Datorren asteko estreinaldiak

Zineman ez da bikote ezinezkorik

Charlize Theron eta Seth Rogen aktore ezagunak dira 'Long Shot' komediaren protagonistak

Charlize Theron eta Seth Rogen aktoreak eta filmeko protagonistak, Long Shot-eko eszena batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Bizitzak berak bezala, batzuetan zinemak bikote bitxiak sortzen ditu, eta, dudarik gabe, Long Shotfilma horren adibide garbia da. Seth Rogen eta Charlize Theron dira bi protagonista nagusiak; aktore ezagunak dira biak, baina oso ibilbide diferenteak izan dituzte.

Rogen komediaren erregeetako bat izan da, eta Theron drama gordin askotan egin da ezaguna. Oraingoan, baina, proiektu zinematografiko berean egotea tokatu zaie.

Seth Rogenek ez du lortu bere belaunaldiko hainbat aktorek —Ben Stiller, Will Ferrell, Owen Wilson, Jack Black, Steve Carrell...— lortu duten onarpen maila, baina azken urteotako komedia estatubatuarraren ezinbesteko osagaia izan da.

Gaztetik ezagutu zuen arrakasta, Freaks & Geeks telesail ezagunaren protagonistetako bat izan baitzen. Telebistatik zinemara egin zuen salto, komedia estatubatuar garaikidearen izen handi bati esker: Judd Apatow. Harekin, The 40-Year-Old Virgin egin zuen, 2005ean, eta film horrek oihartzun handia lortu zuen. Hurrengo urteetan, Apatowrekin lanean segitu zuen, eta, elkarrekin, Knocked Up eta Funny People egin zituzten.

Theron, drametan trebatua

Rogenek ez ditu aktore lanak bakarrik egin: hainbat filmetako gidoiak idatzi, ekoizle lanak egin, eta komedia pare bat ere zuzendu ditu, Evan Goldbergerekin. Animazio filmetan ere ohikoa da haren ahotsa entzutea.

Bestelako bidea da Charlize Theronek segitu duena. Hegoafrikan jaio zen, eta AEBetara jo zuen modelo lanak egitera. Hainbat urtez zeregin horretan ibili ostean, zineman rol txikiak jokatzen hasi zen. Hasiera batean, ez zuen zorte handirik izan, harik eta 1997an The Devil's Advocate filma egin zuen arte, Al Pacino eta Keanu Reevesekin.

Hortik aurrera, ibilbide gorabeheratsua izan du, baina zenbait film garrantzitsutan parte hartu du: Celebrity, The Cider House Rules, The Italian Job, The Road, Young Adult... Nolanahi ere, 2003an iritsi zen bere ibilbide zinematografikoaren gailurrera, Monster film gogorrarekin. Bertan egin zuen lanak emakumezko aktore onenaren saria eman zion.

Jonathan Levineren Long Shot filmean, bi aktore horiek elkarrekin egin dute lan lehen aldiz; nahasketa berezia, baina erakargarria. Aurretik, Levinek eta Rogenek elkarrekin egin zuten lan, 2011ko 50/50 komedian.

Charlotte Field munduko pertsonarik boteretsuenetako bat da, eta bere herrialdeko presidentea izateko prestatzen ari da. Halako batean, Fred Flarsky sartuko da berriro haren bizitzan; Flarsky gaztaroko lehen amodioa izan zen. Fieldek oso gustuko du haren izaera ezohikoa, eta bere lantaldean hastea proposatuko dio. Izaera guztiz desberdinak dituzten arren, laster berpiztuko da bien arteko erakarpena.

'LONG SHOT'

Zuzendaria. Jonathan Levine.

Aktoreak. Seth Togen, Charlize Theron, O'Seha Jackson Jr., Andy Serkis.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2019.

Iraupena. 120 minutu.

Generoa. Komedia erromantikoa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.