Datorren asteko estreinaldiak

Askoren ametsa bete zuen pertsona

Neil Armstrong astronautaren biografia egin du Damien Chazelle zuzendariak 'First Man' pelikulan

Damien Chazellek ondo ezagutzen duen aktore bat aukeratu zuen Neil Amstrongena egiteko: Ryan Gosling. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Gutxienez, AEBek bi Armstrong famatu eman dizkiote munduari. Bata Tour guztiak irabazi nahi zituen txirrindulari tranpatia izan zen eta bestea, Ilargia zapaldu zuen lehenengo gizona.

Neil Alden Armstrong zuen izena, 1930. urtean jaio zen, eta, ingeniaria izateaz gain, militarra ere bazen. Astronauta egin, eta Apolo 11 espaziontzi ospetsuko misioan parte hartu zuen. Horrela, 1969ko uztailaren 20an mundu osoak telebistaz ikusi ahal izan zuen Armstrongen balentria, bera izan zen satelitea zapaldu zuen lehen pertsona.

Buzz Aldrin bidaia kidearekin batera, bi ordu inguruko txangoa egin zuen Ilargiaren gainean. Paseotxoa egiteaz gain, historia liburuetarako gelditu den esaldia bota zuen Neil Armstrongek: «Gizakiarentzako urrats txikia da, baina gizateriarentzako jauzi handia».

Oscar saridunak

Biopic bat da First Man, Armstrongen inguruko biografia. Pertsonaia ezaguna da AEBetan, baina ez da batere erraza izan hari buruzko pelikula aurrera ateratzea, eta hamabost urte baino gehiago behar izan dute proiektua gauzatzeko.

2003. urtean, Clint Eastwood aktore eta zuzendariak JamesR. Hansenen First Man: The Life of Neil Amrstrong liburuaren eskubideak erosi zituen. Ordurako, Eastwoodek egina zuen espazioan girotutako beste film bat, Space Cowboys. Pelikula egiteko aukera aztertzen hasi, baina azkenean asmoa ez zen gauzatu, eta proiektua bazterrean gelditu zen.

Hala egon zen, harik eta orain dela urte pare bat zuzendari gazteago batek interesa agertu zuen arte. Damien Chazellek dezenteko arrakasta lortua zuen ordurako Wiplash filmarekin. Hala ere, 2016an etorri zen bere kontsakrazioa: La la Land-ek ez zuen bakarrik genero musikala berpiztea lortu, leihatilan harrera ezin hobea eskuratu zuen. Baita sariak ere, sei Oscar sari eskuratu baitzituen filmak.

Ekoiztetxearen oniritzia jasota, Chazelle First Man izanen zenaren proiektuan lanean hasi zen. Oscar saria irabaztea zer den badakien beste pertsona bat aritu zen gidoia idazten: Josh Singer, hain zuzen. Gidoilariak 2015eko Oscar saria irabazi zuen, Spotlight pelikularako idatzi zuen gidoiagatik.

Neil Armstrongena egiteko, berriz, Chazellek ongi ezagutzen duen aktore batengana jo zuten, Ryan Goslingengana. Aktoreak eta zuzendariak La la Land-en egin zuten lan, eta, itxura denez, ongi moldatu ziren. Horiek horrela, Goslingek astronautaren errutinak eta mugimenduak nolakoak diren ikasi behar izan zuen.

First Man aurtengo Veneziako zinemaldian aurkeztu zuten; inaugurazio pelikula izan zen bertan. Gero ailegatu zen Donostiakora, Ryan Goslingen bisitarekin eta guzti.

AEBetan, pelikularen estreinaldiak polemika garratza eragin du. Izan ere, pelikulak ez du jaso Armstrongek eta Aldrinek herrialde horretako bandera Ilargian jartzen duten mementoa. Sektore eskuindarrenek, Trump bera buru zutela, iraingarritzat hartu dute hori, eta adierazi dute pelikula «antiamerikarra» dela.

'FIRST MAN'

Zuzendaria. Damien Chazelle.

Aktoreak. Ryan Gosling, Jason Clarke, Claire Foy, Kyle Chandler, Corey Stoll.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018.

Iraupena. 133 minutu.

Generoa. Abenturazkoa.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.