Datorren asteko estreinaldiak

Mendekuaren aurpegi ilunena

Itxialdi luze baten ostean, zabalik daude Ipar Euskal Herriko zinema aretoak. Ekoizpen asko estreinatuko dituzte asteazkenean; horien artean, 'Promising Young Woman' filma

Carey Mulligan antzezleak interpretatu du Cassieren pertsonaia, eta mendekuaren gaia jorratzen du nagusiki. PROMISING YOUNG WOMAN.
Nagore Arin.
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ziurgabetasun ugariren eta galdera eta harridura marka askoren ondoren, bueltan dira Ipar Euskal Herriko zinema aretoak. Pandemiaren ondorioz itxi zituzten, duela zazpi bat hilabete, eta, luzaroan geldirik egon ostean, berriro bueltatuko dira lehengo erritmora. Horrela, jada ikusgai dira aretoen itxialdi luzearen ondorengo lehen estreinaldiak, eta, horiekin batera, denbora luze honetan estreinatu gabe gelditu diren film luzeak.

Horien artean daude, besteak beste, The Father, Qiqiu eta Promising Young Woman film arrakastatsuak. Emerald Fennell zinemagilearen lehen ekoizpena da azken hori, Promising Young Woman: iaz estreinatu zuten, eta ordutik egin duen bidean laudorioak besterik ez ditu jaso zinemazaleen eta adituen ahotik. Aurpegi asko dituen film bat dela esan dute, eta genero bat baino gehiago uztartzen dituela; tarteanthrillerra, drama eta umore beltza edo umore zirikatzaile modura izendatu ohi dutena.

Probokazioaz haratago

Cassie deituriko emakume gazte bat da protagonista: etorkizun bikaina omen zuen aurretik, bat-batean gertakari ezatsegin bat jazo eta bere bide profesionalari eragin zion arte. Hala, gertaera hori abiapuntu hartuta, ondoren etorri zaiona islatzen du Fenellen estreinako lan luzeak, eta, azaldu dutenaren arabera, «ezer ez da dirudiena».

Gauaren munduan murgildu den emakume baten kontakizuna da filma, bizimodu bikoitza duen emakume bizkor eta ausart baten kontakizuna. Eta, hain justu ere, testuinguru hori bera baliatuko du pertsonaia nagusiak iraganean ondo atera ez ziren kontu horiek zuzendu eta errudun guztiez mendekatzeko.

Ekoizpenean, gainera, pisu handia du mendekuaren gaiak, eta ikus-entzuleen artean horixe da gehien nabarmendu dutena: mendekuaren aurpegiak zeinen ongi islatu dituen zuzendariak. Horrela mintzatu da, adibidez, ikusle bat: «Mendeku filmetan ikusi ohi ez den tonu bat hartzen du mendekuak filmean». Beste batzuek, aldiz, lanaren tonu iluna goraipatu dute, eta adierazi dute asko edaten duela probokaziotik: «Dinamitarekin jolasten du, eta badaki. Probokatzailea da oso, eta asko du iraultzailetik». Norabide horretan, bada lana feministatzat izendatu duenik ere: «Alegatu bihurri, kitzikagarri eta feminista egiten da ekoizpenean».

Emerald Fennellen lehen filma bada ere, ez da guztiz hasiberria zinemagintzaren eta fikzioaren industrian. Lan ugari egin ditu antzezle gisa, eta gidoilari zein ekoizle lanetan ere aritu izan da. Egin dituen lan ezagunen artean daude, adibidez, Albert Nobbs (2011) filma, Anna Karenina (2012), The Danish Girl (2015) eta Vita & Virginia (2018). Egin dituen telesailen artean, berriz,Call the Midwife (2013-2017) etaThe Crown (2019-2020) ekoizpen entzutetsuak daude.

'PROMISING YOUNG WOMAN'
Zuzendaria. Emerald Fennell.
Aktoreak. Carey Mulligan, Bo Burnham, Alison Brie, ConnieBritton, Jennifer Coolidge, Adam Brody, Laverne Cox.
Herrialdea. Erresuma Batua.
Urtea. 2020.
Iraupena. 112 minutu.
Generoa. Thrillerra, drama.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herriko zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.