Datorren asteko estreinaldiak

Eta Gloria estatubatuar bihurtu zen

Sebastian Lelio zinema zuzendariak bertsio bat egin dio duela sei urte egindako bere film arrakastatsuari

Julianne Moore aktoreak egiten du Gloriaren rola, Gloria Bell filmean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Normalean, AEBetatik kanpoko filmekin gertatu ohi da: arrakasta izan, eta estatubatuarrentzako moldatutako bertsioa behar izaten dute. Gehienetan, beste zuzendari batek hartu ohi du filma berrituaren ardura; bakar batzuetan, ordea, bestela gertatzen da: zuzendari berak egiten du filmaren remake edo bertsio berritua.

Sebastian Lelio ez da lehena hori egiten, eta ez da azkena izanen. Denboran oso urrutira joan gabe ere, hor da Michael Hanekek egin zuena: 1997. urtean, jatorrizko Funny Games austriarra egin zuen, eta, handik hamar urtera, AEBetako merkaturako bertsioa egin zuen, Michael Pitt, Naomi Watts eta Tim Rothekin.

Lehenengo Gloria 2013ko filma da. Txileko ekoizpena, aurrekontu txikikoa, zinemaldiz zinemaldi oihartzuna lortuz joan zena. Tartean, Donostiakoan, bertan izan baitzen urte hartako edizioan. Txaloekin batera, sariak ailegatu ziren, bai filmarentzat, bai Paulina Garcia protagonistarentzat ere.

Dantza eta kanta

Nolabaiteko arrakasta horrek beste aukera batzuk eman zizkion Sebastian Lelio zuzendariari. Horrela, hurrengo proiektua, Erresuma Batuko ekoizpen bat izan zen; Disobedience zuen izena, eta Rachel Weisz eta Rachel McAdams zituen rol nagusietan. 2017an estreinatu zen, eta, kritika onak izan arren, filma nahiko oharkabean pasatu zen.

Kontua da, urte berean, Leliok Txilen egindako beste film bat estreinatu zuela: Una mujer fantástica. Berlingo zinemaldian aurkeztu zenetik, transexual baten inguruko istorioak sari ugari eskuratu zituen; besteak beste, ingelesez besteko film onenarena. Horrekin, beste bultzada bat jaso zuen Lelioren ibilbideak, etaAEBetako ateak parez pare zabaldu zitzaizkion.

Han egin duen lehendabiziko filma Gloria Bell da, 2013an estreinatu zuen Gloria haren bertsio estatubatuarra. Istorioa zertxobait moldatu, Los Angelesera lekualdatu, eta sona handiko aktoreekin lan egin ahal izan du zinemagileak. Haren esanetan, 2013an estreinatu zenean, bere garaiei aurreratu zitzaien film bat izan zen Gloria, eta horregatik egoki iruditu zaio beste aukera bat eskaintzea istorioari.

Errutinazko lan bat egiten du Gloriak, baina, lantokitik ateratzen denean, hiriko dantzalekuetan kantatzea eta dantzatzea maite du. Horretan ematen ditu gauak, eta, halako batean, Arnold ezagutuko du. Harekin harremanetan hasi, eta bizimodua goitik behera aldatuko du.

Julianne Moore aktore ezagunak hartu dio lekukoa jatorrizkoan Gloriaren rola egiten zuen aktoreari, Paulina Garciari. Arnoldena, berriz, beste aktore beterano batek egin du, John Turturrok. Gloria Bell egin aurretik, biek beste film batean elkarrekin egin zuten lan, Coen anaien The Big Lebowski ezagunean.

'GLORIA BELL'

Zuzendaria. Sebastian Lelio.

Aktoreak. Julianne Moore, John Turturro, Michael Cera, Jeanne Tripplehorn, Holland Taylor.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018.

Iraupena. 102 minutu.

Generoa. Drama.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.