Datorren asteko estreinaldiak

Ikusezina izatea amesgaizto bihurtu zenekoa

Blumhouse ekoiztetxeak H. G: Wellsen 'The Invisible Man' eleberri ezagunaren bertsio zinematografiko berria egin du

Elisabeth Moss filmeko eszena batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Mende luze pasatu da H. G. Wellsek The Invisible Man eleberria argitara eman zuenetik, baina oraindik ere genero fantastikoaren klasikorik handienetakoa dira gizon ikusezinaren gorabeherak. Zinemak ere lagundu egin du Wellsen istorioa ezagun egiten, eta, orain, bertsio garaikide bat ezagutzeko aukera eskaintzen zaigu.

Garai horietan ohi zen moduan, Pearson's Magazine aldizkariak atalka eman zuen argitara The Invisible Man. 1897. urtea zen, eta narrazioak alimaleko arrakasta izan zuen. Hortaz, urte berean liburu formatuan jarri zuten salgai.

Ordurako Wells zientzia fikzio generoko egile ezaguna zen; aurreko urteetan idatzitako The Time Machine eta The Island of Doctor Moreau eleberriek ospe handia emana zioten. The Invisible Man-ek eta 1897an berean argitaratuko zuen The War of The Worlds-ek garaiko idazlerik famatuenetakoa bihurtu zuten idazle ingelesa.

Itxura misteriotsua duen ezezagun baten istorioa da gizon ikusezinarena: beroki luze batez eta eskularruz jantzita, betaurreko ilunak daramatza eta aurpegia hesgailuekin estalia du. Normala denez, Ipingeko biztanleek mesfidantzaz hartuko dute iritsi berria.

Moldaketa arrakastatsua

Poliki-poliki, gertatu zaiona jakinen du irakurleak: bere buruari egindako esperimentu zientifiko baten ondorioz ikusezin bihurtu da. Helburua hori izanik ere, kontua da egoera horrek ez duela atzera-bueltarik, eta munduarekin zein inguruarekin erretxindurik bizi da.

Hori da laburbilduz, eta spoiler-ik egin gabe, The Invisible Man-ek kontatzen duena. Eleberriak badu euskal itzulpenik: Gizon ikusezina, Miren Arratibelek euskaratu zuen, Literatura Unibertsala bildumaren barruan.

Zinemak ere behin baino gehiagotan begiratu die Wellsen lanei, eta arestian aipatu bezala, The Invisible Man ez da salbuespena izan. 1933koa da Universal etxeak egin zuen moldaketa; James Whalek zuzendu zuen, eta Claude Rainsek jokatu zuen rol protagonista.

Estreinatu zenean, filmak harrera ezin hobea izan zuen, eta gaur egun generoaren klasikoa da. Izandako arrakastaren ondorioz, ondorengo urteotan ekoiztetxeak beste film eratorri batzuk egin zituen: The Invisible Man Returns, The Invisible Woman, Invisible Agent...

Ikusteko dago jatorrizko lehengaitik zenbat duen The Invisible Man-en bertsio garaikideak. Leigh Whannell ezezagunak zuzendu du filma, eta horren atzean Blumhouse ekoiztetxea dago. Azken urteotan, bere eskutik etorri dira beldurrezko generoaren arrakastetako asko: Get Out, Split, Sinister eta Insidious sailak...

'THE INVISIBLE MAN'
Zuzendaria. Leigh Whannell.
Aktoreak. Elisabeth Moss, Storm Reid, Harriet Dyer, Aldis Hodge, Oliver Jackson-Cohen, Zara Michales.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2020.
Iraupena. 115 minutu.
Generoa. Fantasiazkoa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.