaketa librea da. Jessica Harper aktore estatubatuarrak jokatu zuen rol nagusia, eta, harekin batera, Stefania Casini, Udo Kier, Miguel Bose eta Joan Bennet aritu ziren filmean. Estreinatu zenean, Suspiria-k nolabaiteko arrakasta lortu zuen, baina generoaren jarraitzaileez harago ez zen ailegatu haren oihartzuna. Urteen poderioz, baina, Suspiria kultu film bihurtu da, eta, gaur egun, Dario Argentoren pelikularik ezagunenetakoa da.

Berlingo Gerra Hotza

Horregatik, ez da arraroa azken urteotan hainbat zuzendari filmaren moldaketa berria egiten saiatu izana. Esate baterako, 2008an David Gordon Green zuzendariak iragarri zuen filmaren remake bat eginen zuela. Rol protagonistetarako aktoreak ere aukeratuak zituen: Natalie Portman eta Isabelle Hupert ariko ziren, besteak beste. Azkenean, ezerezean gelditu zen proiektua.

Luca Guadagnino zuzendariak ere urte luzez amestu du Suspiria-ren bertsioa egitearekin. 10 urterekin ikusi zuen Argentoren filma, eta guztiz txundituta gelditu zen. Iaz Call me by Your Name filmak izandako arrakastak—Oscar saria barne— aukera eman dio ametsa errealitate bihurtzeko.

Bertsio berria 1977. urtean girotuta dago, eta ez kasualitate hutsez, hori baita lehenengo Suspiria egin zen urtea. Friburgon gertatzen zen jatorrizko istorioa, eta oraingoa Berlinera lekualdatu dute, Gerra Hotzaren garai nahasietara.

Aldaketak ez dira horretan amaitu. Argentoren filmean, Goblin taldearen musikak berebiziko garrantzia zuen. Guadagninok, berriz, musika garaikidearen izen handi batengana jo du; Radioheadeko Thom Yorkek egin du soinu banda. Lehen aldia da Yorkek zinemarako halako lanik egiten duena.

Aldaketak aldaketa, Suspiria-ren oinarria ez da aldatu. Susie Bannion dantza ikaslea da Berlinen. Eskolak hasi eta berehala, ikaskide ohi bat hilik agertuko da. Eskolaren gaineko susmoa izaten hasiko da Bannion, uste baitu nolabait hilketa horrekin zerikusia dutela hango arduradunek.

'SUSPIRIA'

Zuzendaria. Luca Guadagnino.

Aktoreak. Dakota Johnson, Tilda Swinton, Chloe Grace Moretz, Mia Goth, Jessica Harper.

Herrialdea. AEB - Italia.

Urtea. 2018.

Iraupena. 152 minutu.

Generoa. Beldurrezkoa.

Asteazkenean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.