Datorren asteko estreinaldiak

Ura oinarri eta gogoetagai

Telmo Esnalen 'Urtzen' filma estreinatuko dute datorren ostiralean Hegoaldean. Pablo Azkueren 'Ur' ipuinean oinarrituta dago, eta uraren inguruko gogoeta ugari egiten ditu

Konfinamendu garaian ekoitzi zuen Telmo Esnal zinemagileak Urtzen dokumentala. Sortzaileen hitzetan, zinema entsegu moduko bat da filma. URTZEN.
Nagore Arin.
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Duela urtebete pasatxo inguru eta konfinamendu bete-betean. Hala berreskuratu zituen Telmo Esnal zinemagileak gaur egun Urtzen gisa plazaratu duen proiekturako zituen ideiak: ahaztutako lan bat omen zen, gerorako uzten diren horietako bat. Baina konfinatu zutenean, buruan zituen asmo horiek guztiak berrinterpretatu, aztertu, eta burutapen bat zena gauzatu egin zuen: Urtzen deituriko dokumentala. Konfinamendu garaian ekoitzi zuen, eta orain, proiektuari forma ematen hasi eta urtebete pasata, Hegoaldeko antzokietan estreinatuko du.

Pablo Azkueren Ur deituriko liburuan oinarrituta dago filma: ipuin bat da, eta, beste gauza askoren artean, kontzientzian eta itsasoan sakontzen du. Urtzen, berriz, ipuin horretan oinarrituta dagoen zinema entsegu bezala definitu dute: elkarrizketa ugari dituena, musika eta askotariko irudiak berrerabiltzen dituena, eta existentziaren inguruan hausnartzen duena. Funtsean, eta, sortzaileen hitzetan, aurrez aipaturiko guztiak biltzen dituen collage bitxi bat.

Ingurumenaren balioak

Iaz aurkeztu zuen jendaurrean filma, Donostiako Zinemaldian, Zinemira sailean, eta proiektu esperimental samarra izan arren, iritzi positibo eta laudorio ugari jaso zituen. Gainera, Greenpeace mugimenduak banatu ohi duen Lurra garaikurra ere jaso zuen Zinemaldian, ingurumenaren eta bakearen balioak eta printzipioak hobekien islatzen zituen filma zela argudiatuta. Gerora, Suncine Jaialdian ere proiektatu zuten dokumentala; hain zuzen ere, Ingurumenaren Nazioarteko Zinemaldian.

Donostiako Zinemaldiarekin paretsu, gainera, BERRIAk beste hedabide batzuekin elkarlanean egin ohi duen Zurriolako Butaka saioan izan zen Esnal, Urtzen dokumentala sustatzen. Proiektuari buruzko gauza asko aipatu zituen, hala nola ez zuela «handikeria» bat egin nahi, eta horregatik jo zuela xalotasunera. Hala, bakartasunean egindako lan bat bezala definitu zuen, eta ikusle gisa jokatu zuela sormen prozesu guztian. Esnal bera ere agertzen da dokumentalean, eta bera pantaila handian ikustea rrotza egin zaiola ere aitortu zuen, baina, azkenean, aurre egin ziola arroztasun horri.

Izan ere, Telmo Esnal ez da, zinemagintzaren arloari begira behintzat, antzezle gisa egin izan duen jardunagatik ospetsu. Hain justu ere, zuzendari bezala egin dituen proiektu guztiengatik da ezaguna. Tartean daude, besteak beste, Asier Altunarekin zuzendu dituen Txotx (1998) eta 40 Ezetz (1999) —biak film laburrak—, eta AupaEtxebeste! (2005) eta Agur Etxebeste! (2019) proiektuak. Bakarka, berriz, Urte berri on, amona! (2011) eta Dantza (2018) film luzeak zuzendu ditu. Orain, Ur ipuinean oinarritutako Urtzen lana egin du, eta ostiralean egongo da ikusgai Hego Euskal Herriko antzoki eta zinema aretoetan.

'URTZEN'
Zuzendaria. Telmo Esnal.
Aktoreak. Dokumental bat da, beraz, ez dago antzezlerik.
Herrialdea. Euskal Herria.
Urtea. 2020.
Iraupena. 95 minutu.
Generoa. Dokumentala.

Datorren ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko antzoki eta zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.