Datorren asteko estreinaldiak

Artista izaten segitu nahi duen zinemagilea

1980ko hamarkadako 'Widows' telesailaren moldaketa egin du Steve McQueen zinema zuzendari britainiarrak

Lau emakume dira Steve McQueenek zuzendutako filmaren protagonistak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Laburra izanagatik ere, Steve McQueen zuzendariak jakin izan du orain arte arrakastaz beteriko ibilbide zinematografikoa egiten. Arte ikasketak egin ondoren, zuzendari britainiarrak bideo laburrak eta irudi-collageak egin zituen; museoetarako instalazioak ziren. Zeregin horretan ere oso harrera ona izan zuen bere lanak, eta 1999. urtean Turner saria irabazi zuen.

2008an, ordea, beste norabide bat hartzea erabaki zuen. Industria zinematografikoan murgildu eta Hunger pelikula aurkeztu zuen. Drama gogorra zen filma: Bobby Sandsek eta IRAkobeste preso politiko batzuek 1981. urtean Mazeko espetxean egin zuten borrokaldia kontatzen zuen.

Gaia delikatua zen oso, are gehiago ekoizpen britainiarra izanda, baina McQueenen pelikulak oso harrera ona izan zuen. Cannesko zinemaldian aurkezteko aukera izan zuen, eta zuzendari hasiberririk onenari ematen zaion Camera d'Or saria eskuratu zuen. Beste hainbat zinemalditan ere sariak jaso eta kritika onak lortu zituen pelikulak.

Horrekin batera, Hunger-ek Michael Fassbender aktorea munduan ezagutarazteko balio izan zuen. Interpretazio aparta egin zuen ordura arte Britainia Handiko telesailetan aritu izanagatik ezaguna zen aktorea. Hunger McQueen eta Fassbenderen arteko elkarlan emankorraren hasiera izan zen.

Bigarren filmari heltzeko orduan, McQueenek erakutsi zuen ez ziola beldurrik gai arantzatsuak lantzeari, eta sexu-mendekotasunean jarri zuen jopuntua. Gai ezezagun eta morbosoa, hori izan zen Shame bigarren pelikularen gai nagusia.

Berriro ere Michael Fassbender izan zuen protagonista, eta, haren ondoan, Carey Muligan. Zeresan handia emateaz gain, zinemagile britainiarraren bigarren pelikula horrek ere oihartzun handia lortu zuen.

Oscar sariak

Hirugarrenerako, AEBetara jo zuen, eta harekin lortu zuen McQueenek erabateko onespena. Ziurrenik, 12 Years a Slave ez dubere pelikularik biribilena, baina estatubatuarren azken urteotako gai kutunetako bat jorratzen du, morroitzarena. Horiek horrela, film aproposa egin zuen Oscarretarako, eta halaxe izan zen, hiru estatuatxo irabazi zituen, horien artean pelikularik onenarena. Bafta sarietan ere sari bera lortu zuen filmak.

Hiru pelikula horiek ospe handia eman diote Steve McQueeni eta, horren ondorioz, bere laugarren filma patxada handiz prestatzeko aukera izan du. Hain zuzen ere, Widows 1980ko hamarkadako izen bereko telesail britainiarraren moldaketa zinematografikoa da.

Lau emakume dira protagonista. Negozio ilunetan zebiltzan senarren herentzia jasoko dute, ez da oso diru garbia, eta hura nola kudeatu erabaki beharko dute. Lehenengo aldiz Fassbender gabe, McQueenek goi mailako aktore taldea elkartu du thriller honen inguruan, horien artean Robert Duvall beteranoa.

'WIDOWS'

Zuzendaria. Steve McQueen.

Aktoreak. Viola Davis, Michelle Rodriguez, Elizabeth Debicki, Cynthia Erivo, Colin Farrell.

Herrialdea. Britainia Handia.

Urtea. 2018.

Iraupena. 128 minutu.

Generoa. Drama.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian; eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.