Datorren asteko estreinaldiak

Euskaldun bat Argentinan

Euskal Herriko bizitzaz nazkatuta Argentinara ihes egiten duen euskaldun baten istorioa kontatzen du 'El vasco' filmak. Jabi Elortegi zuzendariaren bigarren film luzea da

Argentinan Euskal Herri txiki bat topatuko du Mikel protagonistak. BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiko Zinemira saila ireki zuen Jabi Elortegi zuzendari bizkaitarraren El vasco filmak. Euskal ekoizpena duen film luze bat da, eta aktore euskaldun eta argentinarrek hartu dute parte. Izan ere, filmak Euskal Herriko bizitza guztiz ahaztu nahi eta Argentinara alde egiten duen euskaldun baten istorioa kontatzen du.

Mikel (Joseba Usabiaga) nazkatuta dago Bermeon bizitzeaz. Neska lagunak utzi egin du, eta lanik gabe geratu da; beraz, bizitza berri bati ekiteko gogoz dago. Horretarako, Argentinako herri txiki batera joango da, urruneko senitarteko bat bizi den herrira, hura sortzen ari den enpresan lan egiteko.

Baina horrek ez dio utziko Euskal Herria atzean uzten. Argentinarrez jositako Euskal Herri txiki batera iritsiko da, herriko biztanleentzat oso garrantzitsuak baitira bai euskara eta baita euskal kultura ere, inoiz Euskal Herria zapaldu ez badute ere. Iristen den unean bertan, Mikel herritar guztien ahotan egongo da, benetako euskaldun bat iritsi baita.

Bidaiak irakaspen handi bat emango dio protagonistari: nahiz eta etxetik urrun egon, arazoek berekin bidaiatuko dute, kilometroek ez baitituzte desagerraraziko. Mikelek bere aitona-amonen historia ezagutzeko aukera ere izango du, eta horrek barrenak nahasiko dizkio. Konturatu gabe Euskal Herritik kanpoko Euskal Herri txiki batean harrapatuta geratuko da. Hori guztia kutsu komikoarekin kontatuta.

Argentinan, etxean bezala

El vasco-ren lehen gidoia orain dela zortzi urte idatzi zuen, eta, Donostiako Zinemaldiari esker, lan taldea Argentinako ekoizle batzuekin harremanetan jarri zen, proiektua errealitate bihurtzeko asmoz. Baina pandemia hasi zen, eta horrek ere eragina izan zuen filmaren ekoizpenean, grabaketak bertan behera utzarazi baitzituen. Azkenean iazko udan joan ziren zuzendari, aktore eta gainerakoak Argentinara filma grabatzera.

Jabi Elortegik zinemaldian BERRIAri emandako elkarrizketan adierazi zuen Argentinan «besoak zabalik» hartu zituztela, eta grabaketaren oroitzapen politak gordetzen dituela. Aktore euskaldunak —Joseba Usabiaga eta Itziar Aizpuru, esaterako—, aktore argentinarrekin elkarlanean aritu dira proiektu honetan. Ines Efron eta Eduardo Blanco izan dira aktore argentinarretako batzuk. Elortegiren hitzetan, «sekulako esperientzia» izan da Blancorekin lan egitea. Gidoia irakurri zuen lehen unetik gustatu zitzaion, eta proiektuan parte hartzeko prest egon zen hasieratik.

Gidoia egiteko arduradunak Xabi Zabaleta eta Arantxa Cuesta izan dira. Ekoizpena ere Euskal Herrian eta Argentinan egin da: Pausokak, Prisma Cinesek eta Oeste Filmsek egin baitute, beste hainbat laguntzailerekin batera. Datorren ostiralean estreinatuko da filma Euskal Herriko eta Espainiako zinema aretoetan. Zuzendariak gogoa du El vasco atzerrian ere zabaltzeko: «Istorio unibertsala da. Euskal topiko batzuk daude, baina edozein tokitan uler daiteke», esan zuen BERRIAri eskainitako elkarrizketan.

'EL VASCO'
Zuzendaria. Jabi Elortegi.
Aktoreak. Joseba Usabiaga, Itziar Aizpuru, Eduardo Blanco, Ines Efron, Laura Oliva, Analia Juan.
Herrialdea. Euskal Herria-Argentina.
Gidoia. Xabi Zabaleta eta Arantxa Cuesta.
Iraupena. 100 minutu.
Generoa. Komedia.
Urriaren 7an estreinatuko dute Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.