Datorren asteko estreinaldiak

Norbere sustraiak birlandatuz

Landa eremu batera bizitzera joan eta biziera aldatu behar izan duen familia baten inguruan mintzo da 'Minari' filma. Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian

David izena du Minari filmaren pertsonaia nagusiak: 7 urte ditu, eta ikusleak haren ikuspuntutik ikusiko du ekoizpena. Irudian, David eta haren aita. MINARI.
Nagore Arin.
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Minari. Horrela du izena datorren asteazkenean Ipar Euskal Herrian estreinatuko duten Lee Isaac Chung zuzendariaren lan luzeak. Drama darion ekoizpen bat da, eta familiaren, migrazioaren eta landa eremuan eduki ohi den bizimoduaren inguruan egiten du gogoeta, besteak beste. Joan den urtean estreinatu zuten, eta oso harrera ona izan zuen aditu, zinemazale eta ikus-entzuleen artean. Hainbeste, ezen iaz eginziren film arrakastatsuenen eta sarituenen artean egon litekeela esan baitute.

1980ko hamarkadaren erdian girotuta dago: jatorri korearra duen familia estatubatuar bat da protagonista, eta gaztetxo baten ikuspuntutik garatzen da filma, semearen esperientziatik, hain zuzen. David du izena mutikoak; 7 urte ditu, eta haren bizimodua eta harreman sareak egun batetik bestera nola aldatu eta moldatu beharko dituen erakusten du; izan ere, bere gurasoak amets amerikar deitu ohi zaion amets hori betetzera joango dira landetxe txiki batera, Arkansas ingurura, nekazaritzan aritzeko. Bertan, hasieratik hasi beharko dute errutina eta biziera definitzen, eta, moldaera sasoi gehienetan bezala, galdera askotarikoak suertatuko zaizkie guztiei.

Oroitzapenetan oinarrituta

Laudorioak besterik ez ditu jaso Chungen lan bereziak. Estreinatu ondorengo ibilbidean, sariak jaso eta jaso ibili dira partaideak, baina, sariak ez ezik, loreak ere ugari jaso dituzte. «Hunkigarria, gozoa eta ahaltsua da», diote filma ikusi duten aditu batzuek. «Ederra eta bakarra», beste batzuek. Chung zuzendariaren jarduna ere goratu dute beste batzuek, eta maisulan bat egin duela esan dute. Horrela mintzatu da, adibidez, horietako bat: «Bere fintasunari eta detaile txikiei eskainitako arretari esker, esperientzia berezi eta bakarra bizi du ikus-entzuleak».

Detaile txiki horietako asko, gainera, oso esanguratsuak dira zuzendariarentzat berarentzat; izan ere, ukitu autobiografikoak dituela esan du. Munyurangabo (2007) filmarekin egin zuen jauzi zinemagintzaren industriara, eta, oihartzun handirik lortu ez zuen arren, film asko zuzentzen jarraitu zuen gerora ere; tartean, Lucky Life (2010), Abigail Harm (2013) eta IHave Seen My Last Born (2015) film luzeak.

Minari da egin duen azkena, eta, aurrez aipatu bezala, harrera ona izan du industriaren esparru zabalean. Ekoizpena estreinatu eta denbora gutxira, adibidez, Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Ikusleen Saria eskuratu zituen Sundanceko Zinemaldian. Beste hainbat sari ere lortu ditu gerora, eta 93. Oscar sarietan ere adituen eta industriako profesionalen arreta bereganatu zuen: bi sari irabazi zituen bertan.

'MINARI'
Zuzendaria. Lee Isaac Chung.
Aktoreak. Steven Yeun, Han Ye-ri, Youn Yuh-jung, Alan S. Kim, Noel Cho, Will Patton, Scott Haze, Eric Starkey, Esther Moon, Tina Parker, Darryl Cox.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2020.
Iraupena. 115 minutu.
Generoa. Drama.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.