Datorren asteko estreinaldiak

Espaziotik ihes egiterik ez duten presoak

Afrikatik urrundu, eta mundu berriak bilatu ditu Claire Denis zuzendariak 'High Life' azken pelikularekin

Juliette Binoche eta Robert Pattinson aktoreak filmeko eszena batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Ez da atzo sortutako proiektua High Life-ena. Duela sei urte, Claire Denisek emakumezko zuzendarien proiektu batean parte hartzeko gonbita jaso zuen. Hainbat film egin behar zituzten, denak emakumezkoek zuzenduak, eta hura zer izaten ahal zen pentsatzeari ekin zion.

Orduan, espazioan gertatuko zen istorio batekin lanean hasi zen zuzendari frantziarra, harkberak argitu duenez: «Hau ez da zientzia fikzioko film bat, espazioan gertatzen den pertsonen gorabeheren inguruko istorio bat baizik».

Argi zuen zein aktore nahi zituen bi rol protagonistetarako: Philip Seymour Hoffman eta Patricia Arquette. Azkenean, baina, ez bata, ez bestea. Lehena modu tragikoz hil zen, eta Arquettek ezin izan omen zuen pelikularako tarte bat aurkitu.

Proiektua atzeratzen ari zen, eta, bitarte horretan, Denisi Robert Pattinsonen izena proposatu zioten, Seymour Hoffman ordezkatzeko. Zinemagileak, baina, ez zuen argi ikusten; gazteegia eta ederregia zela uste zuen. Nolanahi ere, harekin elkarrizketa pare bat izan ondoren, guztiz aldatu zuen iritzia: Pattinson ezin egokiagoa zen.

Emakumezko protagonistaren hautaketa errazago izan zuen. Juliette Binochekin Un beau soleil intérieur filmatu berri zuen, eta, proiektu hura amaitu bezain laster, elkarlanean segitzea erabaki zuten. Esperientzia ona izan zuten biek ala biek ,eta errepikatzea erraza izan omen zen.

Kolonialismoaren miseriak

High Life pelikula sailkaezina da. Arrazoia du zuzendariak: ez da zientzia fikzioa, espaziontzi batean gertatzen den film metafisiko eta dramatiko bat baizik. Hainbat zinemalditan ikusi ahal izan da—besteak beste, Donostiakoan, non sail ofizialean parte hartu zuen—, eta muturreko erreakzioak eragin ditu: batzuk erabat zoratu ditu, eta kontrako iritzi gogorrak ere jaso ditu.

Esperimentu batean parte hartzen ari den preso talde bat da istorioko protagonista; horietako bat da Monte, bere borondatearen kontra alaba bat izan zuena. Espaziontzian, tentsioa eguneroko ogia da, eta Monte aldatuz joanen da, alabarekiko maitasunak bultzatuta.

Argi dagoena da High Life norabide aldaketa handia dela Claire Denisen ibilbide zinematografikoan. Orain artean, zuzendaria drama ilunetan murgildu izan da, eta gizakiaren pasio intimoak izan ditu kontagai.

Afrikak leku berezia du haren filmografian; hura izan da kolonialismo garaikidea hobekien islatu duen zuzendarietako bat. Horren lekuko argiak dira 1988ko Chocolat, 1999ko Beau Travail eta 2009ko White Material.

Horiez gain, beste hainbat pelikula interesgarriz dago osatuta zinemagile frantziarraren filmografia: Les Salauds, 35 Rhums edo L'Intrus, besteak beste.

Orobat, oso deigarria da Stuart Staples musikariarekin eta Tindersticks taldearekin urteetan egin duen elkarlan emankorra, High Life-n ere haien musika hipnotikoa entzuteko aukera dago.

'HIGH LIFE'

Zuzendaria. Claire Denis.

Aktoreak. Robert Pattinson, Juliette Binoche, Mia Goth, Andre Benjamin, Lars Eidinger.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018.

Iraupena. 110 minutu.

Generoa. Zientzia fikzioa.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.